2024-12-22
InicioMujeresIndusal enpresako langileek burututako borroka eredugarria da emakumeok lan merkatuan jasaten dugun...

Indusal enpresako langileek burututako borroka eredugarria da emakumeok lan merkatuan jasaten dugun diskriminazioaren aurrean urratsak emateko

Zaloa Ibeas, LABeko Emakumeen arloko idazkaria

Joan den apirilaren 20ean jakin genuen Bilboko Lan Arloko 1. Epaitegiak LABek INDUSAL enpresaren aurka jarritako demanda onartu duela, LABek defendatu dituen tesiei arrazoia emanez. Hau da, INDUSAL enpresako 23 langileak egun pairatzen ari diren egoera 2008. urtean sindikatuak lantoki honetan sexuaren araberako diskriminazioa salatzeko egindako mobilizazioetan parte hartzearen ondorio dela. Enpresa honetako langileek burututako borroka eredugarria nabarmendu nahi dugu, hau baita bidea emakumeok lan merkatuan jasaten dugun diskriminazio eta uneoroko prekarietate egoeren aurrean urratsak ematen joateko. Horrelako egoerak salatu gabe utzi ezin ditugulako, hau da lantoki honetan egin duguna, eta horrelako egoerak ematen direnean lantoki guztietan egingo duguna. 
Gaiaren larritasunaz jabeturik, LABeko Emakume arloa, INDUSAL enpresako langileekin batera, astelehenean Emakumeon Defentsoriarekin bildu zen enpresa honetan gertatzen ari denaren gainean hitz egin eta bere esku hartze zuzena exijitzeko. Defentsoriak enpresa horretan bizi den egoeraren inguruko ikerketa bat egiteko eta emaitzak, Defentsoriak berak plazaratzen duen urteko txostenean agertzeko konpromisoa hartu zuen.

Benetan larria deritzogu INDUSAL enpresa izaten ari den jarrera gai honen gainean. Bere garaian, nahiko agerian utzi zuen zein zen enpresaren politika emakumeei eta aukera berdintasunari dagokienez. Hots, emakumeoi emakume izate hutsagatik soldata baxuago edota lan baldintza kaskarragoak egokitzea, besteak beste.

Ez da berria emakumeok lan merkatuan mota guztietako diskriminazioak pairatzen ditugula salatzea, are gehiago une honetan krisialdiaren aitzakia pean inposaturiko erreforma eta murrizketa hauek guztiek bereziki kaltetzen gaituztenean. Prekarietatea eta langabezia modu bortitzenetan pairatzen ditugunak gara, eta zoritxarrez adibide argiak aurkitzen ditugu egunero hau horrela dela berresteko: Konecta, INDUSAL …

Lan merkatuan eta jendartean hedatua dagoen emakumeon aurkako diskriminazioa eta egungo sistema kapitalista patriarkalak ezartzen duen sexuaren araberako lan banaketaren aurka borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa daukagu LABen, eta horretan dihardugu. Azken batean, sindikatu garen heinean langile guztien interesak defendatzea dugu helburu. Modu berean jendarte eredu berri baten aldeko hautua egiten dugu, langileon interesak defendatuko dituena, gizon eta emakumeon arteko harreman parekideetan oinarrituko dena eta emakumeak pairatzen ditugun diskriminazio eta eraso mota guztiak errotik desagertzea ahalbideratuko duena.

Parekidetasuna lortzeko bide, horretan instituzioek eta politikariek erantzukizun handia daukate. Hala ere , argi geratzen ari da konpromiso hau ez dela behar bezala gauzatzen eta, are larriagoa dena, diskriminazio hauek guztiak isilarazteko joera dagoela, instituzioak egoera hauek mantentzearen konplizeak bilakatuz. Nola ulertu bestela lan merkatuan, eta jendartean oro har, egoera hauek behin eta berriro birproduzitzen diren bitartean administrazio edota instituzio ezberdinetatik inolako neurri eraginkorrik ez hartzea? Ahoa betetzen zaie berdintasunaren aldeko diskurtsoekin, berdintasunaren aldeko legeak onartzen dituzte,…. baina praktikan, horrelako egoeren aurrean gogor agertu beharrean, jarrera pasiboa azaltzen dute. Ez dute ezer egiten.

Aspaldi salatzen ari gara egun indarrean dauden berdintasun legeak ez direla baliagarriak jendartean, baita lan merkatuan ere, emakumeek pairatzen duten zapalkuntza egoerarekin amaitzeko. Guztiz kontrakoa, gaur inoiz baino ageriagoan geratzen ari da inposaturiko murrizketa eta erreforma ezberdinen bitartez kontrako norabidean goazela. Ez daukate inolako borondate politikorik emakumeon eskubideen aldeko aitortza erreala gauzatzeko, arduragabekeria ikaragarria agertzen ari dira berriz ere jendartearen erdia osatzen dugun biztanleriaren aurrean.

Lan merkatuan emakumeok pairatzen ditugun eraso larriei aurre egiteko Gobernu zein administrazioen esku hartze zuzena, eta berdintasun legeak urratzen dituztenen aurkako jarrera irmoa erakutsi dezatela exijitzen dugu.

Izan ere, gaur INDUSAL enpresako langileen aldeko epaia ospatu beharrean gaude, baina badakigu oraintxe, momentu honetan bertan, lan merkatuan emakumeon aurkako zapalkuntza jarraitu egiten duela eta eguneroko errealitatea dela.

LABetik argi dugu egungo sistema kapitalista patriarkalari aurre egiten eta modu berean bestelako eredu berri baten eraikuntzaren alde lanean jarraitu behar dugula, hau baita bide bakarra emakumeok sufritzen dugun zapalkuntzarekin amaitzeko.

Horregatik LABek bide honetan jarraituko du, hots, langileriaren erdia osatzen dugun emakumeon eskubideen aldeko borrokan eta eraiki nahi dugun Euskal Herria feministaren aldeko bidean urratsak emanez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...