Donostia Ospitalean burutzen ari den gose greba eta mobilizazioen barruan, bihar ostiralerako eragile sozial eta sindikalei parte hartzeko deialdia burutu die Herrira mugimenduak. LABetik Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak, Sonia González Komunikazio Arduradunak eta Arantxi Sarasola Zerbitzu Publikoen Federazioko Arduradunak parte hartuko dute ospitale atarian burutuko den mobilizazioan.
Bestalde, egunero Donostia Ospitalean, hiriburuetan zein herriz herri Uribetxeberriaren muturreko egoera salatu eta bera eta beste preso gaixoen kaleratzea eskatzeko burutzen ari diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die sindikatuak langile eta herritarrei. Zentzu honetan, garrantzia berezia hartzen du larunbatean Bilbon burutuko den manifestazio nazionalak. Mobilizazioa 12:30etan burutuko da, Euskalduna Jauregitik abiatuta.
Uribetxeberriaren egoera larriagotu ahala, kartzela eta kaleetatik hedatu da preso politikoen eskubideen aldeko aldarria. Bien bitartean, euskal preso politikoen eskubideekin kontrako kartzela-politikarekin jarraitzen dute estatuek, herritar eta eragileek kartzela politikan errotiko aldaketak eskatzen dituzten bitartean, garai politiko berriak eskatzen duen bezala.
Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak etxean egon behar dira. Lehenbailehen etxeratu behar dira. Ez da nahikoa hurbiltzea. Espainiar estatuari bere legeak betetzeko eta Iosu Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoak berehala askatzeko exijitzen diogu. Instituzio, eragile eta herritarrei dei egiten diegu bide honetan konpromiso berriak hartzeko.