Bizkaiko Metalgintzako langileek mobilizazioa beste biderik ez dute, FVEM patronalak hitzarmen duin bat lortzeko benetako negoziazio bat irekitzeko duen borondate faltaren aurrean. Hori dela eta, sindikatuok agerraldi bat egin dugu Bilbon, patronalaren beraren egoitzaren aurrean, datozen asteetarako deitutako greba egunen berri emateko. Hain zuzen ere, azaroaren 28 eta 29 eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19an izango dira grebak, LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuok deituta. Eusko Jaurlaritzan erregistratu ditugu grebak, eta, oso esanguratsua dena, FVEM-en erregistratu behar genituenean atea itxita topatu dugu. Ez digute ireki.
Greba iragartzeko agerraldiarekin batera, egun osoko mobilizazioak antolatu ditugu gaurko, Bizkaiko Metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Karpa informatibo bat egokitu dugu FVEM patronalaren aurrean, eta, bertan, Bizkaiko Metalgintzako langileez gain, eragile sozialetako ordezkariak izango dira: pentsiodunak, mugimendu feministako kideak eta gazteak, kasu. Mobilizazio handi bat egingo dugu arratsaldean, 18:30ean, Bilboko Euskadi plazatik abiatuta; hots, patronalaren egoitzatik.