2024-11-25
InicioAcción SocialGasteizko Legebiltzarrean adierazi dugu trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurreproiektua ez dela...

Gasteizko Legebiltzarrean adierazi dugu trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurreproiektua ez dela inondik inora ere nahikoa parean dugun erronkari aurre egiteko

Gaurko batzordean parte hartu du sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradun Endika Perezek, eta datozen hamarkadetan trantsizio ekosozialista justua aurrera eraman ahal izateko benetan eraginkorrak izango diren politiken beharra azpimarratu du.

Jarraian irakur daiteke osorik LAB sindikatuak Gasteizko Legebiltzarreko batzordera eraman duen proposamena:

«LAB sindikatuaren ustez, Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurreproiektu honek inolaz ere ez dio parez pare ditugun erronkei erantzuten.

LABen kezkaz bizi dugu egungo krisi ekologiko eta soziala. Dugun ardura eta erantzukizunetik diogu hau. Kontziente gara langileon ordezkari gisa egin beharreko trantsizio justu eta demokratikoan gure ekarpena beharrezkoa eta ezinbestekoa dela.

Baina gaur ez gaude horren inguruan hitz egiteko, nahiz eta gure hitzartzea ikuspegi honetan oinarrituta egingo dugun. Gaur, hurrengo hamarkadei begira jendarte gisa dugun desafio handienetako bati- edo handienari- aurre egiteko behar ditugun politika publikoen gidalerroak eztabaidatzera etorri gara.

Aitortzen dugu. Zoritxarrez ez genuen espero akademiaren mundutik, ekologismotik edo LAB bezala hamarnaka eragile sozial, politiko eta sindikalek eskatzen ditugun sakoneko aldaketak irakurtzea lege aurreproiektu honetan. Baina harrituta eta kezkaz jaso dugu aurreproiektu hau. Anbiziorik gabeko testua da, helburu mugatuegiak dituena, modu orokorrean egindako aipamenez gain planifikazio zehatzik gabekoa, aurrekontu eta neurri betearazlerik gabekoa. Testua dagoen moduan onartuko balitz, nekez beteko dira helburutzat hartzen dituen nazioarteko neutraltasun irizpideak. Eta noski, laburregi geratuko da behar dugun bidezko trantsizio ekologiko eta soziala gauzatzeko.

Ez gara gehiegi luzatuko diagnostikoan. 2019an Legebiltzar honek alde guztien babesarekin klima larrialdi egoera onartu zuen (bide batez, larrialdia aipatzen den une bakarra da testuan). Nazioarteko azterketa eta instituzio desberdinak argiak dira. Eztabaidagai dugun aurreproiektuan IPCCren 2018ko txostena aipatzen da. Ordukoan jasotako ondorioak baino askoz adierazgarriagoak eta larriagoak dira 2021ean argitaratu dena. Ez dakigu zergatik ez dagoen horren inguruko aipamenik. Agian da lege aurreproiektu honen gabezi eta ezintasunak azaleratzen dituelako.

Mamira joanda:

  • Gure ustez, ekonomiaren hazkunde infinituaren paradigma alboratu behar da. Oinarri material finitua duen Planetan bizi gara, dagoeneko segurtasun muga ugari gainditu dituena. Esplotazio eta ustiaketa basati honekin amaitu behar da eta Ipar globaleko herrialdeok ardura berezia dugu honetan. Beraz, LABen ustez, klima larrialdiari aurre egiteko politika publikoen xedea, bestelako eredu sozioekonomiko eta energetikorako trantsizioa gauzatzea izan beharko luke. Horrela jasotzen da adibidez Nafarroan onartu berri den klima legean. 2050erako CO² isurien neutraltasuna lortzea ez da nahikoa. IPCCren VI txostenaren arabera ekinbide zehatzak behar dira 2030ean 1,5ºC gainditu ez dezagun.
  • Trantsizioa beharrezkoa dela onartzearekin batera, justizia klimatiko eta sozialean oinarritu beharko genuke eztabaidagai dugun lege hau. Aurreproiektuaren helburuak, testuan literalki agertzen den bezala, nazioarteko irizpideak bete, digitalizazioa eta enpresen lehiakortasuna dira. Gure ustez, energia eskubide unibertsal gisa eta pobrezia energetikoari aurre egiteko moduez aritu behar da, ezein eraldaketan herritarron oinarrizko eskubide sozialak nola bermatuko diren arautuz. Bi erronka hauek ez dira lege-aurreproiektuan une bakarrean ere aipatzen.
  • Modu berean kontsumo energetikoaren murrizketaz aritu behar da ezinbestean. Energia aurreztu eta efizientzian urratsak ematea ez da nahikoa. Esan dugu eta ez gara batzorde honetan aipatu dugun bakarrak: ezin dira isuriak murriztu eta aldaketa klimatikoen inpaktuei aurre egiteko neurriak hartu kontsumo energetikoa murrizteko asmorik gabe. Hau nola egin, nondik hasi eta zein norabidetan gauzatu jaso beharko luke lege honek.

