Euskararen aurkako oldarraldi betean aurkitzen garen honetan, euskaltzaleok euskararen eta gure hizkuntza-eskubideen defentsan irmo azaltzeko prest gaudela argi adieraziko dugu egun hauetan. Oldarraldiak askotariko aurpegiak ditu: epai judizialak, hizkuntza-politika kamustuak eta gero eta anbiziorik gabekoagoak, diskurtso mediatiko-ideologikoak…
Une kezkagarrian aurkitzen da euskararen normalizazio-prozesua. Une erabakigarrian. Euskalduntze prozesuan euskalgintzak eta LAB bezalako eragile euskaltzaleok aldarrikatzen dugun jauzia eman ezean, azken hamarkadatan aurreratutako guztia galzorian jauzteko arriskua agerikoa da. Oldarraldi eta eraso horiei aurre egiteko, ez da aski lortu duguna defendatzearekin, bertan goxo geratzea atzerantz egitea da. Horregatik, kalera atera eta euskarari bultzada berria emango dion hizkuntza-politika egokia aldarrikatzeko unea da eta beharra dugu euskaltzaleok. Ikasleak euskaldunduko dituen euskarazko hezkuntzaren alde, nagusiki euskaraz izango den eta euskal kulturaren hedapenerako lagungarri izango den euskal hedabide publikoen alde, eta, euskararen arnasgune diren udalerri euskaldunen babes eta hedapenaren alde ozen aldarrikatzeko unea dugu. Beraz, LAB sindikatutik euskal langileak eta euskaltzaleak orokorrean dei egiten ditugu egun hauetarako deituak dauden deialdietan parte hartzera.
Hona deialdi horiek:
– Osteguna 16, Haur Eskolak Euskaraz Iruñean, 18:00etan Sarasaten, Iruñeko euskalgintzak deitua.
– Ostirala 17, Azterketak Euskaraz!, Euskal Herri osoari mobilizatzeko deia Etxepareko Ikasle Asanbladak luzatua.
– Larunbata 18, Aldatu Gidoia Euskararen Alde, mobilizazioa EITBn euskarak eta euskal kulturak dagokien tokia izan dezaten, 17:30ean Gasteizko Foru Plazan.
– Larunbata 18 Udalerri Euskaldunen eguna, UEMAk antolatua Lesakan.