Azaroaren 18an, Gipuzkoako Bide Garbiketako hitzarmen duin baten alde manifestazioa egin genuen Donostian LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok.
Manifestazioan sektoreko ehundaka langile batu ziren; kale-garbiketa, zabor-bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze-plantak, estolderia, etab lanean ari diren langileak. Hitzarmenaren negoziaketa otsailean hasi bazen ere, Aselip patronalak oraindik ez du proposamen oso eta duinik jarri mahai gainean.
Eros ahalmena bermatuko duen soldata igoera, errelebo kontratua hobetzea, bajak guztiak %100 osagarritzea, lanbide-kategorien egokitzapena, plus berriak sortzea eta, orokorrean, lan-baldintzen hobekuntza bermatuko duen hitzarmena aldarrikatzen dute langileek. Ekainaren 17an egindako manifestazioaren ostean berriz bete dituzte kaleak, eta egoera aldatu ezean, abenduaren 20tik aurrera greba mugagabeari ekiteko deia egin dugu lau sindikatuok.