Kontsulta-aldia urtarrilaren 23an hasi zen eta 15 egunetan garatuko da. Azken erabakia otsailaren 7an hartuko dute. Aurreko astean hainbat bilera egin dituzte langileen ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, aurrerapen eta konpromiso gutxi lortuz.
Atzo, urtarrilak 31, egin zuen enpresarekin hirugarren bilera komiteak. Oraingoan ere kontsulta-aldia geratzeko eskatu zuen komiteak, egoera aztertu eta Itziarko lantegirako bidegarritasun plan bat egiteko aukera zabaltzeko. Enpresaren erantzuna, berriro ere ezezkoa izan zen, erabakia irmoa zela eta ez dagoela atzera bueltarik.
Langileak greba mugagabean daude urtarrilaren 23tik, eta horrela jarraituko dute enpresak erabaki hau atzera bota arte. Gure ustez, horren atzean erabaki politiko bat dago, Burgoseko Administrazioko Kontseiluan hartutako erabaki politikoa, hain zuzen. Eta horren ondorioz, lantoki bat itxi, 58 lanpostu suntsitu eta ekoizte-prozesua Euskal Herritik aterako da.