2024-11-15
InicioConflicto vascoEkainaren 15ean Miarritzen Iheslari eta Deportatu Politikoen kolektiboari hitza emateko ekitaldi nazionala

Ekainaren 15ean Miarritzen Iheslari eta Deportatu Politikoen kolektiboari hitza emateko ekitaldi nazionala

Datorren larunbatean, ekainak 15, Iheslari eta Deportatu Politikoen kolektiboari gatazkaren konponbidean dagokien tokia aldarrikatzeko ekitaldi nazionala izango da Miarritzeko Irati Aretoan goizeko 11:30etan. Ekitaldi politikoaren ostean Herri bazkaria, kantaldia eta kontzertuak izango dira.

Herria dugu arnas
Jon GARMENDIA “Txuria”, Xabier Miguel EZKERRA eta Jokin ARANALDE / Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak

Denok dakigu etxea zer den. Denok dakigu sortzen ikusi gaituen lurrak sentimendu bat eragiten digula. Lur hori, eta etxea atzean uzteak bakoitzari egiten dio min ordea. Eta gure herriak sufritu duen arazo polikoaren erruz, ehunka dira etxea uztera behartuak izan diren euskaldunak. Orain, deserriko lurretan gaudenak ehunka gara, bakoitza bere arazoekin, bakoitza bere minarekin, baina kate baten segida gara hein berean, anitzek pairatu dutelako egoera hau gure aitzin, ez gara lehenak, eta azkenak izatea besterik ez dugu xede. Eta bakoitza bagara ere, elkartasun eta bateratasunez kolektibo bat osatzen dugu, iheslari bilakatu gaituen arazoaren konponbidean eragiteko asmoarekin.

Iheslariak drama bizi du lehenik eta behin, drama pertsonala. Kostu bat eragiten baitu maite dituzunengandik urrun bizimolde berri bati hasiera emateak. Ordurarte bizi duzunaren errealitatea zeharo aldatuko baita, eta egunerokotasuneko gauza tipiei aurre egin beharrean aurkituko zara. Handi sentituko dituzun gauza tipiei. Ez da erraza lagun berriak egitea, ez da erraza ezezagun zaizun gizartean barneratzea, are, hizkuntza desberdin baten eraginak harrapatzen bazaitu, eta batez ere, dokumenturik gabe deus guti balio duzula erranen dizun mundu baten aitzinean aurkituko zara. Lan duin bat eskuratzeko zailtasunak agertuko zaizkizu, teilatu azpi egoki bat eskuratzeko trabak, medikuarenean atea kox-kox jotzeko zalantzak… eta hari honi tiraka zerrenda amaigabea osatuko duzu. Baina zerrenda horrek drama humanoa izugarria dela adierazi besterik ez du egingo.

Baina kasu, hau dena pairatuta ere, iheslariak ez gara biktimak, sufrimendua pilatzen zaigu gainean, bai, baina gu euskal borrokalariak gara. Hau da, dagokigun toki horretarik gure herriaren askatasunaren alde borrokan segitzen dugun militanteak. Eta justuki, horregatik ezarri digute hainbeste zigor eta zailtasun soinean, estatuen errepresioak begipuntuan izan gaitu. Asignazioak, konfinamenduak, deportazioak, extradizioak, euroaginduak… lege mailako anitz arau sortu dituzte gure kolektiboa suntsitzeko, iheslari bakoitzaren kuraia zulatu eta duintasuna ezabatzeko. Sarraskiak eta hilketak antolatu eta baimendu egin zituzten lehenago, GALeko mertzenarioak kontratatu gero, hiltzailearen aurpegia estali nahirik, bizia itzali eta izua sortzeko; eta memoria historikoa sentimenduz jorratu behar den garaiotan, ezin ahantzi atzerriko urruntasunean hil diren euskal seme alaba kuttunen eskuzabaltasuna.

Gertatua ez dugu ahantzi, eta beti oroituko dugu, baina ez dugu gertatuaren zurrunbiloan itzulika jardun nahi. Aurrera egin nahi dugu, gure herriari bezala, gure herritarrei etorkizun berri eta hobea ekarriko dien askatasunaren aldeko prozesuan urratsak eman. Lokarriak askatu nahi ditugu, eta lokarriak askatzeko ezinbestekoa da haiek zerekin eginak diren jakitea. Gu, lokarri horren zati bat gara. Arazoaren zati, eta arazoaren soluzio zati bat.

Badu denbora hausnarketa prozesu batean murgildu zela iheslari politikoen kolektiboa, barne mailan antolatu, eta barne erabakiak plazaratzeko asmoarekin. Iheslari bilakatu gintuen arazo politikoaren erroa non zen aspaldian jakin dugu, hura konpontzeko eskemak ere jakinak genituen, hau da, ETA erakunde armatuaren eta menpeko egiten gaituzten bi estaturen arteko negoziaketa batek gure arazoa konpontze bidean jarriko zuela. Egungo eskema aldiz, desberdina da, eta horrek estrategia berria barnebildu eta ulertzea eskatzen digu. Estatuek ez digute fitsik oparituko, lortu ahal dugun hura kendu egin beharko diegu, eta saiakera honetan, aldebakarretik eginiko urratsek negoziaketa fase berri bati hasiera emateko indarra ekarriko dute.

Bide horri hasiera eman nahi diogu, eta hartarako abian jarri dugu “Herria dugu arnas” ekimena. Munduko bazter anitzetan ehunka iheslari gaude, eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea jorratu nahi dugu, mundutik herrira itzuli. Arazo politikoaren konponbide integrala bultzatu nahi dugu, horrek ekarriko duelako gure arazoaren behin betiko ezabatzea. Herria eraman genuen gurekin, herria bizi izan dugu urrun egonik ere, eta herria da gure hatsaren ezinbesteko oinarri. Ekainaren 15ean Biarritzeko Irati aretoan ikusiko dugu elkar.



 

 

LAB SAREAN
{module[111]}


Ekitaldi Nazionalaren iragarkia-film laburra (Herria dugu arnas)


Herria gara arnas -trailerra-
(Ernai Antolakundea)

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denunciamos los recortes impuestos unilateralmente por el patronato de la residencia de Bera a sus trabajadoras

El sindicato LAB quiere denunciar que el patronato de la residencia de Bera ha aplicado una serie de recortes a las trabajadoras, como son dejar de aplicar incrementos salariales o suprimir o reducir algunos pluses y complementos. LAB siempre ha mostrado una actitud dialogante y de negociación al patronato, pero éste no ha querido retroceder en todos los recortes y, por lo tanto, la plantilla ha comenzado a movilizarse. En primer lugar, se pondrá en marcha una recogida de firmas para recabar el apoyo de la ciudadanía.

Huelga de las y los Especialistas de Apoyo Educativo por unas condiciones laborales dignas y una verdadera negociación

Por la mañana han realizado sendas movilizaciones en Iruñea, ante el Departamento de Educación, y en Tutera, en la Plaza de los Fueros. Por la tarde, llevarán a cabo una manifestación en Iruñea, a las 18:00, desde la Diputación.

Hemos denunciado la muerte del trabajador fallecido el sábado en Bilbo en el mismo lugar en el que sufrió el accidente

El 9 de noviembre, el trabajador autónomo G.V.M., de 55 años, falleció en la Plaza Circular de Bilbo tras caer desde una altura de 3 metros cuando limpiaba cristales. Hoy, los sindicatos LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde e HIRU nos hemos movilizado para denunciar con firmeza que la patronal y las instituciones nos enferman y nos matan.