2024-11-22
InicioSecretaríasSecretaría de Euskara "Euskara Nafarroa osoan #behingoz ofiziala izan dadin"

[IRITZIA] «Euskara Nafarroa osoan #behingoz ofiziala izan dadin»

LABek bat egin du Kontseiluaren deialdiarekin, sindikatuko Euskara idazkari Amaia Aurrekoetxeak, Nafarroako eledun Imanol Karrerak eta Nafarroako Euskara arduradun Iñigo Orellak sinatutako iritzi artikulu honen eskutik. Hain zuzen ere, urriaren 27an, 17:00etatik aurrera, manifestazioa izango da Iruñean.

Hurrengo hilabeteetan Nafarroako Parlamentuan ikusiko da ea aukera dagoen Nafarroako biztanle guztien hizkuntza eskubideak aitortuko dituen lege berri bat onartzeko, edo oraingo hizkuntza apartheid diskriminatzaileari hauspoa emanen zaion. LABen iritziz ezinbestekoa da Nafarroako bertako bi hizkuntzen hiztunei berdintasuna, justizia eta erreparazioa bermatuko dien lege marko berri bat.

Indarrean dagoen 1986ko legean herritarren euskara ezagutzeko eskubidea, bere berreskurapena eta erabilera bermatzea agertzen dira helburuetan. Aitzitik, legearen egile eta defendatzaileek 32 urte hauetan kontrako noranzkoan erabili izan dute, herritarrek euskara ikas ez dezaten, berreskura ez dadin eta erabilera normalizatuari etengabe trabak jarriz. Ezarritako zonifikazioak herritarren hizkuntz eskubideen urraketa blindatzen du, eskubide desberdinak aitortuz herritarra unean une dagoen udalerriaren arabera. Beste aldetik, elebidunen gainean elebakarren supremazismoa ezartzeko erabili da: “Nafarroako hizkuntza bakarra jakiteak aukera gehiago eman behar du biak jakiteak baino”. Lege atzerakoiak gehienetan administrazioaren esku uzten du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea edo ez. Herritar elebidun gehienek ez dute eskubiderik hizkuntza aukeratzeko osasun zerbitzuetan edota administrazioan. Euskarazko profileko lanpostuak betetzen dituzten langileek lan baldintza okerragoak edukitzen dituzte maiz administrazioan: jardunaldi erdi ugari administrarien artean; unibertsitatean euskarazko kredituak ematea behin-behinekotasunarekin lotzea… Irakaskuntza kenduta, administrazioan lanpostuen %1ak soilik dauka euskarazko profila, batzuek aldarrikatzen duten errealitate sozio-linguistikotik oso urrun; ospitaletan 6.000 lanpostuetatik, bakarrak. Eremu ez-euskaldunean edo diskriminatuan lan deialdi publikoetan gehiago baloratzen da alemana bertako hizkuntza den euskara baino…

Legegintzaldi honetan, aski ez izan arren, egindako noranzko aldaketa eskertzen da: euskarazko komunikabideen zilegitasuna ahalbidetzea, euskararen presentzia ekitaldi instituzionaletan, D eredua Nafarroa osora zabaltzea, euskara sartzea baldintza bezala herritarren arreta eginen duten kontratu publikoetan… Hala ere, diskriminazioa leundu bada ere, inolaz ere ez dira hizkuntza eskubide zibilak bermatzen: Euskararen Legearen altzoan jaio den dekretuak aurrerapauso txikiegiak egiten ditu eta zonifikazioa eta eskubide urraketa ontzat jotzen ditu; euskarazko profileko lanpostua duten funtzionarioek ezin dute gaztelaniazkoa eskatu gai izan arren (bakarrik hizkuntza profil honetan gertatzen da), Hezkuntzan D eredua eskaintzen da Nafarroa osoan baina ez da murgiltze eredua bermatzen; logikotasun osoz estatuko administrazio elebidun guztietan eta Nafarroako zerrenda guztietan erabiltzen den zerrenda bakarra, ezin da erabili Irakaskuntzan; hamarkadetan babesik gabe, zorpetzen eta bakardadean eremu ez-euskaldunean D eredua zabaldu duten ikastolek ez dute jaso momentuz merezitako aitortza eta bizirauteko bermea, Akordio Programatikoan horrela azaldu arren…

