2024-12-22
InicioSin categorizarHezkuntza Sistema Propioa IRUTEN

Hezkuntza Sistema Propioa IRUTEN


LAB Irakaskuntzako arlo ezberdinetako langileek agerraldi egin dute gaur. Bertan Euskal hezkuntza sistema IRUTEN dinamika aurkeztu dute. LABek ezinbesteko jotzen du Euskal Herriak egun, zein etorkizun hurbilean, behar duen hezkuntza eredua gaurdanik iruten hastea. Azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi du LABek: inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea.

Badira nazio bat egituratzeko orduan funtsezkoak diren osagaiak. Hezkuntza horietako bat da, baina hori baino gehiago ere bada. Hezkuntza nazio baten etorkizuna bermatzeko ezinbesteko tresna da. Belaunaldi berriek osatuko baitute biharko jendartea. Jasotzen duten heziketa nolakoa, biharko jendartea halakoa. Horrela, hezkuntza euskaldunak jendarte euskalduna sortuko du; hezkuntza askatzaileak, jendarte askea…

LABek urrats berri bat eman nahi du bide horretan. Honako ekarpena egin nahi du, hain zuzen ere: Hezkuntza Sistema Propioa Iruten dinamika. Eta zergatik IRUTEN? Bada, ezinbestekoa jotzen dugulako Euskal Herriak egun, zein etorkizun hurbilean behar duen hezkuntza eredua gaurdanik iruten hastea. Gaurdaino, hamarkadaz-hamarkada, eskuz-esku landu dugun hari korda zahar horrek etorkizuna iruten jarraitzeko balio behar digulako, eta etorkizuna gure herriari jantzi berri bat lantzetik pasatzen delako. Bide honetan, azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi du LABek: inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea. Maiz adierazi dugun bezala, desobedientzia ez delako ezetza adieraztea soilik, bide propioa ere jorratu behar baita.Horregatik gaurdanik hasi nahi dugu iruten etorkizuneko euskal estatuak izan behar duen gona berria, gona gorria.

Hezkuntza hizpide, hausnarketak, zalantzak eta tresna eraginkorrak partekatzeko asmotan bakoitzaren errealitatean oinarriturik abiatu nahi dugu dinamika hau. Betiko topikoak garaitu eta hezkuntzaren gainean ikuspegi berri eta fresko bat osatzeko asmoz. Horregatik hezkuntza komunitatea osatzen dugun norbanako nahiz eragile ezberdinei zuzentzen gatzaizkizue zuen ekarpena ere funtsezkoa baita!

Izan ere, herri-ikuspegitik abiatutako tokian tokiko lan praktikoa funtsezkoa dela deritzogu. Eta elkarrekin urrats berriak emateko aukeran sinesten dugu (ikasleak, langileak, familiak zein herritarrak; haur hezkuntza, lehen hezkuntza zein bigarrenekoak; unibertsitatekoak, ikastetxe batekoak zein bestekoak, musika eskola zein bestelako eragileak).

Antolatu dugun dinamikaren helburuak honakoak dira:
• Euskal hezkuntzaren xedeez gaineko hausnarketa burutu.
• Hezkuntzaren baitan biltzen garenon arteko esperientziak ezagutu.
• XXI. mendeari so Euskal Herriak behar duen eskola ereduaren gaineko adostasunak bildu.
• Hezkuntza Sistema Propioaren bidean tresna eraginkorrak osatu.

Dinamika honek hezkuntzaren baitako objektu izatetik, subjektu izaterako jauzia ematea du xedea. Hezkuntzarekiko ditugun beharrak, nahiak, ametsak… egingarriak diren heinean, ez dugu uste modurik aproposena hezkuntza sailei so geratzea denik; eurak zer esango zain. Guk geuk, herritarrok ere burutu beharko genituzke hausnarketak eta eztabaidak, denon artean adosteko eta eraikitzeko Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua!

Ainhoa Etxaideren interbentzioa:

Iruten dinamikaren garrantzia azpimarratzea baino irutenen oinarriak azpimarratu nahi ditut. Hezkuntza nazio baten etorkizuna bermatzeko ezinbesteko tresna da. Halako hezkuntza halako Herria izango dugu. Hezkuntza garrantzitsua da eta ez gaude esku arrotzetan uzteko prest. Askotan ikasle, irakasle, guraso eta herritar bezala esan digute ze garantzitsua den hezkuntza, gure seme-alaben hezkuntza aukeratzen denean arduraz jokatzeko eskatu digute, baina hezkuntza nolakoa, nola antolatu eta nundik eraiki behar den erabakitzerako orduan bizkarra eman digute. Hezkuntza sistemaren eraikuntzan protagonista izan nahi dugu, eragile izan nahi dugu, ez gaude instituzio eta gobernuen esku uzteko prest.

Protagonista izango bagara, urrats bat eman dugulako da, gure ekimenez eta inori baimenik eskatu gabe. Ez dugu hezkuntza sistema berri bat egingo LOMCEaren inguruan, ezta LOMCEa hemen aplikatzeko mahai baten inguruan eseriko ere. Gure ustez, gure ekimenez denok batera urratsak emanez, desobedientziari daukan balioa emanez eta baimenik eskatu gabe irekiko dugu biderik emankorrena.

Askotan galdetu digute zein den aldarrikatzen dugun sindikalismo berritu hori. Gure ustez hau da, sindikalismoa langileekin egitea, etorkizunari begira egitea. Gure aldarrikapenek ibilbide gehiago dute herritar eta langileen artean instituzioetan baino. Tresnak eskaini behar ditugu aldarrikapen horien gainean urratsak emateko, praktika politiko eta sozial berriak irekitzeko. Hau da langileen zerbitzura dagoen sindikalismo bat eta ez agortuta dauden bestelako eremu batzuetan kateatuta dagoena.

Negoziazio kolektiboa lapurtu digute, interbentzio instituzionaleko esparruak antzuak dira. Beraz gure interlokuzioa, gure aldarrikapenak defendatzeko tresna eta markoak berreskuratuko baditugu horrelako dinamiketan indar egiten dugulako izango da.

Beraz hemendik aurrera tresna bat gehiago dugu esku artean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...