M-29ko Greba Orokor arrakastatsuaren ostean, gehiengo sozial batek euren politika neoliberalari ezezko borobila eman ziola ezkutatzeko, kriminalizazio kanpaina jarri zuten martxan UPN eta PP alderdiek. Adierazpen politiko eta muntaia periodistikoen ostean, atxiloketak etorri ziren, 40 osotara, baita isunak ere, 50 baino gehiago.
Berta García eta Oskar Cayon, LAB sindikatuko liberatuak, atxilotutako grebalarietako bi izan ziren. Zitazioa bidali ordez, atxilotu eta komisaldegira eraman zituzten, aipatutako kriminalizazio kanpaina elikatuko lukeen berri morbosoa sortzeko asmo hutsarekin. Formak erabat neurrigabeak ziren, akusazioarekin alderatuta: patronalaren egoitzaren sarreran margoa botatzea.
Orain epaileak Berta eta Oskar absolbitu ditu eta horrek pozten gaitu zalantzarik gabe. Halere, honako galdera hauek egiten ditugu orain: Nola konponduko da eurei egindako kaltea? UPN eta PPk adierazpenik egingo al dute honen inguruan edo isilik geratuko dira?
Azkenik, Nafarroan grebalarien aurka irekitako auzi guztiak artxibatzea eta isunak bertan behera uztea exijitzen dugu.