2024-12-22
InicioSecretaríasSecretaría de EuskaraLangileok aldaketa euskaraz! Kalean zein lanean, askatasunean

Langileok aldaketa euskaraz! Kalean zein lanean, askatasunean

Edurne Larrañaga LABeko euskara idazkaria eta Alberto Ugarriza LABeko euskara idazkaritzako kidea

 Euskal herritar guztiok gure eskubideak, gure lurraldean, euskararen lurraldean, izan behar ditugu bermatuak. Nola bestela? Botere publikoen ardura eta erantzukizuna da berme horiek eskaintzea herritar guztiei, langile guztiei, askatasunean aukera egin dezaten. Era berean, botere publikoek eskubide horiek bermatzeko egiturazko neurriak hartu behar dituzte, ez neurri sinbolikoak. Ezin dugu onartu XXI. mendean euskararen normalizazioa etengabe susmopean egotea edo inposizio nahiz alferrikako gastua dela argudiatzea.

Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak honela dio 1. Artikuluan: “hizkuntza eskubideak, batera, gizabanakoenak eta taldeenak dira”. Euskara moduko hizkuntza minorizatuen kasuan, hiztun komunitateak etengabe ibili behar dugu gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzen.

Espainian eta Frantzian haien hizkuntzarekin bestela egiten dute. Badaezpada ere, argi idatzia agertzen dute Espainiako eta Frantziako legerik garrantzitsuenetan hizkuntza horiek jakin beharrekoak direla. Espainiako konstituzioaren 3. Artikuluan “Estatuko hizkuntza ofiziala gaztelania da eta espainol guztiek dute bera ezagutzeko beharra eta erabiltzeko eskubidea”. Frantziako Konstituzioan, hasieran agertzen ez bazen ere, 1992ko emendakin batean 2. Artikuluari esaldi berri bat sartu zitzaion “2.1 Errepublikako hizkuntza frantsesa da”. Bada, estatu bi horiek, horixe bera ukatzen diote euskarari, euskararen lurraldean.

Orokorrean, hizkuntza eskubideen urraketa larria bada ere, lan munduan egoera are okerragoa da. Ustez, lantokietan langileek askatasun osoa daukagu enpresa barruan izaten ditugun harremanetan zein enpresaz kanpokoetan hizkuntza hautatzeko. Enpresaburuen borondatearen esku dago, ordea. Bestalde, askatasun hori gauzatu ahal izateko oinarrizko baldintzak behar dira. Euskararen kasuan, askatasun hori berme guztiekin gauzatu ahal izateko euskara ezagutu behar da, ezinbestean. Une honetan, askatasun osoa aipatzen da, baina nola liteke askatasuna izatea, euskara jakin ezean? Askatasun hori berme guztiekin gauzatzeko, langileok ezin elebakarrak izan.

Perbertsioa da lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntzaz aritzea, langileari herritar izaera ukatu egiten bazaio lantokian, hizkuntza eskubideen jabe izateko aukera ukatu egiten bazaio.

Langileok argi dugu eskubideak ez ditugula berezkoak, sortu eta borrokatu egin behar ditugula. Egungo eredu sozioekonomiko kapitalistan lan harremanak gaztelaniaz eta frantsesez eraikiak izan dira eta langile klaseak hizkuntza eskubideen zein aukeren pertzepzio objektiborik ez dugu, ezta subjektiborik ere ez. Jakin badakigu, eskubideen bermea eta askatasuna ez direla botereak emanak edo oparituak, baizik eta, gehien-gehienetan, borroka prozesu luzeen ondoriozko emaitzak direla.

Langileok gure hizkuntza eskubideez jabetu behar dugu. Lanean eta lantokian langileok euskaraz aritzeko eta lan harremanak euskaraz gauzatzeko eskubidea eskuratu behar dugu. Langileok jabetu behar dugu euskara ezagutzeko eskubidea dugula eta euskara ez jakitea ez dela eskubide bat, aukera bat baizik. Herritarron bizitzaren parte handiena lanean igarotzen dugula kontutan harturik, ezinbestekoa zaigu gure jarduera eta harremanak euskaraz burutzeko eskubidea bermatua edukitzea.

Egungo krisialdian murgildu gaituen eredu sozioekonomikoa gaztelaniaz eta frantsesez eraikia izan da. Eredu sozioekonomiko menderatzaile horrek langileok elebakartasunera kondenatzen gaitu. LABek argi du krisialditik aterako gaituen eredu sozioekonomikoa euskaratik eta euskararentzat eraikia izan behar duela. Eredu sozioekonomikoan aldaketa euskararen normalizazioaren mesederako izango dela. Langileon interesak hizkuntza eskubideak errespetatzetik hasi behar dira. Euskal Herriko langile klaseak, jendarte justu eta demokratiko batean, euskaraz bizi eta lan egingo dugula argi du.

Orain arteko Hizkuntza Politikak euskararen menpekotasun egoera gainditzeko baino gehiago, alderdi politikoen arteko paktuak elikatzeko truke-txanpon izan dira. Hortaz, Euskal Herri osorako Hizkuntza Politika berri zein eragingarria behar dugu, batetik, eta, bestetik, euskararen normalizazioan aliantza berriei bidea irekiko dien adostasunak eraikitzea. Lan munduan euskara normalizatzeko estrategia, Euskal Estatua eraikitzeko estrategiaren parte dela ulertu behar dugu, ezinbestean.
LAB sindikatuak 2000.urtean erabaki zuen euskara izango zela sindikatuaren hizkuntza eta lan munduaren euskalduntzean eragin behar genuela. Orduan jarri genuen martxan EUSLAB plan estrategikoa. Lan mundua euskalduntzeko, lehenik eta behin gure burua euskaldundu behar genuela ulertuz, barne jarduera euskalduntzeko plangintza estrategikoa martxan jarri genuen. Pasa den urtean abiaturiko hausnarketa prozesuaren emaitza gisa, euskararen normalizazioa ekintza sindikalean kokatzeko ildo estrategikoa osatu dugu eta urtarrilan aurkeztuko dugu. Lan mundua euskaldunduko bada, erabaki politiko zein politika eragingarriak ezinbestekoak direla ulertuta, herri gisa bidea elkarrekin egiteko gonbidapena ere izango da.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...