LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin. Abenduaren 20an komunikabideen aurrean adierazi genuen moduan, hileko hirugarren ostiraletan protestak egingo ditugu lema berarekin, eta gaurkoa izan da lehena. Joan den larunbateko Bilboko eta Baionako manifestazio jendetsuen ostean etorri da sindikatuon mobilizazio hau.