Igor Arroyo koordinatzaile nagusia Euskal Telebistako «Egun On Euskadi» saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Egungo egoera sozioekonomikoari buruz galdetuta, nabarmendu du langileak ez daudela geldirik, oso aktibo daudela, eta borrokari esker hainbat hitzarmen lortu ditugula hilabeteotan, lan baldintza duinak bermatzen dituztenak.
Arroyoren hitzetan, «langileen artean kezka nabari da, egunero sumatzen dugu, baina gogoa ere badago, egoera honen aurrean zer edo zer egiteko. Hori desberdinduko nuke 2008ko egoerarekiko. Aspaldi ez bezalako mobilizazio dinamika abian dago».
Sindikatuko ordezkariak dio autokritika falta dagoela agintarien artean, «hazkunde mugagabearen mitoa» elikatu dutenen artean. Sistema jasangaitza zela esan denean, beste alde batera begiratu dute beti agintariek, eta, orain, «ekaitza gainean dugunean, jarraitzen dute esaten hau ondo aterako dela». Arroyok argi du euskal langileriak behar duen trantsizioa abiatzea eta aberastasuna banatzea ezinbestekoa dela, baina «politikariek ihes egiten diote eztabaidari».