LEGEAREN FORMARI dagokionez, esan dugu ez duela jasotzen planifikazio ezta egutegi zehatzik. Gehiena etorkizuneko araudibideen esku uzten du. Perspektiba feminista urrunetik ere ez duen legea da eta genero berdintasun aipamen bakan batzuk soilik jasotzen ditu. Ez dago inolako neurririk, adibidez, generoen arabera bereizitako inbertsioari buruz, nekazaritza iraunkorra garatzeko, emakumeek lurra eskuratzeko eskubideak sustatzeko edo guraso bakarreko etxeetan pobrezia energetikoko egoerei arreta emateko. Hori gutxi balitz, zigor eta neurri betearazlerik gabeko legea da. Bestelako legeen joera zigorgilearen aurka, kasualitatez honetan ez da zehazten inolako atal zigorgilerik.Lege berriaren ikuskapen, jarraipen eta zehapen-araubidearen aplikazioa nola garatuko den ez jakiteak hutsuneak sortzen ditu, jardunbidearen kontrol soziala mugatzen du eta onartezina den segurtasun juridiko eza bultzatzen du.

Arrazoei helduta, patronalari mesede egiteko lege asmo baten aurrean gaudela uste du LABek. Batzordean egondako Petronorreko ordezkariak legearen norabidea txalotzea argigarria da horretan: enpresei etxerako lanik ez, zigorrik ez eta hori gutxi balitz Hidrogeno berdea, edo lehiakortasuna bermatzeko digitalizazioan sakontzeko diru publikoz hornitzeko asmoak dira ageri direnak. Zergaren atala irakurrita, lasai ibili daitezke gure herrialdeko kutsatzaile handienak diren Petronorreko zuzendari eta enparauak. Gobernu honen marka den kolaborazio publiko pribatuak ardazten du lege proposamen hau ere bai: diru publikoa eta etekin pribatua.

Honaino helduta, begirada aurreproiektu honek jasotzen duen gobernantza eta parte hartze ereduan pausatu nahiko genuke. Hau ere, gobernu honen marka propioa.

Legearen helburua, eredu produktiboa eraldatzea izan behar duela diogu. Eta horretarako bi gauza behar ditugu gutxienez: borondate politikoa eta langileon protagonismoa.

Poztekoa da mugimendu ekologistatik aldarrikatzen diren herritar asanbladen eratzea jasotzea, nahiz eta proposamena egin dutenek ere berau kamutsa eta zehaztasunik gabekoa dela salatu badute ere. Hari honetatik tiraka, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko batek, marko hauen eskumenak zein diren, zer gobernantza-tresnarekin, osaketa nola arautuko den eta are gehiago aholkularitza funtzioa baino, irizpide betearazleak izan beharko luketela ezarriko lukete.

Ba modu berean, ehun sozioproduktiboa eraldatu behar bada, derrigorrez langileon parte hartzearen bitartez egin beharko da. Deskarbonizazio ponentzian ere hala genion LABetik, eta Bidezko Trantsizio Batzordeak eratzeko eskakizuna egiten genuen. Berriz errepikatzen dugu eskakizun hau.

Gehien kutsatzen duten sektore produktiboetako langileen etorkizuna bermatu beharra dago. Eta horretarako, lehenik sektorean eman beharreko eraldaketaren diseinu eta planifikazioaren parte egin behar dira. Besteak beste, jakintza tekniko eta operatiboa duten langileak direlako. Eraldaketa prozesuan modu aktibo eta propositiboan parte hartzeko mekanismoak eraiki behar direlako politika publikoen bidez.

Bigarrenik, hainbat sektore murriztu edota desagertu behar badira, eta desagertu behar dira, bertako langileen prestakuntza eta formakuntzan inbertsio ekonomiko eta teknikoa egin behar da: bestelako sekoktoreetara jauzia egiteko bideak sortuz edota aurrejubilazioak, trantsizioaren inpaktuak leuntzeko laguntza zuzenak eta bizitza duina izateko bermeak ezinbestekoak dira. Ikuspegi ekologikotik ezarritako zerga sistematik finantzatutako funts publikoa sortzea kontenplatu beharko luke legeak, langileak babesteko helburuz.

Hirugarren elementua: murriztu behar diren sektoreak bezala, badira eraldaketa sakonak behar dituztenak eta hazi behar direnak. Azken hauek gainera, oro har zaintzari loturiko sektoreak dira, feminizatuak oro har, prekarizatuak eta karbono isurketa gutxikoak. Eskala anitzeko planifikazio hau garatzeko, proposaturiko Bidezko Trantsizio Batzordeek maila desberdinetan funtzionatu beharko lukete: administrazio, akademia, herritar antolatu eta langileon ordezkaritzak osaturiko espazioak izanik, eskualdeetako plangintzak eratzearekin batera, sektore zehatzeko erkidegoko planifikazioa ere gauzatu lezakete.

