2024-12-23
InicioSin categorizarEAEko aurrekontuek euskararen normalizazioa arriskuan jartzen dute

EAEko aurrekontuek euskararen normalizazioa arriskuan jartzen dute

LAB sindikatuak EAJren aurrekontuetan hizkuntza politikan egiten diren murrizketek euskararen normalizazioan izan dezaketen eragin latzgarriez ohartarazi du.

Hizkuntza Politikan, murrizketak
EAE-ko aurrekontuak guztien ahotan dabiltzan egun hauetan, LAB sindikatuak EAJ-ren aurrekontuek euskararen normalizazioan izan dezaketen eraginaz ohartarazi nahi du prentsa-ohar honen bidez.

Hizkuntza Politikarako aurrekontua %9 jaitsi nahi du Jaurlaritzak; hortaz, euskararen normalizazioan murrizketak egongo dira. EAEko gobernu guztiek betidanik jarri dizkiote trabak euskararen normalizazioari eta azken urteetan areagotu egin dira traba horiek, euskararen normalizazioaren finantziazio iturriak nabarmen uzkurtuz, besteak beste. Eskasia horien eraginez, lan mundua euskalduntzen diharduten langile askoren lan baldintzak okertu egin dira eta oraingo murrizketa hauekin lan-baldintzak okertzeaz gain, lanpostu asko desagertu egingo dira.

Murrizketek partida txikiei eragiten diete kalte gehien. Hizkuntza Politikarako partidan egingo diren murrizketekin gutxi aurreztuko da eta, aldiz, kalte izugarriak eragin ahal dizkio normalizatu barik dagoen euskara eta euskal kulturari.

• Eusko Jaurlaritzak aurreko bi urteetan %15 jaitsi du laguntzetara bideratzen duen kopurua —850.000 euro gutxiago bi urtean. 2006tik 2010era izandako laguntzen igoera ia guztia bi urtean jaitsi dute—. Aurrekontuek gora egiten zuten bitartean, hedabideei bideraturiko hazkundea txikia zen, baina behera abiatu direnean, abiadura azkarra hartu dute hedabideei ematen zaizkien diru laguntzek.

• Helduen euskalduntzean 1.600 lanpostu daude, eta 2012ko urriaren 31n 25.183 heldu zeuden EAEko euskaltegiren batean ikasten. Helduen euskalduntzerako diru gutxiago bideratuz gero, eragin zuzena izango du lanpostuetan eta euskara ikasi nahi duten ikasleengan.

Babesgabeak, ahulak babesteko aurrekontu sozialak direla behin eta berriro esaten badute ere, ezin da ulertu, ahul dagoen gure hizkuntza, euskara, biziberritzeko baliabideak murriztea.

Euskararen normalizazioa, inbertsio ziurra da gure herrian/herriarentzat.
Gauza bat da euskararen normalizazioa estrategikoa dela esatea eta beste bat hori praktikan gauzatzea. Euskararen normalizazioa gastutzat hartzen den bitartean beti izango da murriztu daitekeen zerbait. Euskararen normalizazioa helburu estrategikoa baldin bada, inbertsioen atalean kokatu beharko litzateke eta baliabidez hornitu. Euskara gure herriaren eraikuntzan aurrera egiteko ezinbesteko tresna den neurrian, inbertsioa da.

Euskaraz bizitzeko askatasuna, eskubidea
Hizkuntza askatasuna, hizkuntza aukeratzeko askatasuna, bermatzea eskatzen duten alderdi politiko guztiei galdera zuzen bat luzatu nahi diegu: nola bermatzen da hizkuntza aukeratzeko askatasuna, lurraldean ofiziala den hizkuntza baten ezagutza bermatua ez badago? Euskararen normalizazioari mugak jartzen bazaizkio, herritar erdaldun elebakarrez osaturiko Euskal Herria izatera kondenatuak gaude.

Gobernuko kideek babesgabeak, ahulak, babesteko aurrekontu sozialak direla behin eta berriro esan badute ere, gutxitua/zapaldua dagoen hizkuntza biziberritzeko baliabideak murriztea ulergaitza da. Herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herria behar dugu non euskaraz bizitzeko eskubidea eremu guztietan bermatua izango den.

Guztiaren gainetik, borondate politiko falta.
Gaurkoan, ordea, zifren atzean dauden asmoez ere hitz egin nahi dugu. Izan ere, benetako arazoa ez da dirurik ez dagoela; arazoa, dagoena erdaraz eraikitzen eta jorratzen diren gaietan inbertitzen dela da. Eta hori ez da krisialdiak eragindako erabakia, gaztelaniaren nagusitasuna zein euskararen menpekotasuna iraunarazteko erabaki politikoa baizik.

Azken egunotan Hezkuntza, Kirola eta Kultura Saileko arduradunei behin baino gehiago entzun diegu euskararen normalizazioa sustatzeko bide bakarra ez dela dirua inbertitzea eta horretan ados gaude (nahiz eta laguntzen duela esatean ere ados egongo garen!) Euskara normalizatu dadin, eskubide eta betebeharrak arautu egin behar dira eta horrek ez du diru inbertsio handia eskatzen, baina bai ausardia eta borondate politikoa.

Duela 30 urte jarri zen indarrean Hizkuntza Politika eta porrot egin duela gauza jakina da, ez baititu bere helburuak bete. Horren atzean, ez dago diru inbertsio eza soila, borondate politiko eta aitzindaritza falta izugarria baizik.

EAJ, norekin paktatzeko prest zaude zure aurrekontuak onartzeko? Zein izango da euskaldunok pagatu beharreko ordaina?
Korrikaren 18.edizioa abiatzen den egun berean egin da publiko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proposamena eta onartuak izan bitarte, alderdien arteko negoziazio parlamentarioa indarrean izango da. Badirudi, EAJ etxeko lanak egiten ibili dela eta dagoeneko hainbat adostasun eraiki dituela. Nola ulertzen da, bestela, Haurreskolak Partzuergoak-en erdara gehiago erabiltzeko eta murgiltze eredua erasotzeko PP-rekin adosturiko ez-legezko proposamena?

EAJ orain arte egin (ez) denaren erantzule da, Eusko Jaurlaritza gobernatzen aritu den urteetan zehar euskararen normalizazioa helburu duen Hizkuntza Politika ez sustatzeagatik. Hortaz, aurrera begira sinesgarria izan dadin, konpromiso zehatzak hartu behar ditu euskararen normalizazioarekiko eta legealdia amaituta, egindako ibilbidearen ebaluazio publikoa egitea.

Hortaz, EAJri eskatzen dioguna da euskararen normalizazioa errealki ahalbideratuko duen Hizkuntza Politika praktikan gauzatzea da eta horretarako beharrezko baliabideak bideratzea (diru inbertsioa eta borondate politikoa).  

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...