Tubos Reunidos taldeko Kapitalaren Kudeaketako Zuzendari Juana Maria Fernandezek deituta, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen mahai negoziatzailea eratzeko bilera egin dute gaur Barakaldon, Puerta de Bilbao hotelean. Bada, langileek elkarretaratze bat egin dute hotelaren kanpoaldean, euren eskubideen defentsan.
Bileran, enpresak 157 kaleratze planteatu ditu, eta gelditzen diren langileen soldata %25 jaitsi, urteko lanaldiari 24 ordu gehiago eransteaz gain.
Bada, Gaurkoan Productos Tubulareseko zuzendaritzak egindako jakinarazpenaren aurrean, LABek ondorengoa adierazi nahi du:
Guztiz onartezinak iruditzen zaizkigu zuzendaritzak planteatzen dituen 157 kaleratzeak, %25ko soldata murrizketa eta lanaldiaren igoera.
Tubos Reunidos Taldeak 214 milioi eurotako irabaziak izan ditu 2007 eta 2014 artean eta akziodunen artean 244 milioi euro banatu ditu. Gainera, 2017an Tubos Reunidoseko jarduerak etekinak sortu zituen, 11,8 miloi eurokoak (EBITDA). Beraz, ez dago kaleratzeak eta bestelako murrizketak egiteko arrazoirik.
Gainera, Eusko Jaurlaritzari posizio argi bat eskatzen diogu, neurri hauen kontra: nola liteke enpresari batek kaleratzeak egin nahi izatea eta gelditzen diren langileei lanaldia igo nahi izatea? LABek argitu nahi du ez direla 3 egun gehiago lanera joan beharko langileak, denera 10 egun gehiagoko lanaldi igoera inposatu nahi baitu enpresak. Erabat lotsagarria.
Proposamen hauek, enpresariek duten erabateko inpunitatearen eta babes instituzionalaren ondorio dira.
Amaitzeko, langileei egoerari buelta emateko borrokatzeko deia egiten diegu neurri hauek atzera botatzeko.