2024-12-22
InicioIndustriaMetalEEEari aurre egiteko CAFeko enpresa batzordearen alternatiben aurrean ukazioa da enpresaren erantzuna

EEEari aurre egiteko CAFeko enpresa batzordearen alternatiben aurrean ukazioa da enpresaren erantzuna

CAFeko zuzendaritzak Beasaingo lantegian inposatu nahi duen kontratuen aldi baterako etetearen prozedura abian jarri zuenetik bigarren bilera ospatu zen pasadan ostiralean. Enpresaren jarrera ez da batere aldatu eta EREari aurre egiteko alternatiben aurrean ukazioa izan da erantzun bakarra. Honen aurrean, CAFeko enpresa batzordeak borroka honetan denon parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. 

CAFeko Enpresa Batzordearen oharra

EREari EZETZ ESATEKO ARGUDIOAK soberan dauzkagu

«Enpresa zuzendaritzak Beasaingo lantegian aldebakarreko erabakiz “Kontratuen Aldi Baterako Etetea”ren prozedura abian jarri zuenetik bigarren bilera izan da gaur burutu duguna. Mobilizazioek langile guztien babesa izan dute eta gaur burutzen ari garen geldialdia bigarrena da. Aipatzekoa da Irungo lankideek ere borroka honekin bat egin dutela eta gaur gure artean aurkitzen direla. Enpleguen aldeko borroka hau guztiona da, bai CAFekoena zuzenean eta baita CAFentzat lan egiten duten ehunka langilerena.

Gaur berriro ere, EREari aurre egiteko alternatiben aurrean ukazioa izan da enpresaren erantzuna. ERE hau inposatzeko bidea besterik ez dute mahai gainean. Nahiz eta alternatiba errealak planteatzen ditugun, enpresak itxita jarraitzen du. EREa nahi dute, nahiz eta edukietan, konplementuetan eta bere eraginaren inguruan hitz egiteko prest dauden, beraien oinarri nagusia da EREa aplikatzea beste biderik ez dagoela.

Zuzendaritzak ez dauka planteatzen diren arazoei buruz hitz egiteko asmorik eta noski, ezta irtenbideetaz ere. Akordioaren kulturarekin amaitu nahi du. Inposatu nahi dizkiguten planteamentu hauen helburu bakarra tailerreko langile kopuruaren murrizketa da.

Zuzendaritzak badaki 6 hilabeteko “batxe” edo lan karga falta hau modu askotara bideratu daitekeela baina ez du borondaterik. Lan karga falta hau ekidin ezina dela onartzen badugu, “batxe” honen ondoren beste bat etorriko da eta azkenean kaleratzeak. Horrela gertatu da beste enpresa askotan eta horrela planteatu dute CAFen.

ERE honen atzean CAF Konpainiaren etorkizun berri bat ezkutatzen da: trenen produkzioa beste herrialde batzuetan errotzea, eta horrek berarekin dakar CAFeko eta Euskal Herriko enpresa txiki askotako enpleguaren deuseztea.

ERE honek eta enpresak hartutako bide berri honek CAFeko langileak langabeziara bidaltzeaz gain, enpresa txikietako eta zerbitzu enpresetako enpleguetan eta orokorrean Goierriko ehun ekonomikoan eragin zuzena izango du.

Enpleguaren aldeko apustua alde batera utzi eta irabazietan soilik oinarritzen den industria politika hau arbuiatzen dugu. Zertarako balio du ehunka milioi € irabazten dituen enpresa multinazional batek ez badu bere inguruan enplegua sortzen eta aberastasuna banatzen? “Goierriko fabrika haundie” multinazional bihurtu eta gutxi batzuen mesedetan jarri nahi dute. Ez dugu enpresa eredu hau nahi.

