2024-12-22
InicioMujeresMartxoak 8Berdintasunaren bidean: 35 ordu eta 1.200 euro

Berdintasunaren bidean: 35 ordu eta 1.200 euro

 Izaskun Garcia Bordagarai – LAB sindikatuko, zeharlerroko idazkaria

Aurrekoan, egunkari bateko artikulu batek arreta eman zidan. Izan ere, titularrak, letra beltz eta handiz «emakumeen enpleguak krisiari eutsi eta egonkortasuna irabazten du» aldarrikatzen zuen. Lerroburu triunfalista hori, ordea, ez zetorren bat gaiarekiko dudan pertzepzio eta ezagutzarekin. Emakumeok lan merkatuan, gure egunerokoan pairatzen dugun egoera azaleratzetik urrun zegoen. Artikuluak, krisiaren ondorioz lan merkatu arautuan izandako lanpostuen galera aztertu, eta azpimarratzen zuen gizonezkoenak ziren 100.000 lanpostuen galeraren aurrean, emakumezkoen 14.200 lanpostu baino ez direla desegin. Emakume kolektibo handi bat lan merkatu araututik kanpo lan egitera behartua izan dela ez zen inon aipatzen; horiek ez dira inongo estatistiketan azaltzen. Zertarako aipatu krisia hasi aurretik gizonen okupazio tasa handiagoa zela emakumezkoona baino. Zertarako esan zegoen enplegu duin eta egonkorra suntsitzeko erabili izan dela krisiaren aitzakia. Enplegu hori nagusiki industria sektorean eta gizonek bete izan dutela ere ez zen esaten. Zertarako aipatu galdu diren emakumeen lanpostu gehienak zerbitzu publikoetan egon diren murrizketen ondorio izan direla; hortaz, zertarako esan suntsitu direnak emakumeok lortutako enplegu duinak izan direla eta mantendu direnak, berriz, zerbitzuetako sektorera lotutako lan prekarioak izan direla.

Hau ez da pasarte bakan bat izan. Martxoaren 8a hurbildu ahala, komunikabide askotatik zein instituzioetatik mezu baikorrak plazaratzeko saiakera egin ohi da. «Oraindik egiteke dago, baina aurrera goaz» da nagusitu edo indartu nahi den ideia. Eta mezu horien aurrean berriz ere feministok, sindikatuetako emakumeok, diskriminazioa eta prekaritatea gure hezurretan egunero pairatzen dugun emakumeok… gara alarma gorriak piztu behar ditugunak. Ez da erreza, bai aldiz nekeza, guk hain argi ikusi eta hain gogorki pairatzen dugun errealitatea behin eta berriro jendarte guztiari ikusarazten saiatzea.

Tamalez, oraindik ere, esparru pribatuan egiten diren etxeko lanen zein zaintza lanen erantzukizuna emakumeon gain dago, sistemaren iraupenerako ezinbestekoak diren lan horiei inolako aitortzarik eman gabe, jendarteari zein ekonomiari egiten dioten ekarpenaren aurrean ez ikusiarena eginez. Asko dira eredu horretan eroso sentitzen diren gizonezkoak ere, dituzten pribilegioei heldu eta erantzukidetasunean aurrera urratsak egiteko prest ez daudenak. Ardura horiek nagusiki emakumeon gain egoteak, bidezkoa ez izateaz aparte, gure lan mundurako sarbidea oztopatzen du, eta, lan merkatuan sartzea lortzen dugunean ere, erabat baldintzatzen gaitu.

Egungo sistemarentzat emakumeok lan munduan egotea subsidiarioa da, bigarren mailakoa, gure lana gizonezkoen lanaren osagarri gisa ulertzen baita. Aitortzarik txikieneko eta lan baldintzarik prekarioeneko enpleguetara bideratzen gaituzte. Gure azalean pairatzen dugu ezegonkortasuna, lanaldi partzial inposatuak, soldata arrakala, sexu jazarpena… Bateragarritasunaren kontua ere emakumeon gauza dela ematen du. Emakumeok gara gure enplegua eta zaintza lanak bateratu behar ditugunak, eta eskaintzen zaizkigun aukerek, epe batez bada ere, lan merkatua uztera bideratzen gaituzte, eta lan eskubideetan galerak ekartzen dizkigute. Hainbatetan aldarrikatu dugun aukera berdintasuna lortzetik urrun gaude oraindik.

Emakumeok prekaritatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko nahi gaituzte, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea ukatzen digute, baina ez dugu gure borrokan etsiko. Hierarkia harremanetan ez baizik errespetuzko harreman justuago batzuetan oinarritutako jendarte eta sistema baten alde lan egiten jarraituko dugu, lanaren ikuspegi integrala barneratuz, lan guztien aitortza egin eta egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen lan-harreman eredu berria eraikitzeko. Emakumeok subjektu gara, geure buruaren jabe gara, eta eskubideak ditugu. Dagozkigun eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu. Prekaritatea gainditzeko, lanaren eta aberastasunaren banaketan aurrera egiteko, emakumeok ere 35 orduko lanaldiaren eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapenak gureak egiten ditugu. Inposatzen zaigun lanaldi partzialeko eredu honen aurrean, 35 orduko lanaldia bermatuko digun enplegu duina aldarrikatzen dugu, baita gutxieneko soldata 1.200 euroan ezartzea ere, oraindik asko baitira horren azpitik kobratzen duten emakumeak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...