EUDELen izaera juridikoa, zalantzan jartzen dugu LABen eta beti salatu izan dugu Udalhitz ez dela betebeharreko akordioa. Hau guztia gutxi balitz, EUDELek ez die zentzuzko erantzunik eman 2017ko maiatzaren 12ko bileran LABek egindako eskariei, eta euren jokoan ez jarraitzeko erabakia hartu dugu.
Gainera, bitxia da EAJren jokabidea. PPrekin batera, babesa emango dio Estatuko Aurrekontu Legeari. Lege honek negoziazio gaitasuna mugatuko du eta murrizketak ezarriko dizkigu administrazioko langileoi. Besteak beste, birjartze tasa mantenduko du Lege honek eta, beraz, udalek ezin izango dute lanpostu berririk sortu. Madrilgo PNVk udal autonomiari egingo zaion eraso hau babesten duen bitartean, EUDELeko PNVk dio udal autonomia defendatuko duela negoziazio mahaian. Zein PNVri egingo diogu kasu langileok?
EUDELen jarrera ikusirik argi daukagu euren lehentasunen artean ez gaudela herritarrak eta langileak. Espainiako gobernuak baimentzen dituen “apurrak” baino ez dituzte onartzen udal langileontzat; Espainiako gobernuaren politika antisozialen menpekoak dira. Eta honen guztiaren aurrean, PNV gustora dabil.
Honen guztiaren aurrean, LABek ezin dio zilegitasunik eman horrelako mahai bati. PNVren babesarekin, Espainiako gobernuak ezartzen dio Udalhitzen mahaiari gai ordena, eta hau erabat gaitzesgarria egiten zaigu guri. LABen argi dauzkagu lehentasunak: enplegu publikoa sortu, zerbitzu publikoen aldeko apustua indartu eta pribatizatuak birmunizipalizatu, euskara eta berdintasuna bultzatu eta lan osasuna zaindu, mutualitateak bazterrean utziz. Honen alde jarraituko dugu borrokan.