Bestalde, eragile sozial, udal-talde eta alderdi politikoetatik jasotzen ari garen babesa eskertu nahiko genuke. Nola ez CAFeko langileak zoriondu ematen ari garen erantzunagatik eta aurrera begira ere bide honetan tinko jarraitzeko deia luzatzen dizuegu.

EREari EZETZ ESATEKO ARGUDIOAK sobran dauzkagu
• Ez Eusko Jaurlaritzak, ez Espainiar Estatuko Gobernuak eta ezta inongo Lan Delegaritzak ere ezin du onartu 100 milioi €tik gora irabazi dituen eta irabaziko dituen enpresa batek diru publikotik kobratuz 2 edo 3 milioi € aurreztu nahi izatea. Ekintza hau bera eskandalagarria iruditzen zaigu.
• Ez dute demostratu eta ez dute demostratuko beste herrialdeetan fabrikatzera behartzen gaituzten klausula horiek herrialde guztietan existitzen direnik, hori gezurra baita. Brasil bezalako herrialdeetan nahiago dute han eraiki, merkeagoa delako eta punto.
• Lan Karga falta hau beraiek eraikitako errealitate bat da. Egoera beraien modura prestatu dute eta orain beraien neurriak inposatu nahi dituzte. Neurri hauekin CAFen orain arte izan ditugun jokamoldeak aldatu nahi dituzte. Zuzendaritzak ez du langileekin adostasunean lan egin nahi, ez dute gustuko denok finko izatea, ez soldata igoerak eskatzea eta ezta lanaldia murrizterik ere. Sortu nahi duten egoera berri honen oinarrian lan karga faltaren beldurra jarri nahi dute, eta horrela orain arte lortu ditugun hobekuntza guztietan atzera egitea. CAFen ere bide hau ireki nahi dute.
• Zuzendaritzak behin eta berriz aipatu du azken denboretan tailerreko langile gehiegi gaudela. Ikerketa, diseinua, merkatuaren analisiak, eskarien prestaketa eta teknologia bezalako balio altuko eremuak bultzatu ditu enpresak azkenaldian eta gaur egun titulatuak kontratatzen jarraitzen du. Eremu hauek bultzatzea ongi iruditzen zaigu eta txalotu egiten dugu. Baina aldi berean produkzioko atala alde batera uzten dute, Beasain eta Irunen artean 2000 langile inguru garelarik.

EREak ALTERNATIBAK ditu!
• Lana ekarri behar da kanpotik. Gure ustez, ez da ekarri daitekeen dena ekartzen, vaina zaila da hau demostratzea. Gaur egun ez dugu eskuartean lan gehiago ekarri daitekeela ziurtatzen duen daturik. Baina badakigu zuzendaritzak ez duela lanik ekartzen kanpoan merkeago egiten dituelako. Horregatik exijitu diogu enpresari bere argudioak arrazoitzeko beharrezkoa litzatekeen dokumentazioa aurkeztea.
• Formakuntza. Gure lanpostuetan formakuntzaren gabezia izugarria da. Azken 2 urteetan mando eta titulatuen formazioan 25.000 ordu erabili dituzten bitartean tailerrean ez da formaziorik planteatzen, homologazioren bat lortzeko ez bada. Azken 2 urteetan IV.sail osoan 20 langilek bakarrik jaso dute “adhesivoetarako” kurtsillo bat. Euskal Herriko politiko, katedratiko eta gai honetan prestatuak daudenek garbi esaten dute formakuntzaren aldeko apustua egin behar dela lanpostuak defendatzeko. Bada garaia CAFen ere bide hori jorratzen hasteko. Formakuntza gure nominetatik ordaintzen da eta enpresak beraien intereserako soilik erabiltzen du. Gai honetan iruzur ikaragarri bat dagoela salatzen dugu.
• Sartu eskua irabazietan. Urtero irabazien %30a akzionisten artean banatzen da eta beste %70a gorde egiten da. Non daude irabazi hauek jendea langabeziara ez bidaltzeko erabili daitezkeenean? Irabazi berdinak banatzen segi behar al dute gu langabezian gauden bitartean?
• Barne promozioa. Azkenaldian gauza politak egin dira atal honetan, langileetatik delineaziora langileak pasa baitira. Baina egin litekeenetik oso urrun gaude. Aurten 50 injenieri baino gehiago kontratatu dira, ezin al zitezkeen produkzioko langileak promozionatu postu horietarako? Tailerrean baditugu lankideak, tituludunak eta lan horiek burutzeko ongi prestatua daudenak. Zuzendaritzaren borondatea da falta dena.
• Jubilazioetan langileak, enplegatuak eta titulatuak sartzea eta urte batzuetarako plan zehatz bat egin behar da. Eta ez, duela 6 hilabete aurkeztu ziguten txapuza hura. 60 urterekin errelebo kontratuaren bidez ezin aurrejubilatzeak eragin kaltegarriak ekarri ditu. Horregatik etorkizunera begira formula berriak sortu beharko ditugu jubilazio duin batzuk lortu ahal izateko.
• ERE honen eta etorri daitezkeenen aurrean alternatibarik onena proiektu industrialean dago. Proiektu industrialaren helburu nagusia lanpostuak mantentzea izan behar du eta ez soilik irabaziak. Zuzendaritzari eskatzen diogu norabide horretan doan plan bat aurkeztu dezala berehala.

