Zerbitzu sozialen sistema publiko eta unibertsala aldarrikatuz LAB sindikatuak martxan jarri duen “Zaintza zaindu. Langile gehiago, zerbitzu hobea" kanpainaren barruan aurrera daramagun sinadura-bilketak bere egun nagusia izan du gaur, hilak 19. Honetarako, Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan sinadurak jasotzeko mahaiak jarri dira.
Bizitzan zehar, eta hamaika zergatirengatik, gizarte-laguntzaren beharra izan dezakegun egoera gorrietan egon gaitezke: menpekotasuna, babes eza, bazterketa, gabezia materialak edo bortxakeria matxista. Babes soziala eskatzen duten egoerak dira guztiak. Egoera hauei aurre eginez, bizimodu duina, autonomoa eta inguruarekin ondo integraturiko harremanak izateko kalitatezko zerbitzu sozialak behar ditugu.
Tamalez, gaur egun gizarte zerbitzuen egoera oso kezkagarria da. Gizarte laguntzaren eskariak erruz gainditzen du eskaintza. Gainera gizarte zerbitzuetan ematen diren lan baldintzek ezinezko egiten dute laguntza egokia eskaintzea. Egoera hau aldatzeko gizarte zerbitzu publiko eta unibertsalen beharra ezibesteko dela deritzogu.
Kalitateko zerbitzuak bermatze aldera, behar besteko baliabide eta bitartekoak ezartzeak berebiziko garrantzia du. Xede horrekin, gaurko sinadura bilketan, hiru aldarrikapen jaso dira. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentruetan plantilak handitzea. Bigarrenik, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin, administrazioei profilen eta funtzio profesionalen hedapena berma dezatela. Eta hirugarrenik, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.
Datozen egunotan, jasotako sinadurak, EAEko parlamentua eta Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dizkiogu egoerak eskatzen dituen neurriak har ditzaten.