Bizkaian jarraitzen du Ekimen Ibiltariak, "Lan duina, bizi duina" aldarriarekin bueltaka. Bermeora iritsi gara gaur, eta zerbitzu publikoen pribatizazioa salatu dugu; Osakidetzan ematen diren pribatizazioak, besteak beste. Era berean, udal zaharren egoitza hizpide izan dugu, pribatua eta publikoaren arteko gatazkaren adibide, eta arazo hori langileen lan baldintzen eta herritarrek jaso beharko luketen kalitatezko zerbitzuaren kalterako dela berretsi dugu.
Dinamika ibiltaria Bilbora iritsiko da bihar, eta larunbata arte geratuko da bertan. Hain zuzen ere, aldarrikapen eta jardueraz betetako egitarau zabal bat prestatu dugu hiribururako.
Biharko aurreikusitako jarduerei dagokienez, hiriko auzoen arteko ezberdintasunek langileon bizi eta lan baldintzetan duten eragin zuzena azaleratuko dugu. Hala, goizean zehar, auzoetan material banaketa eta furgonetarekin bira egingo dugu.
Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:00ak bitartean, prekarietatearen aurkako gunea egokituko dugu Errekaldeko plazan. Karpan hainbat euskarri eskuratu ahala izango dira, eta hitzartzeak ere aurreikusi ditugu: LAB Pentsionistak arloko kide Karlos Ruizek hitza hartuko du, Oskar de los Bueisek Errekaldeko eskubide sozialen aldeko dinamika aurkeztuko du eta LAB Jangelak arloko Yolanda Formosok "Jantokitik jangelara" dinamikari buruzko azalpenak eskainiko ditu.
Era berean, protestarako tartea izango da. Osasun etxean elkarretaratze bat egingo dugu.