Etxeratek agerraldi bat egin du goizean Antiguako frontoian, sakabanaketak aurten eragindako seigarren errepide istripuaren harira. Hain zuzen ere, Asier Ormazabalen bi lagun, LABeko kideak biak, istripu berri baten biktima izan ziren larunbatean. Teruelgo espetxetik zetozen, eta Zaragoza inguruan izan zuten ezbeharra. Gaur arratsaldean, 19:00etan, elkarretaratze batera deitu dute Donostian, Antiguako Benta Berri plazan.
Sakabanaketa politikarekin amaitzeko exijitu dute gaurko agerraldian. "Asteburuan arriskuak hartzera behartuak egongo gara berriro", ohartarazi dute. "Etxean eta bizirik nahi ditugu", adierazi dute, eta sakabanaketarekin amaitzeko erabakiak ezin duela "gehiago itxaron" nabarmendu dute. "Sakabanaketa biktima berrien zain dago", deitoratu dute.