2024-12-23
InicioNotasGreba OrokorraZerbitzu Publikoak Alarma Gorrian! Murrizketarik ez! Zerbitzu publikoak garatu! Lan erreformari aurre...

Zerbitzu Publikoak Alarma Gorrian! Murrizketarik ez! Zerbitzu publikoak garatu! Lan erreformari aurre egin!

Duela hainbat hilabetetik hona mobilizatzen ari gara murrizketen inposizioaren aurka eta zerbitzu publikoak indartzea aldarrikatuz, EAEn zein Nafarroan. Gobernu ezberdinak, botere ekonomiko eta patronalei erabat men eginez, doktrina neoliberala inposatzen ari dira, krisia sortu dutenen mesedetan gizarte osoa pobretuz.

Zor publikoa ordaintzeari erabateko lehentasuna ematea eta Espainiako gobernuak ezarritako defizit publikorako mugak onartzea, gizarte-gastua eta inbertsio publikoa murriztuta, erabaki zeharo antisoziala da, onartu ezinekoa. Halaber, halako erabakiak gure erakundeetan inposatu nahi izatean eta Hego Euskal Herrian ditugun eskumenei uko egitearekin eraso egiten zaio gure erabakitzeko eskubideari, hots, zer nolako politika publikoak garatu nahi ditugun ebazteko aukerari.

Kalitateko zerbitzu publiko unibertsalen aldeko borroka bidezko gizarte baten aldeko borroka da, baina botere ekonomikoak ez du halako gizarterik nahi.

Zerbitzu publikoei egindako eraso jarraitu honek gizarte guztiari kalte larria eragiten dio, eta gainera euretan lan egiten dutenen baldintzak etengabe okertzen ditu.

• Azken bi urteotan zerbitzu publikoetako langileok gure erosteko ahalmenaren %10 eta %13 bitartean galdu dugu, sektorearen arabera. Honi beste galera bat gehitu behar zaio, administrazio batzuk Itzarrirako eta Elkarkidetzarako ekarpenak ez egitea erabaki baitute.
• Zerbitzuak murriztu dira, eta ordezkapenak hein handi batean ez dira egiten. Horrenbestez, nolabait era jarraian lan egiten ari zen milaka lagun enplegurik gabe dago; hots, ezkutuan kaleratze kolektibo handi bat egin dute.
• Zerbitzu publikoetako langileen izena zikintzeko kanpainan urrats bat haratago joan dira, eta aldi baterako ezintasunari zegozkion osagarrien zati handi bat ezabatu dute, baita erretiroarekin eta adinarekin zerikusia duten beste ordainsari batzuk.
 

Euren burua zuritzeko, administrazio eta gobernuek sasi-negoziazioak egitea proposatzen dute, hartutako erabakiei nolabaiteko zilegitasun itxura emate aldera. Hemen gauden erakundeok argi daukagu xantaia hau ezin dela onartu, eta egoera honek irtenbide bakarra duela: murrizketak salatzea, alternatibak gizartean zabaltzea eta, politikak aldatzera behartzearren, antolatzea eta mobilizatzea.

Azken hamarkadetan erakundeek proposatutako erabaki eta erreforma guztien ondorioz aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa ari da bilakatzen; pertsona gutxi batzuk gero eta aberatsago diren artean, gizartearen zatirik handiena txirotzen ari da.

Gure instituzioek azken hamabost urteotan fiskalitateari buruz hartu dituzten erabakiekin Euskal Herria paradisu fiskal bihurtu dute. EAEn zerga bidez biltzen den diru kopurua Europar Batasuneko batez besteko mailatik 10 puntu beherago dago, hots, aberatsenen artean 6.500 milioi euro gutxiago biltzen dugu; horrek gizarte-inbertsioa murrizten du eta eskandaluzko iruzur fiskala islatzen du.

Lan-legediaren eta pentsioen erreformek herritar gehienen eskubideak larri urratzen dituzte; negoziazio eta babes kolektiboko bitartekoak ahultzen dituzte; lan-baldintzen banakako negoziazioa bultzatzen dute, eta xede bat dute, lan- eta soldata-baldintzak merkatzea. Neurriokin gauza bakarra lortzen da, enpresarioen eta finantza-botereen indarra areagotzea, orain arte bezala aberastasuna pilatzen jarrai ahal dezaten.

Zerbitzu Publikoen eraispena ere aberastasunaren banaketa injustu horren beste alderdi bat da; batetik, lan-baldintzak narriatzen ditu, eta bestetik, zerbitzu eta prestazioak okertzen ditu edo areago, ezabatzea dakar.

Hain zuzen erreforma laboralak administrazioko laboralen kaleratze kolektiboaren atea irekitzea behargin hauen eskubideekiko neurri oso larria da; honek agerian uzten du zerbitzuak desegiteko helburua eta esparruok pribatizatzeko asmoa.