Horrela, uko egingo genioke batzordeetan dagoen ikuspegi tekno-optimista, agerian utziz mugikortasunari begirako erronketan lehen neurria ekonomiaren birlokalizazioari begirakoa izan behar dela. Elektrifikazioarekin batera, mugikortasun jasangarriak bere horretan dakarrela bidai laburreko sarea eratzea, bai pertsona zein batez ere merkantziei dagokionez.

Modu berean, bermatuko genuke, neurri guztien oinarrian langileon, hots herritarron gehiengoaren bizi baldintzak bermatzea dagoela. Horra politika publiko eraldatzaileak eta justizia sozial eta klimatikoaren ikuspegitik egiteko aukera.

Eta amaitzeko, langileon protagonismoa eta parte hartzea sustatzeko logika berean, trantsizioa gidatuko duen sektoreetan jabetza eta kontrol publiko eta soziala indartzeko neurriak garatu beharko lirateke. Ezer ez da aipatzen aurreproiektu lege honetan honi dagokionez.

ONDORIOAK: Emergentzia egoera baten aurrean egindako lege hau mugatua da oso. Arrazoia izan daiteke ez dela benetan egoera onartzen edota onartuta ere ez dagoela borondate politikorik hartu beharreko neurriak hartzeko. Bata zein bestea dira larriak eta kezkatzekoak LABen ustez.

Bestelako legea behar dugu. Bestelako politika publikoak behar ditugu. Herritarron eta pertsonen zaintza enpresen lehiakortasun eta ekonomikoen gainetik jarriko duena, ingurunearekiko errespetuan oinarritzen dena eta langile zein oro har akademia, mugimendu sozial eta herritarren parte hartze eta protagonismoa bermatuko duena. Klima lege bat egoera honetara ekarri gaitun sistemaren kapitalista bidegabe eta bideraezin honen oinarriak eraldatzeko bokazioa izango duena. Herritar guztioi oinarrizko beharrizanak asetzeko.

Helburuei dagokionez anbizioa eskatzen diogu legeari: eredu eraldaketari bide ematea.

Formari dagokionez, planifikazioa eta egutegi zehatza jaso dezan, aurrekontu partida zehatzak, atal betearazlea eta jarraipen mekanismoak ezarri ditzala.

Edukiari dagokionez, hazkunde infinituaren paradigma alboratu eta planeta eta herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen politika garatzeko eraikitako legea izan dadila eskatzen dugu: Kutsagarriak diren jardueren zergapetzea, ekonomia birtokiratzeko plan estrategikoa, energia murrizteko neurriak, Funts Klimatikoa, langileon bizi baldintzak babesteko eta sektore estrategikoen jabetza eta kontrol publiko eta soziala indartzeko neurriak.

Azkenik, proposamen zehatzei begira,langileon parte hartzea eta protagonismoa arautzeko tresneria ezarri dezala. Bidezko Trantsizio Batzordeak eratzea galdegiten dugu, bai sektore estrategikoetan nola eskualde mailan.

Orain artekoa eginez emaitza desberdinak lortzea inozoena egitea bada, ausardia eta errotik eraldaketa sustatzeko anbizioa eskatzen diogu lege honi. Bide horretan, LABek ere, duen erantzukizunetik bere ekarpena egiteko prest dago.«

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Los presupuestos del nuevo Gobierno Vasco se han realizado sin participación de las y los trabajadores

LAB muestra su disposición a hacer propuestas concretas junto con la voluntad de abordar el debate de fondo, subrayando que es hora de hacer políticas a favor de las y los trabajadores.

Convocamos huelgas los días 5 y 7 de diciembre en la hostelería de Araba por un convenio digno

Los y las trabajadoras de hostelería de Araba llevan cuatro años sin convenio. Cuatro años sin reducir la jornada, cuatro años sin aumentos salariales y por lo tanto, perdiendo poder adquisitivo. Cuatro años sin nuevas medidas de conciliación, sin nuevos permisos.

Hemos revelado la muerte de 5 trabajadores más en 2024 y exigimos al Gobierno de Nafarroa que adopte medidas que pongan fin a las...

El sindicato LAB ha informado hoy sobre la muerte en 2024 de cinco trabajadores navarros más en accidente laboral, además de los que ya estaban contabilizados. Por tanto, en lo que va de año, Navarra ha superado todas las cifras de los últimos años, con 26 muertes por accidente laboral en 2024. Ante esta grave situación, LAB cree que los intereses corporativos de los empresarios de la patronal CEN y de los sindicatos UGT y CCOO integrados en el Consejo del Diálogo Social no pueden prevalecer sobre la salud y la vida de los trabajadores y trabajadoras, por lo que exige al Gobierno de Navarra que active el Consejo Navarro de Salud Laboral en el que se acuerden las medidas necesarias para corregir la situación.