Presoen eskubideen aldeko plataformak datozen hilabeteetan gauzatuko duen lanaren ardatzak aurkeztu ditu gaur Aieteko jauregian, norbanako eta zenbait eragileren babesarekin. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Exekutiboko kide Edurne Larañagak ordezkatu dute LAB agerraldian. Hain zuzen ere, Sarek dokumentu bat aurkeztu du, bake eta normalizazioan ekarpena egiteko eta presoen auzia konpontzeko helburuarekin.
Salbuespen legeriarekin bukatzeko garaia dela nabarmendu dute Sareko ordezkari Bego Atxak eta Joseba Azkarragak. Larri dauden presoak askatzea, torturatuak izan diren presoen sententziak berrikustea eta zigorra osorik betetzea ezartzen duen araudia deuseztea dira Sareren dokumentuan jasotzen diren eskaeretako batzuk.
Era berean, 0 Km kanpaina indartuko dutela aurreratu dute, Bilbon urtarrilaren 13rako deitutako manifestazio erraldoia iritsi bitartean.