2024-12-22

[IRITZIA] «Ikus gaitzazuen»


Apirilaren 26a lesbianen ikusgarritasun eguna da. LABeko kide Irati Tobarrek, Maddalen Doradorrek, Aitziber Perez de Karkamok, Ainara Ladronek eta Ainhoa Etxaidek sexualitate aniztasuna dute hizpide iritzi artikulu honetan.

Apirilaren 26a lesbianon ikusgarritasun eguna da. Bai, ikusiak izateko eta gure existentziaz ohartarazteko eguna behar dugu, munduak begiak zabal ditzan. Ez ikusiarena egin nahi duen heteropatriarkatuaren aurrean, gure existentzia aldarrikatu nahi dugu.

Genero eta sexualitate sistemen interrelazioan gaude, baina sistema bietako zentroan baino, sistema bietako marginetan bizi gara lesbianak. Itotzen gaituen sistema patriarkalaren barruan emakumeak*; zapaltzen gaituen sistema heteronormatiboaren barruan, lesbianak. Justizia lortzeko eta gure eskubideak defendatzeko borroka latz bi egin beharra dauzkagu: misoginiari eta lesbofobiari aurre.

Lan munduan ez zaigu lesbianoi toki propiorik egin. Oraindik orain gure enpleguak senarraren soldataren osagarri direla adierazten digute lan merkatutik.

Bazterkeria ekonomikoa emakumeon* gaineko kontrol sistema da. Horregatik, gizon baten menpe ez dauden familiak bereziki zigortzen ditu. Eredu tradizionalari uko egin dioten ama bakarreko familien egoera benetan da latza. Edozelan, egoera hau aztertua izaten da, datuak eman eta fokoa ipintzen da bertan. Hala ere, pobreziak ama biko familiak zelan gaztigatzen dituen ez da inondik ageri. Kasu honetan ere inork ez gaitu ikusten. Datu ekonomikoetatik ere at.

Ez dezagun ahaztu, emakumea*, genero rolaren eraikuntzaren arabera, bere gorputzaren eta sexualitatearen jabe ez den subjektua dela. Beraz, lesbiana, bere gorputzaren jabe den subjektua izanik, kapitalaren eta patriarkatuaren eredua transgreditzen duen pertsona da.

Patriarkatuak gizona zentroan jartzen duen bezala, kasu honetan homosexualitateaz hitz egitean, gayak izaten dira subjektu. Gizonak maite dituzten gizonak mehatxua dira heteroarauarentzat, baina ez dira zertan ezinbestez mehatxua patriarkatuarentzat. Gayen aldetik ikusgarritasuna lortzen doaz, egia bada ere zigortuak eta erasotuak izaten direla, eta borroka horretan tinko jarraitu beharra dagoela. Baina egia ere bada gizonek egiten duten edozerk beti duela inportantzia, onerako zein txarrerako.

Zer esanik ez, batzuetan kapitalak bere metaketarako ere erabiltzen du homosexualitatea. Kapitalak bere burua berrasmatzeko gaitasun handia dauka. Merkatuarentzat negozio bide bihurtu dira gizon bikoteak, bikotekide bien eros-ahalmena bikote heterosexual batena eta, zer esanik ez, lesbiana bikote batena baino altuagoa da izaten da eta. Honek ere gayen ikusgarritasunean eragina izan du.

Lesbianen existentziak ez dauka kapitalarentzat inportantziarik eta, gainera eta bereziki, patriarkatua zein heteroaraua, sistema biak, kolokan jartzen ditu. Horregatik ezkutatzen da lesbianon existentzia bera. Gizonik gabe bizi ahal garen emakumeak* patriarkatuarentzat arriskutsuak gara, lesbianismoak gizonen autoritate politiko, ekonomiko eta sexuala desafiatzen dituelako.

Lesbiana izatea sistemarentzat ez da batere errentagarria eta ondorioz, bizitza antolatzen den arlo guztietan ezkutatua egotetik harago, eskubide gutxiagokoa da. Horrela, lan munduan, babes sozialean, zerbitzu publikoetan edota beste eremuetan ez gara existitzen eta ez zaizkigu eskubideak bermatzen. Hareago, zigortua izatearen beldurrez, askotan ez dugu bere sexualitate aukera adierazten.

Lesbianon existentzia estaltzea, lesbianok ikustezin bihurtzea, erreferente publikoak egotea galarazten digu, bai. Baina ondorio maltzurragoak ere badauzka: lesbofobia ere estaltzen da; subjektuak eurak eta hauen kontrako zapalketa estrategiak ezkutaturik, lesbianok existentziatik desagerrarazi nahi gaituzte. Eta honen bitartez aldaketa sozialaren eragile izateko aukera ere kendu nahi zaigu, lesbianoi eta, gurekin batera, emakume* guztiei.

Beraz, lesbianon ikusgarritasunaren egunean, lesbianak ikusgarri egitea eta sexualitate aniztasuna aldarrikatzea goraipatu nahi dugu, lan eremuan zein bizitzako beste edozein arlotan aurrerapausoak egin ditzagun. Guztion ardura da lesbianon hautua defendatu eta askatasunez bizi gaitezen borroka egitea. Lan eremuan zein beste esparrutan gertatzen diren erasoen aurrean, sindikatua borrokarako tresna daukagu, baina baita gure existentzia aldarrikatzeko eta eskubidedun subjektu bihurtzeko tresna ere. Ikusgarri egiteak ez gaitu aske egiten, lesbiana moduan agertzea da aske egin gaituena.

*Emakume erabiltzen dugu M8an bezala bollerak, trans, identitate anitzak adierazteko… Lesbiana kategoria politiko bezala konsideratzen baitugu eta lesbiana asko emakume hitzarekin ez baitira identifikatzen.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...