LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan egon da goizean, aurkezlearen eta kolaboratzaileen galderei erantzuteko. Hala, hainbat gai jorratu dituzte: Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba, Gipuzkoako helduen egoitzetako eta komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileen gatazkak, Osakidetzako osagarri profesionalen afera, ITV-IAT guneetako gatazka eta langileen lanaldia kontrolatzeko neurriak, besteak beste. Estatuko hauteskundeen emaitzei buruz ere galdetu diote, eta, arlo sozialean, PSOEren gobernuarekin itxaropen gutxi dagoela onartu du Garbiñe Aranburuk. "Estatalizazioa ezartzen duen lan erreforma PSOErena da", gogoratu du.
Kolaboratzaileen galderen txandan, EAEko Administrazioarekin lotuta dauden hainbat gatazka irekita daudela azpimarratu dute. Hala, Garbiñe Aranburuk sektore publikoaren aldeko LABen apustua berretsi du. "Pribatizazioaren ondorioz sortu dira gatazkak, sektore feminizatuetan batez ere", adierazi du.