2024-12-23

iraultzen 169

elkarrizketa
Jabi Garnika



Jabi Garnika
LABeko Idazkari
Nagusiaren Ondokoa


 

“Prozesu politiko honetan jendartearen papera, bultzada eta dinamizazioa oso garrantzitsuak izango dira, bestela aurreko arazo antzekoekin topatuko gara”

Estrasburgok 197/2006 dotrinaren inguruan emandako ebazpenak, Bilboko manifestazioaren debekuak, batzuen ta besteen arteko aliantzek, prozesuaren inguruko zurrumurruek titular askorako eman dute Euskal Herriko zein kanpoko medioetan. Iraultzenek gai hauen guztien inguruan LABeko Idazkari Nagusiaren Ondokoa den Jabi Garnikarekin hitz egiteko parada izan du.

Azken aldian izandako gertakari garrantzitsua izan da Estrasburgok agerian utzi izana Espainiar Estatuak egin dituen injustiziak. Zer deritzo LABek, bai ebazpenaz eta bai horren aurrean Estatuak hartutako jarreraz?
Bigarrenetik hasiko naiz, Estatuaren jarrerari buruz. Nik uste dut kezkatzekoa dela. Ez bakarrik ebazpen honekin, azken urteetan ikusten ari gara gatazkaren konponbidearekiko, Euskal Herrian dagoen prozesu politikoarekiko eta sozialki dagoen dinamikarekiko inboluzio etengabearen aurrean gaudela. Azken asteetan ere ikusten ari gara —adibidez abortoaren legea dela eta— atzera bueltatzen ari garela, hamarkadetan lortutako eskubideak pikutara doaz. 197/2006 dotrinarekin argi eta garbi gertatu da: Estrasburgoko ebazpenak aukera eman zezakeen Estatu espainolean bestelako espetxe politika bat egiteko, baina bide hori hartu beharrean, gehiago lerrokatu da lehen aipatutako inboluzioan, biktimen paperari sekulako garrantzia, protagonismo eta zentralitatea emanik. Bide horretatik gauzak egitea oso zaila da.

Ebazpenak azken batean Estatu espainola zigortu du, adierazten du sortu dituzten legeek beren mugak dituztela. Hasieratik Euskal Herrian ikusten zen 197/2006 dotrina lege berezi bat zela eta bide horretatik mendekua zetorrela. Ebazpenak bidea ireki beharko luke dauden ezohiko legealdiak azter-tzeko eta berkokatzeko. Bestaldetik, argi eta garbi dago poztasuna ekarri duela baldintza horretan zeuden hainbat kide kalean daudelako momentu honetan.

Ebazpen hau positiboa izan arren, presoen egoerak oso larria izaten jarraitzen du. Bake prozesua zertan den momentu honetan adierazten du?

Bai. Nik uste dut denok kontziente garela momentu honetan bake prozesuan eta batez ere konponbiderako bidean presoena puntu determinantea dela. Estatu espainola horretan tematzen ari da, presoen egoerarekin ez ezik, presoen inguruan mugitzen den dinamika oro ere zigortzen ari baita. Hor daude Herriraren kontrako sarekada eta bitartekarien kontrakoa, urtarrilaren 11ko manifaren debekua… Denok dakigu gai honek zentralitatea duela, Estatu espainolak ere badaki eta horregatik irmo mantendu nahi du, inolako pausurik egin gabe eta, okerrago dena, Euskal Herrian presoen inguruan sortzen ari den olatua oztopatzen saiatzen da.

Oztopoak oztopo presoen kolektiboaren inplikazioa ukaezina da, hor dago egindako adierazpena.
Adierazpena prozesuarekiko bultzada handia izan da. Hori hala ikusi da eta hala baloratu da, ezker abertzalearen ahotan ez ezik, beste eragile asko eta askorenetan ere bai. Ausartuko nintzateke esatera PPren barruan ere barrenak mugitu dituela nahiz eta itxura eta printzipioak mantendu. Presoek bul-tzada eman diote, baieztatu dute bide horrekin bat egiten dutela eta egon zitezkeen duda guztiak uxatu dituzte. Orain falta da presoek prozesu horretan era aktiboan nola har dezaketen parte zehaztea.

