LAB sindikatuak Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian du abenduaz geroztik, "Egin klik: erlijiOFF" leloarekin. Azken urtean gure oinarri ideologikoak berritzeko lanetan murgilduta ibili gara, eta norabide horretan kokatzen dugu dinamika. Oinarri ideologiko horien lanketa estrategikoan, besteak beste, LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez. Momentuz, sinadura bilketa bat abian dugu, eta mobilizazio bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren aurrean. Hilabetero egingo ditugu elkarretaratzeak.