• Alternatiba hauek errealak dira, baina badaude gehiago. Atzerrian lan egin nahi dutenen boluntario taldeak sortu daitezke baldintza onetan, erreparazio eta errehabilitazioa lanak berreskuratu, garantia eta mantenimentuko lanak burutzea (gaur egun lan eskaeren erdia mantenimentuan oinarritzen da), trenaren merkatutik kanpora egin daitezkeen lan posibleak landu, lehen ere CAFen egin izan dira gruak eta bestelako produktuak.

Zuzendaritzaren partetik akordiorako borondaterik badago, posible da alternatiba hauek martxan jartzea. EREaren inposizioak ez ditu lantegi honetako arazoak konponduko. Enpresaren helburu nagusiak, dirua aurreztea eta langileen artean beldurra sartzea dira. EREari planteatzen dizkiogun alternatibek momentuko gaixotasuna sendatzeaz gain aurrera begira infekzio berrien aurrean indartsuago izateko balioko dute.

MOBILIZATZEAREN BEHARRA azpimarratzen dugu
• Enpresarekin negoziatu nahi dugu. Baina gure helburua ez da EREaren baldintzak edo konplementuak negoziatzea. EREa desagerraraziko luketen neurriak negoziatu nahi ditugu. Ez dugu ERErik nahi, ez da beharrezkoa. EREak ez ditu langileon arazoak konpontzen. ERE honek beste ERE bati bidea irekiko dio eta nork daki hurrengoa kaleratzeekin izango ote den edo ez.
• Baina negoziazioarekin ez da nahikoa izango. Enpresak gure haserrea ikusi eta sentitu behar du eta horretarako mobilizazioen bidea beharrezkoa da. Enpresak ez badu EREa baztertu eta alternatibez hitz egin nahi, datorren asteleheneko batzarretan geldialdi eta mobilizazio gehiago erabakiko ditugu.

CAFeko LANGILEON APUSTU NAGUSIA ENPLEGUA DA.
• ERE honi ematen diogun erantzunak enpresaren norabidea aldatzeko ere balio behar du. Gure helburua ERE hau gelditzea da baina baita berriro gertatu ez dadin baldintzak sortzea ere.
• Enpresa honetan, beste guztietan bezala, beharrezkoak dira pedidoak eta irabaziak baina benetan ezinbestekoa enplegua da, Gure enpleguak eta inguruko milaka langilerenak. Lana eta aberastasuna banatzea da garrantzitsuena, bestela zertarako balio du enpresa honek?

Beasain, 2012ko azaroaren 30ean»

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...