2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEskola-jangela berriak diseinatzeko, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea exijitu diogu Eusko Jaurlaritzari

Eskola-jangela berriak diseinatzeko, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea exijitu diogu Eusko Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarraren legegintzaldiaren amaierarekin eta honek Eusko Jaurlaritzari eskola-jangelen eredua aldatzeko emandako epearen amaierarekin kointzidituz, familiek, langileek, ekoizleek eta eragile sozial eta sindikalek osatzen dugun "Gure Platera Gure Aukera" ekimenak agerraldia egin du. Bertan, egungo egoera baloratu dugu eta etorkizunerako proposamenak egin ditugu.

Hauxe da gaurko agerraldiaren harira osatutako adierazpena:

Familiek, langileek, ekoizleek eta eragile sozialek osatutako ekimena da "Gure Platera Gure Aukera". Bere helburua da eskola-jantoki osasuntsuagoak eta jasangarriagoak lortzea.

Azken urteetan ehundaka pertsonek egindako lanari esker, kasu askotan boluntarioa, gaur egun eskola-komunitateak sentsibilizatuta daude jangela osasuntsuagoak eta jasangarriagoak lortzeko beharraz.

Gero eta eskola-komunitate, eragile sozial eta politiko gehiago daude aldaketaren alde, eta proposamen eraldatzaileak egiten ari dira gure seme-alabek ez ditzaten jan catering enpresa handiek euren platerretan jartzen dituzten elikagaiak.

Elikadura osasuntsua eta jasangarriarekin kontzientziatuta dagoen gizartea daukagu, eta bereziki eskola-jangelak duen hezkuntza-balioaz. Iritzi berbera dauka Eusko Jaurlaritzak?

Iruzurra eskola-jangeletan
Gaur egun eskola-jangelak kudeatzen ari diren catering enpresak zazpi milioi eurotik gora ordaintzera zigortuak izan dira merkatua banatuz iruzur egiteagatik diru publikoari, familiei, langileei eta elikagaien kalitateari. Sistemak ez du funtzionatzen, argi dago.

Eusko Jaurlaritzako jantoki-batzordea
2018an, aldarrikapen historiko bati kasu eginez, eskola-jantokien batzordea martxan jarri zuen Hezkuntza sailak. Bertan parte hartu genuen langile, familia eta zuzendaritzek. Urte oso bateko lanaren ondoren, edukirik gabeko aldebakarreko proposamena egin zuen Hezkuntza sailak: nahi zuten IGE-ek euren gain hartuko zuten jangelen kudeaketa osoa. Hezkuntza-komunitate osoak proposamen honen aurka egin zuen, besteak beste ez dagokielako familiei Administrazioari dagokion hezkuntza-eremu publiko baten kudeaketa.

2019ko urriko akordioa Legebiltzarrean
Urriaren 24ean Eusko Legebiltzarreko partidu guztiek 4 hilabeteko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari jantokien plegu berriak inplikatutako eragileekin kontrastatzeko eta beste eredu deszentralizatu batzuk aztertzeko. Horretaz gain, datorren ikasturterako araudi berri bat egitera premiatu zuten, kalitatea eta segurtasuna bermatuz baita lan-baldintzak ere, eta sukaldeak egitera hala eskatzen zuten ikastetxeetan.

Eta nola gaude orain?
Bestelako kudeaketa ereduak eta araudi berria. Hezkuntza-komunitateek eta eragileek hainbat proposamen egin dituzten arren, gaur egun Eusko Jaurlaritzak ez du ipini mahai gainean alternatibarik catering enpresa handien kudeaketari. Ez dago ere proposamenik egungo araudia aldatzeko.

Kontratu berria. Azaroaren amaieran Hezkuntza sailak kontratu berriaren zertzelada gutxi batzuk aurkeztu zizkion soilik EHIGE-ri, familien ordezkari den heinean. EHIGE-k erantzun zion aldaketek ez zutela zerbitzua funtsean hobetuko. Gainontzeko eragileek (langile, etabar) ez dute informaziorik jaso. Gaur egun ez dakigu zeintzuk diren Hezkuntza sailaren asmoak.

Sukaldeen eraikuntza. 2019-2013 Azpiegituren Planak zazpi sukaldeen eraikuntza jasotzen du beste hainbat ikastetxetan. Eskaera gehiago ba daude eta Hezkuntza saila berauek aztertzen ari da baina gaur egun ez dago konpromiso argirik.

Eta egoera honetan, zer proposatzen dugu?
Alde batetik, gure prestutasuna agertu nahi dugu, berriro ere, eskola-jangela osasuntsuagoak eta jasangarriak lortzeko. Bestalde, zera eskatzen diogu Hezkuntza sailari:

• Berma dezala eskola-jantokia hezkuntza-eremua izango dela, eta ez soilik gure seme-alaben elikadura eta zaintza zerbitzu hutsa, dagozkion lan-baldintzekin, eta orain arte bezala Hezkuntza sailaren baitan.

• Ikastetxe publikoen erabaki-ahalmena handitu dezala, nahi duten jangela mota aukera ahal izan dezaten. Horretarako beharrezkoa da kudeaketa osagarrirako proposamen errealak eta bideragarriak egotea.

• Elikadura osasuntsua eta jasangarria, hala nola lan-baldintzak bermatuko dituen plegu berriak egin ditzala.

• Sukaldeak eraiki ditzala posible den ikastetxeetan.

• Elikadura erdigunean ipini dezala, bestelako edozein helbururen gainetik.

"Gure Platera Gure Aukera" ekimenetik exijitzen eta pausuak ematen jarraituko dugu eskola-jangela osasuntsuak, jasangarriak eta hezitzaileak lortzeko, gutxienez egungo lan-baldintzak bermatuko dituztenak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...