Sindikatuok eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak Euskal Osasun Zerbitzuaren borondate eza salatu dugu Lehen Arretako arazoei konponbidea emateko orduan. Egoera horren aurrean, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK sindikatuok eta Lehen Arreta Arnasberrritzen plataformak zerbitzu honetako profesionalen eskubideen alde borrokan jarraituko dugula adierazi dugu. Hala, ekintza berrien inguruko informazioa emate aldera, komunikabideei deialdia egin diegu bihar, ekainaren 5ean, 11:30ean, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
Osakidetzak gaurko Osasungintzako Mahai Sektorialean programatutako bilera bertan behera utzi ondoren, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK sindikatuok eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak Osakidetzaren negoziatzeko borondate eza salatu dugu Lehen Arretako gatazkari soluzioak bilatzeko: "Osakidetzak errespetu falta itzela izan du erabakiak hartzea atzeratzeko Mahai Sektoriala bertan behera uztean, unilateralki eta horretarako arrazoirik eman gabe. Hala ere, Lehen Arretan lan egiten duten kolektibo guztientzat eskatutako aldarrikapenei irmo eutsiko diegu".
"Apirileko eta maiatzeko greba egun bien ostean, Osakidetzak langileen aldarrikapenak alde batera utzi eta gai-ordeneko puntu bakarra Lehen Arretako gatazka zuen Mahai Sektorialeko bilera bertan behera utzi duela salatu nahi dugu plataformak eta sindikatuok", adierazi dugu.
Lehen Arretako egungo eredua "guztiz urria" dela adierazi dugu sindikatuok eta Osakidetzari bere jarrera zuzentzea eta profesionalen beharrizanetan oinarritutako konponbideak martxan jartzeko exijitu diogu.