Zerbitzu Publikoak aberastasuna banatzeko ezinbesteko tresna ditugu; izan ere, unibertsalak eta zerga bidez finantzatuak diren aldetik, oinarrizko beharrizanetan (osasungintza, hezkuntza, herritarrenganako arreta, segurtasuna, larrialdiak, gizarte-prestazioak…) aukerarik izango ez luketen pertsonei zerbitzua eskaintzeko modua baitira.

Beraz, oinarrizko zerbitzu hauek murriztean jende asko enplegurik gabe eta oinarrizko beharrei dagokienez babesik gabe geratzen da; gainera, esparru hauek negozio pribatuaren esku jartzen dira.

Halaber, zerbitzu publikoetan ezarritako murrizketak enpresa pribaturako eredutzat erabili nahi dira, lan- eta soldata-baldintzak merkatzearren.

Horregatik, hemen gauden erakundeok aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa salatzen dugu, eta politika hauek alda daitezela exijitzen dugu:

– Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan eta gizartean oro har eragina duten lege- eta aurrekontu-murrizketak indargabetzea exijitzen dugu. Suntsitu diren zerbitzu publikoak gizartearen esku jarri behar dira berriro, eta langileei murriztutako lan-baldintzak eta soldatak bere onera ekarri behar dira, baita ezabatutako lanpostuak berreskuratu ere.

– Gure erakundeek krisiaren irtenbide gisa kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak garatzearen alde egin behar dute, eta ez diete Madrildik ezar daitezkeen murrizketei men egin behar; bide batez, euskal gizartearen zerbitzutan, erabaki horien aurka agertu eta horren arabera jokatu behar dute, haiek aplikatuz gero euskal gizarteari txirotzea eta enplegu galera besterik ez baitiote ekarriko. Hautu hau egiteko ahalmen betea aldarrikatzen dugu, espainiar estatuaren esku hartzerik eta inposiziorik gabe.
 

Halaber, bertoko ordezkari politikoei dei egiten diegu koherente izan daitezen ozen botatzen dituzten adierazpenekin, ezartzen ari diren erreformekin ados ez daudela esanez. Benetan aurka badaude, ez ditzatela aplikatu eta horrela bultza eta defendi dezatela Lan Harreman eta Gizarte Babeseko Esparru propioa.

Harrapaketa hau eta zerbitzu publikoei egindako erasoa salatu eta politikak alda daitezela eskatzeko, lantokietan hainbat protesta ekitaldi egiten ari gara. Dinamika honen baitan, datorren astean zerbitzu publikoetan “alerta gorriaren astea” deitu dugu, sektoreak pairatzen duen erasoa salatu eta sortzen ari diren arazoak plazaratzeko; sektore desberdinetan protestak eta mobilizazioak izango dira. Halaber, martxoaren 29rako deituta dagoen greba orokorraren jarraipena sustatzeko lan berezia ere egingo dugu.

Ekitaldi eta mobilizazioak honakoak izango dira:

Irakaskuntza (Haurreskolak, Irakaskuntza Publikoa, Gizarte-Ekimeneko Ikastetxeak, Ikastolak, Unibertsitatea): martxoaren 21, 22 eta 23an batzarrak, protesta-ekitaldiak, bilkurak, etab.

Osakidetza: Martxoaren 16 eta 22an batzarrak eta protesta ekitaldiak ospitaletan eta osasun-zentroetan.

Nafarroako Udalak eta Gobernua: Martxoaren 21ean bilkurak Nafarroako Parlamentu aurrean eta udaletxeen aurrean, 13.30ean.

EAEko Udal eta Aldundiak
: Batzarrak eta elkarretaratzeak.

Eusko Jaurlaritza: Martxoaren 23an bilkurak Gasteizen (Lakua), Bilbon (Gran Vía 85) eta Donostian (Andia).

Estatuko Administrazioa: Zentroetan batzarrak egingo dira.

EITB: Batzarrak egingo dira.

Egoera oso larrian gaude. Ezetz esan behar diegu murrizketei eta erreformei (laborala zein negoziazio kolektiboarena), eta aldarrikatuko dugu aurrera egin behar dela eskubide laboral eta sozialei, zein kalitatezko zerbitzu publikoei dagokienez. Hainbat erakunde sindikal eta sozial bat gatoz beharrizan honekin, eta argi ikusten dugu mobilizazioaren bidez erantzun tinko bat eman behar dela. Horregatik, zerbitzu publikoetako langile guztioi dei egiten dizuegu Hego Euskal Herrian martxoaren 29an egingo den greba orokorrean parte har dezazuen.

Halaber, zerbitzu publikoen alde eta hauen garapena aldarrikatzeko mobilizatzen jarraitu behar dugu; murrizteko politikei aurre egingo diegu.

Euskal Herrian, 2012ko martxoaren 15ean

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

La dirección de EITB designa a una persona que no sabe euskera en un medio que tiene entre sus objetivos promover el euskera

La dirección general de EITB ha designado a la nueva directora de eitb.eus y de Social Media, para culminar el proceso de creación de las nuevas páginas de EITB . Esta persona será la encargada de dirigir eitb.eus y poner en marcha el nuevo portal digital que está a punto de nacer y dirigir su difusión.

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...