LABeko Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak hitza hartu du Bruselan, Europako Parlamentuan, pertsona migranteen eskubideen urraketei buruz Herrien Epaitegi Iraunkorrak egindako aurkezpenaren harira. Sindikatuko ordezkariak ohartarazi du migranteen egoera okertu egin dela Euskal Herrian, lan prekarioetatik sasi eslabotzara igaro direlako, eta zaintza, arrantza eta nekazaritza lanetan ibiltzen direla jakinarazi du.
Urtzi Ostolozagak adierazi du klase elkartasuna dela LABen printzipioetako bat, eta bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzea lehentasunetako bat: “Hau lortzeko, sindikalismoa tresna eraginkorra da, eta helburu hori lortzeko ere beharrezkoa dugu burujabetza eskuratzea, herri gisa: Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Marko Propio bat izatea”.
Migranteen egoerarekin lotuta, Huerta de Peraltako adibidea jarri du, LABek gauzatzen duen borrokak emaitza dakarrela islatzeko.