2025-04-25
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaEskubide sozialen aldeko manifestaziora joateko deia luzatu du euskal gehiengo sindikalak

Eskubide sozialen aldeko manifestaziora joateko deia luzatu du euskal gehiengo sindikalak

Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak larunbaterako antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek ohartarazi du pobrezia arriskuak eta pobreziak berak gora egin dutela, eta neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari: “Bitarteko ekonomiko nahikoak daude Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta indartzeko”.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako manifestazioa larunbatean izango da Bilbon, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Deialdiak hainbat eragileren babesa jaso du, euskal gehiengo sindikalarena barne. Hain zuzen ere, sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur eskubide sozialen aldeko mobilizaziora joateko deia luzatzeko. 

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du: “Egiten den aurrekontu politikarekin, eta Diru-sarrerak Bermatzekio Errentaren kontrako politika iraunkorra kontutan hartuta, argi eta garbi esan behar dugu babes sistema suntsitzen ari direla, likidatzen ari direla. Emaitza: pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari dira, neurririk gabe”.

Etxaidek adierazi du Eusko Jaurlaritzak “gezurra” esan zuela murrizketarik gabeko aurrekontuak iragarri zituenean: “Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan egin dituzten murrizketak bistakoak dira: %8, PSEeren garaian; %7, orain. 2009. urteaz geroztik, ez dute inoiz Lanbide arteko gutxieneko soldataren bilakaerarekin parekatu”. LABeko ordezkariaren hitzetan, “jendea pobreziaren arriskutik ateratzeko bi tresna daude: prestazioak eta zerbitzu publikoak. Bietan atzera egiten ari dira, Jaurlaritzaren ekimenez”.

Etxaidek gogora ekarri du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta mobilizazio eta borroka sozialaren emaitza dela: “Bere garaian Euskal Herriak nuklearrik gabe bizi nahi genuela erabaki zuen bezala, pobreziarik gabeko lurraldea izan nahi dugula erabaki genuen. Urratsa babes sistema indartzea izan zen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez”.

Honela gauzak, larunbateko manifestaziora joateko deia egin du LABeko ordezkariak, agerraldian izan diren beste sindikatuetako kideek bezala.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai Orokorrean

Euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza zein lanpostutan baloratuko den jasotzen duen plantillaren aldaketa, ordea, aurrera atera da, bertan zeuden sindikatuetako bakar baten babesik gabe.

[IRITZIA] Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Jarraian irakur dezakezue Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearen eta Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako kideen artikulua.

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.