2024-12-22
InicioSecretaríasSecretaría de EuskaraEuskaraz ikasteko eskubidearen alde mobilizatu gara Nafarroako Parlamentu aurrean

Euskaraz ikasteko eskubidearen alde mobilizatu gara Nafarroako Parlamentu aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, nafar guztien euskaraz ikasteko eskubidearen defentsan. 0-3, LH, NUP, Pirinioak, Zangozaldea, Tafallaldea, Castejon, Beriain, Arteko ikasketak, landa eremuko DBHn… herritarrek euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta behar dute izan.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak guraizeak dantzan jarri ditu hezkuntzan murrizketak egiteko. Bere biktimak, euskaraz ikasten duten ikasleak berriro ere, eta ez da kasualitatea. Oraingoan, ordea, teorian egoera zaurgarrian dauden ikasleen «banaketa orekatua» lortu nahi duen marko legal berrituaren testuinguruaren aitzakiapean datoz murrizketa horietako batzuk. Aitzakia honekin, D ereduko hainbat ikasle are kaltetuagoak suertatuko dira A-G ereduko ikasleekin alderatuta.

Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturteko aurrematrikula garaiari begira ikasleen harrera arautzen duen legezko markoa berritu du. Saldu duten bezala, helburua da egoerarik zaurgarrienean dauden eta hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea segregazioa murriztu eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoz. Itxuran parte-hartzailea izan den prozesuaren bidez, gai hau arautzen duten Foru Dekretua eta Agindua berritu dira, baina funtsean LAB eta beste hezkuntza eragile guztien ekarpen gehienak bazterrean utziz. Izan ere, nagusiki jatorri sozioekonomikoagatik zaurgarriak diren ikasleen banaketa hutsa arautzera mugatu dira, diagnosi, prebentzio eta ikasleen arreta espezifikoari erreparatu gabe. Departamentuak, eskola segregatuetan ratioak jaisteko eta baliabide gehiago esleitzeko aukera aurreikusten badu ere, ez du inongo konkreziorik zehaztu nahi izan, norabide horretan zihoazen LABen ekarpenak atzera botaz. Guk dakigula, datorren ikasturtean inongo eskolatan ez dira ratio baxuagoak aplikatuko edo aparteko baliabideak esleituko behar espezifikoak dituzten ikasleak artatzeko.

Departamentuak bestelako segregazio motak baztertu eta ukatu ditu, hezkuntza-premia espezifikoak dituzten eta beste irtenbiderik jorratu gabe medikalizatzera kondenatuak diren ehunka ikasle nafarren aferari heldu gabe; edota Nafarroan oso larria den hizkuntza segregazioa gainditzeko inongo neurririk hartzeko aukera deuseztatuz.

Are gehiago, ikasleen harrera dekretuan ezarritako baremo berriak euskaraz ikasteko hautua egiten duten familiei ez dizkie bermatuko gazteleraz ikasi nahi duten familien eskubide berberak. Kontraesankorra badirudi ere, D ereduko ikasleak are baztertuagoak suertatuko dira «inklusibitatearen» izenean. Hona hemen adibide batzuk:

 Pirinioetako ikasleak 16 urterekin derrigortuta daude beraien herria uztera eta 80-90 kilometro mugitzera ikasketak jarraitu ahal izateko. Orain arte, Iruñeko ikastetxe batean tokia bermatzen zitzaien, baina hori bertan behera utzi du dekretu berriak, ikasleak plaza edukiko duten jakin gabe utzirik. Despopulazioak zigortutako eskualdeari ezarritako bigarren zigorra.

 Tafallaldean eta Zangozaldean DBH euskaraz ikasten duten ikasleek ezin dute ikasketekin Tafallan edo Zangozan jarraitu, A-G eredukoek bezala. Egunero Iruñerako autobusa ordaindu behar dute ozta-ozta Iturramako Ikastetxeko klaseetara heltzeko. Aurtengo baremo aldaketarekin, ez zaie bermatu tokia eskola horretan eta, beste ikastetxeetan sakabanatzeko arriskuaz gain, ez dute izanen garraio aukera egokirik klasera garaiz heltzeko. Bazterketa bikoitza: Tafallan edo Zangozan euskaraz ezin ikasi eta Iruñean ikastetxerik egokiena ez dute bermatua izango.

Baina ikasleen harrera dekretutik haratago, badira isilpean pasa nahi dituzten murrizketa gehiago, euskaraz ikasten duten ikasleen kontrakoak:

 D ereduan ikasi nahi duten Beriaingo ikasleei garraioa jartzen zitzaien Hegoalde Ikastolara joateko. Datorren ikasturtean horietako ikasle batzuei garraioa kenduko die departamentuak, bere hitza janez, eta Noaingo D-PAIra joatera derrigortuko ditu, PAI programa inposatuz. PAItik atera nahi zuten Castejongo ikasleei mila traba jarri eta Carlos Gimeno kontseilariak derrigortu ditu Lehen Hezkuntza PAI programan bukatzera, beraien gogoaren kontra. Aldiz, ez du erreparorik PAIn ez dauden ikasleak etapa erdian derrigorrez PAIn sartzeko.

 Castejonekin jarraituz, bertako D ereduko ikasleek entzumen eta mintzaira espezialista bat behar dute eta, momentuz, Hezkuntza Departamentuak ez die esleitu. Egoera hau A-G ereduan gertatzea pentsaezina da eta, borondaterik balego, erraz konpon liteke, entzumen eta mintzaira espezialista euskalduna jarriz.

 Batxilergoko D ereduko ikasleak derrigortuta daude astero lau ikas-saio gehiago egitera. Landa eremuko ikastetxeetan DBHko D ereduko ikasleei jantoki zerbitzua kendu eta batxilergokoekin batera garraio zerbitzua probesteagatik ikas-saio gehiago jartzen ari zaizkie bai ikasleei, baita irakasleei ere. Adibidez, datorren ikasturtean, eta beraien iritziaren kontra, Leitzan jantokia kenduko zaie DBHko ikasleei.

Panorama beltz honi gehitu behar zaio 0-3, Lanbide Heziketa edota unibertsitateko ikasketak gauzatu ahal izateko dauden aukera urriak, dauden ikasle euskaldunen portzentajearen oso azpitik. Lanbide Heziketan eta 0-3an, gainera, xisteratik atera dute asmakizun berri bat modalitate elebiduna, atzerriko hizkuntzarekin— euskararen egoera latza areagotzeaz gain langile, ikasle, familia eta, oro har, hezkuntzaren kalitatea okerragotzera datorrena. Hainbat alderdik errealitate soziologikoa euskal hiztunen eskubideak murrizteko soilik erabiltzen dute. Aldiz, errealitatea eta eskaria horien aldekoak direnean, beti daude beste aitzakia batzuk euskaraz ikasteko eskubidea urratzeko.

Hau guztia ere segregazioa da, eta egoera lazgarri sistemiko honi prebarikazioz eusten dioten erantzule politikoak daude.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...