Macron Legeak prekarietatea besterik ez duela ekarriko salatu dugu berriro, joan den irailaren 12an, Baionan, egin bezala. Oraingoan, sindikatuok deitutako manifestazioaren aurretik, LABek ekintza bat egin du Biriatuko ordainsarian. Autoei eta kamioiei ireki diegu bidea, eta Euskal Herria Macronen Legearen eremutik kanpo behar duela egon aldarrikatu dugu. Hendaiako Joncaux industriagunean abiatutako manifestazioarekin egin dugu bat ondoren, eta, bukaeran, Irungo Ficoban, sindikatuko ordezkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza. Ficoban, Frantziako hainbat herritako topagune bat antolatu dute, eta bertan egon da Frantziako Gobernuko ordezkari bat. Hori dela eta, garbi eta ozen esan diogu Parisi Euskal Herriak ez duela Macron Legerik onartuko.
Irungo Ficoba aretoaren kanpoaldean egindako agerraldian, Garbiñe Aranburuk adierazi du Macron Legeak ondorio oso larriak izango dituela lan harremanetan: "Langileak euren eskubideen defentsarako dituzten bitarteko kolektiborik gabe utzi nahi dituzte. Lege honen bidez, patronalari ahalmen gehiago ematea dute helburu".