Legeria aldatzeko beharra nabaria da. Konplexuak eta ausardi falta ezin dira bidelagunak izan. Norbanakoen eskubideak ezin dira egon momentuko gehiengo edo aldakorra den errealitate sozio-linguistikoaren menpe. Pertsona beltzen eskubideak ezin dira egon gehiengo zuriaren apeten menpe. Zoritxarrez laukoaren barnean badago nor aitortzen duena eroso dagoela gaur egungo egoeran, non giza eskubide kategoria duten hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen diren.

Lege berriak herritarrak erdigunean kokatu behar ditu. Legeak estatu espainiarrak onartu eta berretsitako Europako Hizkuntza Gutxituen Kartan euskara eta Nafarroako euskaldunei aitortzen zaizkion eskubideak bermatu behar ditu. LABek Parlamentuan aurkeztu zuen proposamenean azaltzen den bezala, lege berriak euskarari ofizialtasun estatusa eman behar dio Nafarroa osoan eta, zonifikazioa gaindituz, herritar orori eskubide berdinak aitortu behar dizkio; hizkuntza politikek egokituko dute legea udalerri bakoitzeko errealitatera. Lege dinamikoa izan behar da koofizialtasuna eta euskararen normalizazioari bidea emanen diona eta ez murriztailea. Nafarroako bi hizkuntzetako edozein erabiltzeagatik inor diskriminatzeko aukerarik ematen ez duena. Hizkuntza ahulenarekiko diskriminazio positiboa eginen duena. Nafarroako herritar ororentzat euskara dohainik ikasteko eskubide unibertsala bermatu beharko du. Hezkuntzan, euskararen inguruko eragile gehienek proposatzen duten bezala eta munduko jendarte eleanitzen joera jarraituz, hizkuntza eredu integral bakarra euskarazko murgiltzea eta eleaniztasuna bermatuko duena, eta gainera egungo segregazioa gainditzeko eta giza kohesioa bultzatzeko balioko duena. Administrazio guztiei giza eta diru baliabideak eskaini beharko dizkie hizkuntza politika eraginkorrak egin eta herritarren hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatu ahal izateko. Azkenik, langileen euskaraz ikasteko, euskaraz lan egiteko eta lan harremanak euskaraz izateko eskubideak arautu behar dira.

Horregatik guztiagatik, LABek dei egiten die herritar guztiei Kontseiluaren deialdiarekin bat eginez, urriaren 27an 17:00etatik aurrera Iruñeko kaleak berdintasuna, justizia eta kohesioaren aldeko aldarriaz bete dezaten. Aurrean dugun aukera probestu behar dugu euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan #BEHINGOZ.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hemos firmado el convenio del servicio de teleasistencia del Gobierno Vasco BetiOn, con una subida salarial mínima del 30,08%

Este jueves, 21 de noviembre, el sindicato LAB ha firmado el convenio colectivo para la UTE Ilunion socio sanitario-Ibermática, que gestiona el servicio público de teleasistencia y actividades socio sanitarias complementarias en la CAV, empresa que atiende a más de 80.000 personas.

La reforma del reglamento pospone la regularización masiva como paso necesario para la derogación de la Ley de Extranjería

Este martes el Gobierno de España ha aprobado una reforma del reglamento de la Ley de Extranjería. La misma, impulsada por el Ministerio de Inclusión, Seguridad Social y Migraciones, entrará en vigor el próximo 17 de mayo.

Reclamamos una Seguridad Social propia que ponga la salud de los trabajadores y trabajadoras por encima del control y de la presión

Miembros del sindicato LAB se han concentrado esta mañana en Iruñea junto a las oficinas del INSS, instituto español de la Seguridad Social, para reivindicar que se pongan la salud y la prevención por encima del control y la presión que ejerce el capital a la clase trabajadora. LAB reclama una Seguridad Social propia que ponga realmente en el centro las necesidades de los trabajadores y trabajadoras navarras.