Honen ondoren, Espainiar Gobernuak beste atxiloketa batzuk eta manifestatzeko debekuaz erantzun du. Zer irakurketa egin dezakegu?
Lehen aipatu bezala, Gobernuak jarraitzen du presoen afera desataskatu gabe. Uste dut momentu honetan beraiek ere bide orria izan badutela, baina gauzak argiago izan arte ez dutela fitxa hori mugituko. Hori da problema momentu honetan.

Euskal Herriak hain ongi egin izan duen bezala, beste eraso batzuen aurrean berriro ere indarrez erantzuten jakin du. Batzuek indarra kendu nahi izan badiote ere, Bilboko aldarria argia izan zen.
Bai. Denok pentsatzen genuen iazkoarekin edo duela bi urtekoarekin goia jo genuela baina aurtengo Bilboko manifestazioa beste erakustaldi bat izan zen. Alde batetik, manifestazio honetan haserrea somatzen zen Estatu espainolak presoekiko daraman politikekiko, baina, beste aldetik, jende askorentzat agente politiko eta sindikalen inplikazioak itxaropen argi txiki bat pizteko balio izan zuen. Nik uste dut manifa horrek balio izan zuela, alde batetik, Estatu espainolari atentzioa egiteko presoen gaiari dagokionean, baina horretaz gain, hemen prozesuari bidea ireki behar zaiola, Euskal Herrian gauzak beste modu batera artikulatu behar ditugula eta aliantzak beste modu batera egin daitezkeela ere esan nahi izan du.

Bilboko manifestazioa EAJk ere deitu izana ilusioa piztu zuen euskal herritarren artean. Zelan baloratzen duzu pausu hori?
Nik uste dut jende askorentzat hori dela gustuko bidea eta uste dut gainera ez dela kasualitatea inkesta askotan behin eta berriro aipatzea Euskal Herriko biztanleriak modu oso positiboan baloratzen dituela abertzaleen arteko aliantzak eta elkarlanak. Egia da arlo politikoan PNV beste lerro batetik ari dela zenbait arlotan, baina manifa horretan ikusi zen jendeak egoera hori saritu edo, behintzat, txalotzen duela. Ortuzarrek bere momentuan esan bezala, ezin gara fronteen jokoan sartu. Garrantzitsuena da nola egiten ditugun urratsak Euskal Herrian dagoen prozesuarekiko arlo sozialaren babes osoaz eta, ildo horretatik, nola indartzen den bide hori. Momentu honetan hori da funtsezkoa. Eta nik uste dut Euskal Herriko jendartean itxaropentsu edo gogoz espero duten egoera dela eta zentzu horretan alderdi politikoen apustua oso garbia izan beharko lukeela datozen aste, hilabete eta urteetarako.

LABen inplikazioa bake prozesuan erabatekoa da, hitzordu garrantzitsuetan zein txikietan egon da sindikatua. Bilboko manifestazioaren ondoren indarrak bikoiztuko ditu sindikatuak?
Gure inplikazioa beti izan da erabatekoa. Sindikatuaren inplikazioak segituko du eta nik uste dut zentzu honetan bi alde bereiztu behar direla: alde batetik, agente politikoen protagonismoa momentu hauetan eta, bestetik, hor arlo sindikaletik aurrera eraman dezakegun dinamika guztia. Hau da, egia da protagonismoa alderdi politikoetan kokatzen dela baina horrek ez du esan nahi sindikalismoa edo LABen papera bigarren maila batean geratuko denik. Nik uste dut hor alderdi politikoekin egon daitezkeen dinamiketaz gain, dinamika horien jarraipena eta lan mundura eramatea aztetu behar dugula sindikalismotik —LAB bakarrik edo beste batzuekin, guk uste dugu momentu honek eskatzen duela ezinbestez beste batzuekin lan egitea—, zer egin dezakegun momentu honetan dauden dinamikak (presoena, gure esku dago…) indartzeko eta lan mundura eramateko era natural batean jendea dinamika horien parte senti dadin.

