2024-12-22
InicioIndustriaMetalCondesako lanpostuen defentsan eta lantegiaren bideragarritasunaren alde mobilizazioak

Condesako lanpostuen defentsan eta lantegiaren bideragarritasunaren alde mobilizazioak

LAB eta ELAk mobilizazioak iragarri ditugu Condesa lantegian 800 lanpostu arriskuan daudela salatzeko eta egoerari irtenbide bat topatzeko intentzioarekin. Mobilizazioak datozen lau astetan luzatuko dira eta bitartean bilerak eskatuko dira hainbat eragileekin (Diputazioa, Udaletxeak…) enpresa eta langileen egoera azaldu eta babesa jasotzeko helburuarekin.

LAB eta ELAren irakurketa
CONDESA. KONPONBIDEA ORAIN!

«Jadanik 2 hilabete eta erdi igaro dira, zehazki azaroaren 12an, Condesa enpresak jakinarazi zigunetik Bankuekin nahiz Arcelor Mittal enpresarekin hitzartu zuela hartzekodunen konkurtsoa ekiditeko.

Akordio honi esker, esan ziguten, ez zen inolako arazorik Bankak enpresa finantzatzeko eta Arcelor Mittalek lehen gaiez hornitzeko, jabetzaz aldatzeko unean.

Halaber, dirudienez, hiru lantoki, zehaztearren, Lesakako Zalain Transformados, Berriobeitiko Perfil en Frío eta Legutioko Condesa Fabril Arcelor Mittalen eskura igaroko lirateke. Condesaren beste hiru lantokiek, Saguntoko, Miereseko eta Legutioko Condesa Inox Condesaren esku iraungo lukete.

Dirudienez esan dugu, guri behintzat, Condesak inoiz ez digulako erakutsi aipatu akordioaren edukia zertan den. Hortaz, haien hitzaz eta enpresaz langileek baino gehiago omen dakiten hedabideez fidatu behar dugu.

Jabetzaz aldatzeko data ere eman ziguten: urtarrilak 15.
Bada, enpresak orduan agindu zuenetik ez da ezertxo ere bete. Abenduko aparteko saria kobratu ahal izateko zailtasunak jasan ditugu, enpresak Enplegua Erregulatzeko Espediente berriak eskatu ditu Legutioko lantegientzat. Horren zoragarria izango zen iragarpena, jadanik ez da; begi-bistakoa da urtarrilaren 15a igaro dela eta hemen jarraitzen dugula oraindik. Eta okerrena zera da: enpresa noraezean dabilela iruditzen zaigu. Gure galderei, “ez dakigu” batez erantzuten digute.

Condesak adarra jo digu, eta horretan dirau. Baina tamalez, ez da bakarra.

Duela bi hilabete baino gehiago bilera egitea eskatu genien Eusko Jaurlaritzari nahiz Nafarroako Gobernuari. Oraindik haien erantzunaren zain gaude. Eusko Jaurlaritzak e-mail batez erantzun zigun, ez zuela akordioaren berri eta Condesaren deiaren zain zeudela, jakinaren gainean jartzeko. Dirudienez, oraindik orain deiaren zain daude. Aldiz, Nafarroako gobernua “deituko zaituztegu” esatera mugatu zen. Gaur egun arte.

Horrela jokatuz, langileei, zergen bidez gobernu hauek mantentzen dituzten langileei, izugarrizko begirune eza adierazten diete. Hori eginez, argi eta garbi adierazten digute bost axola diegula. Baina hala ere, ez dira konturatzen argi eta garbi erakutsi digutela herri honetako langileei irtenbideak eskaintzeko asmo politikorik ez dutela, ez dutela alternatibarik, ez eta inolako industria politikarik ere. Eta hori bai da, ELAren eta LABen ustez, benetan larria.

ELA eta LAB ez gaude 800 lanpostu baino gehiago galtzeko arriskuaren aurrean geldirik egoteko prest, 800 familietako bizitzarekin horrela joka dadin. Erantzunak behar ditugu eta eskatzen ditugu. Gure etorkizuna zein izango den ezagutu nahi dugu. Condesa eta erakundeak isilik badaude ere, merezi dugu. ELAk eta LABek, aurrerantzean ere, defendatzen jarraituko dugu Condesaren bideragarritasuna.

ELAk eta LABek, aurrerantzean ere, babestuko ditugu Condesako langileen enplegua eta lan baldintzak. ELAk eta LABek mezu argia bidaliko diegu Condesari, Bankari, Arcelor Mittali zein erakundeei: aurrerantzean ere mobilizatuko gara, enplegua ez dela suntsituko eta gure eskubideak ez direla murriztuko bermatu arte. Gure etorkizunaren defentsan.

Hau guztia dela eta, Condesako lantegietan langileen elkarretaratzeak antolatu ditugu datozen 4 asteetarako. Aste bakoitzean lantoki ezberdin baten mobilizazio bat burutuko dugu. Halaber, hainbat erakundeei (diputazioak, udaletxeak…) bilerak eskatuko dizkiegu egoera azaltzeko eta euren babesa jasotzeko helburuarekin. Ez dugu baztertzen Nafarroako zein Eusko Legelbiltzarreraino gure aldarria eramatea.

Ez bagenu erantzunik jasoko edota jasotakoa langileentzat kaltegarria izango balitz, ez dugu baztertzen mantentzea edota areagotzea mobilizazioen maiztasuna zein euren intentsitatea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...