Atzo 2012ko martxoan egindako Greba Orokorrean atxilotutako 6 lagun epaitu zituzten. Epaiketa hauen atzean grebarako eskubidea kriminalizatzeko eta borrokan diren langileei izua sartzeko nahia besterik ez dela deritzo LABek eta hau salatzeko elkarretaratzea egin du epaitegien atarian. Epaiketak fiskaltzak ere absoluzioa eskatu du, auzipetuen aurkako frogarik ez dagoela argudiatuz.
Greba eskubidea defendatu
Epaiketa hau ez da pertsona batzuek 2012ko martxoan egin zuten “zer edo zer” epaitzeko saioa. Epaiketa honetan, gu guztiok epaituko gaituzte eta, batez ere, Grebarako dugun eskubidea kriminalizatu nahi dute.
Azken urteetan langile borrokak kriminalizazio prozesu iraunkor bat pairatzen du. Hau ez da greba orokorren ondorioz, Euskal Herrian egin den epaiketa bakarra, hor daude Busturialdeako auziperatuak, Bilbokoak, Iruñerriakoak eta horren ezagun egin ez diren beste asko eta asko.
Instituzioak eta kapitala jada ez dira konformatzen inposaketen bidez gure eskubideak zapaltzeaz, inposizioekin batera erantzunik ez egotea, bake soziala nahi dute eta horretarako sumisioa, pertsonon ezabatzea bilatzen dute.
Ez dute beraien praktika eta dinamika antidemokratikoekiko erantzunik onartzen eta, beraz, beraiek ezartzen dituzten joko arauetatik kanpo dagoenari zigor bikoitza inposatzen diote:
• Alde batetik beraiek erabakitako eta inposatzen dizkiguten arau kolektiboaren bidez denon eskubideak zapaltzen dituzte.
• Eta beste aldetik, inposatutakoaren aurka protestatzen duenari zigor indibiduala, penala edo ekonomikoa eta zenbait kasuetan biak, ezarriz.
Sistemaren propaganda aparatu osoak zilegia den aldarrikapenaren aurka jotzen du, kasu gehienetan ez dira mobilizazio edo protesta hauen arrazoiak ezagutzera ematen, ez dira egoera hauetara ailegatu izanaren jatorriak aztertzen ondorioak baizik. Honek helburu argi bat du inposatzen zaigun ereduaren aurka konfrontatzen duenarekiko jendartearen deslegitimazioa, isolamendu soziala, bazterketa bilatzen dute.
Salatzen ari garen egoera areagotu egiten da eta larritasun gehiago hartzen du greba orokor baten prozesuan. Azken urteetan Euskal Herrian aurrera eraman ditugun deialdietan ikusi dugu nola denak balio izan duen greba deialdia desitxuratzeko, gutxieneko zerbitzuen dekretuen erabilera maltzurretik hasita, grebaren arrazoiak izkutatzea, pikete informatiboen kriminalizazioa, edo zenbait unetan poliziak izan dituen jarrerak.
Boterean daudenei ahaztu egiten zaie greba egitea eskubide bat dela, lan duina, osasungintza, hezkuntza edo etxea izatea diren moduan. 2009. urtetik egin ditugun greba orokorren deialdi desberdinetan izandako balorazio guztietan bi gauza azpimarratu dira. Lortutako mobilizazio eta atxikimendu mailaz gain greba egunetan izandako istilu falta, hain zuzen ere.
Horrelako epaiketekin, gu guztiok izutzea eta desmobilizatzea nahi dute, baina gaizki aterako zaie, Euskal Herrian indarrean dauden langile borroka guztiek, argi adierazten dute ez dagoela langileen indarra geldiaraziko duen epaiketa, mehatxu edota kriminalizaziorik. Horregatik, gure babes eta indar guztia ALFUS, INCOESA, NANUK eta borrokan diharduten langile guztiei.
Beraz, argi eta garbi eskatzen dugu, horrelako muntai guztiak bertan behara utz ditzatela Euskal Herri osoan, eta greba eskubidea behar den bezala errespetatua izan dadila!
{module[111]}