Beraz, LAB prest dago inplikatzeko konponbidea eta bakea eraiki-tzeko behar den lankidetza nagusitu dadin.
Lehen esan bezala sindikalismoaren rola afera honetan ez da protagonismoa edo zentralitatea hartu behar duena, baina guk garrantzia handia daukagu beste arlo batzuetan sortzen diren akordioak edo hartzen diren konpromisoen inguruan gehiengo sindikal eta sozial bat eraikitzeko. Manifa baten deialdian edo ekimen baten diseinuan parte hartzeko ez ezik, sozializazio prozesuan sindikalismoak sekulako garrantzia dauka. Askotan aztertu izan dugu beste prozesu batzuetan arlo sozialak kale egin duela, nolabait indar guztiak prozesu horietan lanean ari ziren agente politikoetan delegatu ziren. Hori ikasita, prozesu politiko honetan argi eta garbi dago jendartearen papera, bul-tzada eta dinamizazioa oso garrantzitsua izango direla. Ikusten ari gara PPren inboluzio horretan ez dagoela inolako gogoetarik prozesu bilateral batean kokatzeko, gauzak horrela euskal jendarteak hartu du bandera hori eta horrek esan nahi du protagonismoa ez dela soilik arlderdi politikoena, baizik eta jendarte osoarena edo bestela berriro aurreko arazo antzekoekin topatuko gara.

Orain, gatazkaren konponbidea blokeaturik dago; burujabetza prozesua bultzatzeko, erabakitzeko eskubidea behingoz eskuratzea bultzatzeko, pausuak egitea horretan ere lagunduko luke? zein izango litzateke gakoa?
Egoera desblokeatzeko, momentu honetan gauza desberdinak daude. Bat zentrala, eta lehen aipatu dudana: presoen afera. Ezin da abordatu prozesu politiko bat, normalizazio prozesu bat momentu honetan 500 preso daudenean Estatu espainol eta frantseseko kartzeletan. Puntu horrek zentralitatea hartu behar du, berme batzuk eman behar dira presoen afera konponbidearen norabidean kokatzeko, hau da, dispertsioarekin amaitzea, gaixo daudenak eta adinekoak kalera ateratzea… Ikusi beharko da ere nola bermatzen dugun bai presoak eta bai iheslariak ere prosezu honetan parte hartzea. Hori sindikatuarentzat lerro garrantzitsu bat da kurtso honetarako.

Honetaz gain, bada herri sentimendua egiten duten dinamiken inguruko aktibazio bat, adibidez gure esku dago dinamika. Jendea puntu ilusionante batean kokatzen ari da dinamika horretako partaide sentitzen garelako, ez da goi mailan diseinatutako dinamika baizik eta norbanakakoen dinamika eta norbanakako horiek parte dira eta indartzen dute dinamika hori. Orduan, aurrera begira, horrelako prozesu batean jendearen partehartzea ezinbestekoa izango da eta dinamika pizgarriak diren horiek bul-tzatu behar dira, hori da momentu honetan Euskal Herriko jendarteak faltan botatzen duena eta behar bada momentu honetan aktibazio horretan datza apustuak.

Euskal Herrian trantsizio bat burutu behar dugu. Trantsizio hori posible izan dadin zein da Euskal Herriko eragileen zeregina?
Nire ustez zeregin nagusia da euskal jendarteak argi izatea bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izango duela eta erabakitzen duenaren jabe izango dela. Jendarteak Estatutik ezer askorik ez duela espero, zabaltzen ari den ideia da gu izan behar garela gauzak mugitzen ditugunak, jendartea aktiboa izan behar da, jendartea izan behar da dinamika guztia bultzatzen duena. Eta kasu horretan garrantzitsuena da eragile sozial eta politikoek dinamika horri babesa ematea momentu guztietan erasoak etorriko baitira leku guztietatik, behin eta berriro. Nolabait frente politiko, sozial, sindikal bat artikulatu behar da euskal jendarteari babesa emango diona.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...