2024-12-22
InicioAcción PolíticaEnpresaz enpresa euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuko dugu

Enpresaz enpresa euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuko dugu

Gaur, 160 delegatu sindikal batu dira Bilbon, LABek, ELAk eta Euskalgintzaren Kontseiluak eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko antolatuko duten dinamikaren aurkezpenean. Bertan, hiru eragileok adierazi dugu langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko urratsak egiteko borondatea. Horretarako, sindikatuok batera joko dugu enpresaz enpresa Euskaraldiarekin bat egin eta Arigune gisa parte har dezaten bultzatzeko, bai eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak hartu ditzaten ere. 

2020ko azaroan, LAB eta ELA sindikatuok eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko beste dinamika bat aurkeztu genuen, 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz. 

Euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeak, ordea, egiturazko neurriak hartzea eskatzen du, bai administrazioaren aldetik, bai eta enpresen aldetik ere. Bide horretan, 2021ean zehar, hiru eragileok bilerak izan genituen Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko: 50 langiletik gorako enpresatan langileek edo enpresaburuek eskatuz gero, euskara-plana negoziatu behar izatea lanbidearteko akordioan jasotzea. Confebask eta CEN patronalekin biltzeko saiaketa ere egin genuen, baina lantokietan euskara-planak adosteari uko egin zioten. Akordiorik lortu ez bazen ere, ekintza-sindikalaren bidez bide horretan jauzi bat bultzatzeko ekimen berri bat antolatzen aritu gara hiru eragileak azken hilabeteetan. 

Ostegun honetan, LABek eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetako delegatuak bildu ditugu Bilbon, Kontseiluarekin batera, «Euskaraz lan egitea, eskubide kontua» lelopean lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkezteko. 

Ekimen hau abian jartzearen bi arrazoi nagusiak azaldu ditugu hiru eragileok. Alde batetik, langileen ikuspegitik, lan eta bizitza duinaren eta dagozkien eskubideen aldeko borrokan oinarritzen delako ekintza sindikala. Eta hiruok borroka horretan ulertzen dugu hizkuntza-eskubideen aldeko borroka ere. Hain zuzen ere, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubideen aldeko borroka gisa. Finean, langileek ere hizkuntza-eskubideak dituztelako. 

Bestalde, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa delako. Bai langile gisa, baina bai eta produktu eta zerbitzuen erabiltzaile edo kontsumitzaile gisa ere. Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. Baina, tamalez, gaur-gaurkoz %1era ere ez iristea euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dute. Ondorioz, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea. 

Arrazoi horiek medio, kanpaina aurtengo azaroaren 18tik abenduaren 2ra hamabost egunez luzatuko den Euskaraldiaren testuinguruan garatzea erabaki dugu LABek, ELAk eta Kontseiluak. Euskararen aldeko herri-gogo eta herri-bultzada sendoa agertuko diren garaian, hain zuzen ere. 

Izan ere, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea izanik, Ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bilatuko da. Ondorioz, testuinguru aproposa eskaintzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko beharra eta hartu beharreko konpromisoak mahai gaineratzeko. Horregatik, LABek eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetan ditugun delegatuen bidez, langileen artean konpromiso-proposamenak adostu eta enpresako zuzendaritzei aurkeztuko dizkiegu, euren inplikazioa eskatuz. Halaber, sindikatuok konpromiso horiek langileen zein zuzendaritzen artean adostasunez garatu daitezen lan egingo dugu. 

Horri begira, dinamika hau bultzatzen dugun hiru eragileon artean ondorengo konpromisoak proposatuko dira: enpresan euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea, diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea, Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, euskara-planak abiatzea, edota aldeen artean adostu litezkeen bestelako neurriak. 

Azkenik, dinamika amaitutzat emateko, lankidetzan jardundako hiru eragileon arteko balorazio bateratuta aurkeztuko da. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...