Horri erantzuten diote azken urteotan jasan ditugun hainbat eta hainbat neurri errepresibo: terrorismo kontzeptuaren erabilpen maltzurra, esaterako Altsasuko gazteen kontra; Andaluziako Bodalo eta Euskal Herriko Rafa, Urtzi eta Telle borrokalari sozialen espetxeratzea; edota sindikalismoa indargabetzeko askotariko neurriak, hala nola, negoziazio kolektiboaren ahultzea, sindikatu borrokalarien Confebasken ilegalizazio saiakera edota borroka sindikalaren kontrako isun eta epaiak.
Mozal Legea mugarri izan da biltzeko, adierazteko eta mobilizatzeko askatasunen kontrako erasoaldi horretan. Bi urtetan, 11.000 zigor espediente baino gehiago ireki dira euskal herritarren kontra Mozal Legea erabiliz. Bien bitartean, iruzur fiskala eta ustelkeria oso merke edo doan ateratzen zaie dirudunei.
Gero eta estatu ustelagoa eta injustuagoa, orduan eta errepresio handiagoa. Arau horri jarraitzen dio Espainiako estatuak. Eta horren aurrean planto egitea proposatzen diegu euskal langileei; planto bai Mozal Legeari, baita Mozal Legearen beharra duen estatu ustel eta injustuari. Eraiki dezagun eskubide sozialak eta askatasun demokratikoak oinarri izango dituen estatu propio bat.