Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako kontratetako langileak borrokan dira. Bada, ikasleek bat egin dute berriro langileek deitutako mobilizazioekin, joan den astean egin bezala. Oraingoan, Sarrikon egin dute protesta. Langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute eta ikasleek, "Garbitzaileak borrokan, gu ere bai" leloarekin, elkartasuna adierazi diete.
LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta, borrokan dira Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileak. Hain zuzen ere, ikastetxe eta unibertsitateko garbikuntza kontraten hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik bi urte eta erdi igaro dira jada; eta egoerak hasieran bezain blokeatuta jarraitzen du. Ez dago hitzarmenik eta ez dirudi hurrengo hilabetetan akordiorik lortuko dutenik.