2024-12-22
InicioSecretaríasSecretaría de Euskara Vascuencearen Legea: bidegabekeria lege bilakaturik

[IRITZIA] Vascuencearen Legea: bidegabekeria lege bilakaturik


Nafarroako bokalia Imanok Karrerak eta LAB Irakaskuntzako Iñigo Orellak zerrenda bakarra eta euskararen ofizialtasuna izan dituzte hizpide iritzi artikulu honetan. Era berean, herritar guztiei dei egin diete, bihar, hilaren 16an, 12:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik Kontseiluak zerrenda bakarraren alde, aukera berdintasunaren alde, justizia sozialaren alde eta benetako aldaketaren alde deitu duen manifestazioan parte har dezaten.

Gaur (abenduaren 15a) egun tristea da. Orain dela 31 urte gure Nafarroa maitean Vascuencearen Legea onartu zen. Harrezkeroztik, euskara ofizialtasun osoz baztertzen da herrialdearen zatirik handienean, hizkuntza gutxitua izanik ez da bere sustapena behar den bezala bultzatzen, eta euskaldun gehienen hizkuntza eskubideak urratuak izaten dira legez sistematikoki. Nekez aurki dezakegu XXI. mendeko Europan halakorik: eremu administratibo bakarrean hiritarrek legez eskubide gehiago edo gutxiago dauzkate unean dauden tokiaren arabera, hiru eremu desberdinak bereiziz. Injustizia lege bihurturik. Are okerrago, berdintasun eta eskubide demokratikoetan oinarrituta bidegabekeria zuzendu nahi dugun eragileoi «sektarioak eta baztertzaileak» esaten digute status quo-aren defendatzaileek, eta hainbat euskaltzale, diskurtso euskarafoboak kikilduta, ez dira ausartzen Nafarroako hizkuntza den euskarari ofizialtasuna emanen dion lege berri bat aldarrikatzera.

Urte asko zerrenda bakarraren alde borrokan eman ondoren, lortu dugu eta segituan Vascuencearen Legea deitzen den hizkuntza apartheid-a asmatu zutenek kendu nahi digute. Hain zuzen ere, zerrenda bakarraren etsai guztiek, hau da, berdintasunaren etsaiek Vascuencearen Legea argudiotzat erabiltzen dute. Bunkerrekoek ere esaten dute zerrenda bakarrak Nafarroako populazio gehiena diskriminatzen duela. Hala ere, horietako inork ez du azaltzen, selektibitatean bezala, hautagai guztiek aldi berean azterketa berdina eginda, eta ondoren notaren arabera zerrenda bakarra osatuta, nola demontre diskriminatzen duen. Ez dute azaltzen, benetan ez duelako diskriminatzen. Kontua ez da sektarismoa edo nazionalismoa beraiek dioten bezala, berdintasun eskubidea baizik. Erregimenak argi dauka zerrenda bakarrak orain arteko erdaldun elebakarren supremazia euskaldun elebidunen gainean arrisku bizian jartzen duela. PSNren bitartez, bazterketa legez arautzeko, beharrezkoa zeukaten Ezkerrari amua bota diote eta honek momentuz irentsi egin du. AFAPNA, UGT, CCOO, UPN, PP eta PSNk argi daukate: Nafarroako bi hizkuntza jakiteak bat jakiteak baino gehiago balio behar du, kosta ahala kosta. Badirudi, Ezkerra tranpaz ohartzen ez den bitartean, aldaketa soziala ez sendotzeko eta berdintasuna ez lortzeko UPN, PSN eta PPren erasoa aurrera doala.

Ezkerraren kontraesanak agerikoak eta ugariak dira: zergatik baztertu bakarrik euskaldun elebidunak eta ez beste hizkuntzetako elebidunak? Baliteke Ezkerrari esker laster beste hizkuntzetako irakasle elebidunek ere azterketa bat baino gehiago egin behar izatea. Zergatik bakarrik irakaskuntzan? Nafarroako beste zerrenda guztietan edo Estatuko beste erkidego guztietan ez da baztertzen. Foruzainen legearekin ados ez egoteko aitzakia gehiengo sindikalaren kontrako iritzia izan bazen, zergatik oraingoan gehiengo sindikala aintzat ez hartu irakasleen negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz? CCOOren itzalak zerikusia izanen du nonbait. Inplikatuen iritzia ere ez dute kontuan hartuko? Kaltetutako irakasle plataforma zerrenda bakarraren alde agertu da. Zergatik egin ezjakintasunaren apologia elebakarrei elebidunen aurretik abantaila emanez? Ez da izanen, bada, CCOOren afiliatu gehienak elebakarrak direla eta ohituegiak egon direla Gobernuaren aldetik pribilegioak jasotzen? Zergatik zigortu euskaldun elebidunak bi azterketa eta bi programazio egitera? Hizkuntza gaitasuna derrigorrezkoa den euskara tituluaren bitartez bermatzen da jada. Zer diote Ezker Batua eta Batzarreko oinarriek gai honen inguruan? Zergatik uste dute PPk txalotu duela beraien jarrera? Euskaldunei bi aukera eman nahi dizkielako? Zergatik elebidunak bi aukera ematen dizkien Ezkerraren proposamenaren aurka agertzen ari dira?… Erantzunik ez. Ea hilaren 21ean Ezkerrak ezkerretik aldaketa sozial eta justua bultzatzen duen, edo, aldiz, UPN, PSN eta PPrekin batera lauko berria osatuz, injustizia betikotzen duen.

LABek legegintzaldi honetan jarrera eraikitzailea erakutsi du proposamen ugari eginez. Sindikatuak maiz publikoki aldaketaren gobernuari ausardia eskatu dio hizkuntza bazterketa gainditzeko urratsak egin ditzan. Horrela izan ez denean kritikatu egin du, esate baterako Vascuencearen Legea ontzat eman eta horren barneko aukerak aprobetxatu ez dituen administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua salatuz. Baina oraingoan, irakaskuntzako zerrenda bakarra dela eta, LABek gobernuaren erabakia txalotu nahi du eta bere babes osoa erakutsi nahi dio. Hala ere, aldi berean, gogorarazi nahi dio, zerrenda bakarren aferan, zein euskararekin lotutako gehienetan, Vascuencearen Legea dela behin eta berriz aldaketa justu eta sakona galarazten duen oztopo gaindiezina. Beraz, alda dezagun behingoz bazterketari izaera legala ematen dion legea.

Azkenik, LABek herritar guztiei dei egin nahi die, bihar, hilaren 16an 12:00etan autobus geltoki zaharretik Kontseiluak zerrenda bakarraren alde, aukera berdintasunaren alde, justizia sozialaren alde eta benetako aldaketaren alde deitu duen manifestazioan parte har dezaten. #2dEmanEuskarari.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...