LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok greba eguna egin dugu Osakidetzako Lehen Arretan, zerbitzu sendo, eraginkor eta iraunkor baten alde. Gasteizen egindako mobilizazio nagusian nabarmendu bezala, Osakidetzaren jarrera ez bada guztiz aldatzen, greba egun gehiago etorriko da. Izan ere, Osakidetzak bere erantzukizuna onartu behar du eta Lehen Arreta hobetzeko plana zein egutegia jarri behar ditu mahai gainean. Gure ustez, ez da serioa egunez egun txarrera egiten duen egoerari partxeak ipintzen ibiltzea. Lehen Arretakoa ez da lan gatazka hutsa; jendarte osoarentzat oinarrizko osasun zerbitzu baten hobekuntzaz ari gara. Beraz, Osakidetzak azaldu beharko dio euskal jendarteari zergatik ez duen nahi kalitatezko Lehen Arreta. Hala salatu genuen ostiralean, Mahai Sektorialaren bileran.