2024-12-23
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaBea Martxueta: "Lanaren, bizitzaren eta pentsioen prekarietatearen kontrakoak diren aurrekontuak behar ditugu"

Bea Martxueta: “Lanaren, bizitzaren eta pentsioen prekarietatearen kontrakoak diren aurrekontuak behar ditugu”

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok elkarretaratze bat egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak premiazkoak diren baldintzak betetzen ez dituela salatzeko. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu du hitza, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez duela inongo borondaterik bestelako politika publikoak egiteko.

LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak ez du inolako borondate politikorik bestelako politika publikoak egiteko, alegia, aberastasunaren banaketa justua bermatuko dutenak, kalitatezko enplegua sortuko dutenak eta babes sozial publiko eta kalitatezkoa eraikiko dutenak".

Martxuetaren iritziz, Jaurlaritzak borondate politikorik izan ez arren, "jakin badakiguna da, eta aste honetan ikusi duguna da, dirua egon badagoela, lehentasun kontua dela zelan banatzen den eta hemen kokatzen duguna da bi politika mota. Batetik, ekarpenak, politika fiskala. Beti esan izan dugu bestelako politika fiskala behar dugula, gehien dutenek ordaindu behar dute gehien. Bestetik, aurrekontuak, gastuak. Lanaren, bizitzaren eta pentsioen prekarietatearen kontrakoak diren aurrekontuak behar ditugu, jendartearen bizi eta lan baldintzak hobetzeko eraginkorrak izango direnak".

Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren irakurketari dagokionez, hauxe da gaurko mobilizazioaren harira osatutako oharra:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta azken urteetan mobilizatu izan da aurrekontu sozial, parte hartzaile eta subiranoen alde, eta salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek ez dituztela baldintza horiek inola ere betetzen.

Joan den martxoan Gasteizen egindako ekitaldian esan genuen “badira alternatiba sozialak, baina gure agintariek ez dute borondate politiko horiek gauzatzen. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren ikusirik, argi dago akordio horretan ikuspuntu sozialetik ez dagoela akordioa iristeko aukerarik”.

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuproiektua bide beretik doa: bere helburua da zerbitzu publikoak eraisten jarraitzea. Gastu arauak agintzen du aurrekontu konputagarria gehienez %2,7 nominala gehitu daitekeela; horregatik, sortzen den aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratuko da aurrekontura. Azpiazu sailburuak esan duenez, gastuarauak eskuak lotzen dizkie, baina haren helburuarekin bat datoz.

Horrenbestez, Gasteizko ekitaldian egin genituen proposamenak berresten ditugu:

1. Aldaketa soziala. Politika publikoak goitik behera aldatzea nahi dugu, behar dugu: aberastasunaren banaketa, kalitatezko enplegua sortzea; politika publikoen oinarri bizitza iraunkorra, askatasunaren eta eskubide kulturalen defentsa izan behar dira.

2. Zerga-erreforma sakona galdegiten dugu; gehiago dutenek gehiago ordain detzatela.

3. Aurrekontuek genero ikusmoldea izatea ezinbestekoa da.

4. Osasun eta Hezkuntzako inbertsio publikoa (BPGarekiko) europar batez besteko mailarekin parekatu.

5. Energiaren produkzio eta merkaturatzean kontrol publikoa ezarri.

6. Gelditu egin behar dira Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, gasa erauzteko plantak… Naturaren eta gure osasunaren kalterako proiektuak dira, dirua xahutu eta gure aurrekontuetako poltsa komuna husten dutelarik; eztabaida sozial partehartzailea
bultzatu.

7. Babes sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu; bizitzaren iraunkortasuna izango da nahi dugun jendarte-ereduaren ardatza.

8. Herritar guztiei oinarrizko eskubide sozialak bermatu, inolako diskriminaziorik gabe, eta lehentasuna emanez egoera sozial larrienean daudenei.

9. Azken bururaino eraman beharreko auditoritza egin.

10. Aurrekontu partehartzaileak aldarrikatzen ditugu; herritarrek parte hartuko dutela bermatu behar da, politika publikoak diseinatu eta erabakitzerakoan.

11. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari zor zaie erabaki ekonomikoak hartu eta eredu sozialari buruz ebazteko eskubide subiranoa.

Eskubide Sozialen Kartak jendarte eredu horren aldeko konpromisoa hartu du pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri-Ekimen Legegilea bultzatuz.

51.000 lagunek sinadura eman dugu HEL horren alde. Eta konpromiso honi esker derrigortu egin dugu Eusko Legebiltzarra gure ekimen legegilea eztabaidatzera; ekimenak prestazio sozialetan hobekuntza nabarmenak proposatzen ditu (Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan eta Gizarte-Larrialdiko Laguntzetan); halaber, benetan aitor dadila alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea.

Proposamen konkretuak egin ditugu, esaterako, DSBEaren zenbatekoari buruz, bakarrik bizi diren pertsonei LGSaren %100eko sarrerak bermatzeko; bizikidetza-unitateko pertsona gehigarri bakoitzeko %50 gehiago litzateke. Horrek esan nahi du gure eskaria hau dela: 2019an bakarrik bizi den pertsona batek hilean 1.050 euroko sarrerak izatea,12 pagatan. Jendearen diru-sarrerak duinak izatea nahi dugu, pobreziari aurre egiteko eta lan prekarietatea desagerrarazteko.

Egin dugun beste eskari bat da alokairu sozialeko etxebizitza izateko aukera eskubide bilakatzea, zeina ezin den prestazio sozial baten bidez ordezkatu. Gaur eskubide hori jende gutxiri aitortzen zaio, eta praktikan gehienez hileko 250 euroko laguntza ekonomiko bat ematen da haren ordez. Ezagutzen al du baten batek hilean 250 euro ordainduta zer aloka daitekeen? Honetaz gogoeta egin beharko genuke.

Gure aldarrikapenak oso apalak dira. Ez gara ilargia eskatzen ari, edonorentzako bizileku bat eta gutxieneko diru-sarrerak baizik.

Esan bezala, lortu dugu Legebiltzarrean HEL hori eztabaidatzea. Baina ez da aski. Duela hilabete batzuk beste herri-ekimen bat, eskola inklusiboaren aldekoa, iritsi zen parlamentura. Baina lehenengo bilkuran EAJk, PSE-EEk eta PPk bozkatu zuten ez zedin tramitera onartu. Hau da, zakarrontzira bota zuten edukiak eztabaidatzen hasi ere egin gabe. Talde horietxek gure ekimenarekin gauza bera egiteko tentazioa izan dezakete, baina ez diegu utziko. Talde guztiei exijituko diegu babesa eman diezaiotela, petatxorik eta amarrurik gabe.

Badakigu mobilizazioa eta borroka dela politikak aldarazteko bide bakarra; hori egingo dugu. Horretan ari dira pentsiodunak ere; horregatik ari gara haien borroka babesten. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere arrazoizko helburua da. Larunbat honetako manifestazioetan haiekin bat gatozela adieraziko dugu. Kalean jarraituko dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...