2024-11-22
InicioEnseñanzaEducaciónInposizioei putz eta putz

Inposizioei putz eta putz

Iker Garin eta Aitziber Perez.- LAB Irakaskuntza


Zalaparta handia sortu dute azken egunetan EAEko hezkuntza saileko buru den Cristina Uriarteren ebaluazioaren gainean egindako adierazpenek. Komunikabideetan ezezik, kalean ere aritu da jendea sailburuak esandakoez iritziak trukatzen. Eta ez da harritzekoa, familiak oso kezkatuta baitaude seme-alaben heziketa prozesua hartzen ari den norabidearekin.

Kezkatuta oso, ez baitute nahi euren seme-alaben heziketa prozesu hau hesien salto karrera bat izatea. Ez baitute nahi ebaluazioek sortzen duten etengabeko presioaren baitan ikas-irakas prozesu hau eraikitzea. Egoera hau izanik eta bereziki, aurreko ikasturtean ebaluazioaren gainean sortutako mugimendua baretzeko asmoz bota du titularra: ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ebaluazioa ez da egingo, hurrengo urtean bai, baina bai Lehen Hezkuntako 3. mailakoa. Eta gainera, hauek LOMCErekin zerikusia ez dutela eta gure hezkuntza sistema babesteko eta hobetzeko tresna gisa kokatu ditu. Jada ez gaituzu engainatzen.

Atzera begiratzen badugu, hemeroteketara jotzen badugu, argi ikusiko dugu Hezkuntza Sailak egin duen ibilbidea. Orain dela pare bat urte “LOMCE ez da gure ikasgeletara sartuko“ edota “LOMCEa oharkabean pasako da” edo “LOMCEren aurrean euskal hezkuntza blindatzeko berezko heziketa plana osatuko dugu”, gisako titular ponpoxoak erabili zituen jendartean zegoen kezka baretzeko asmoz. Bada, denborarekin ikusi dugu hau ez dela horrela izan. Aurreko ikasturte amaieran modu oso itsusian eta ezkutuan saiatu zen LOMCEk agindutako Lehen Hezkuntzako 3. mailako froga burutzen. Modu itsusi eta ezkutuan diogu, ez baitzuen argi esan zein heziguneetan egingo zuen froga eta aukeratutako heziguneek pare bat egun lehenago jakin zuten. Zorionez, hezkuntza komunitateak modu eredugarrian erantzun genion azterketa hauei eta plantoen bidez hauek gelditzeko gai izan ginen.

Inposatutako legeari aurre egiteko gai izan ginen, baina neurri batean. Inposizioa, gure heziguneetan atzeko atetik sartu baitzaigu eta jadanik ari gara egoera hori pairatzen.

Ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 3. mailako ebaluazioa, LOMCEtik eratorria, berriz ere egiteko asmoa du Hezkuntza Sailak. Arestian aipatu gisa Lehen Hezkuntzako 6. mailakoa aurten ez, baina hurrengo ikasturtean gauzatzekotan da. LOMCEk proposatutako Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloa indarrean da eta gainera urtarrilaren 18ko berri batek zioen (Noticias de Gipuzkoa): EAEko heziguneetan matrikulatutako ikasleen %20k utzi egiten zutela zikloa eta legeari egozten zion errua. Azkenik, eta biziki kezkatzen gaitu, orain dela aste gutxi EHAO argitaratutako curriculum dekretuak. Bere garaian salatu genuen gisa, LOMCEren itzalean garatutako dekretuak dira (ebaluazio eredua dagokionez, akten ereduari dagokionez, arloen sailkapenari dagokionez…) eta noski, ez diote inolako ekarpenik egiten herri honek behar duen hezkuntza ereduari. Hezkuntza Saila hezkuntza komunitateari bizkarra eman eta norabide okerra hartu du. Noiz eta aukera paregabea dagoenean bizi dugun ziurgabetasuna eta Madrilen dagoen Gobernu-hutsunea probestu eta Heziberri dekretuak Hezkuntza Sistema Propioaren bidean kokatzeko.

Beste zerbait ere esan zuen: “LOMCE legea piskat airean dago”. Edo airean dago, edota lurrean dago. Eta airean badago, eta halaxe da, egoera probestu eta airetik bota behar dugu. Eta horretarako modu eraginkorrena gure bide propioa egitea da. Horrela, aurreko ikasturtean hezkuntza komunitateak hasitako bidean aurre egin behar dela deritzogu. Plantoak modu masiboan artikulatu baina ez soilik fokoa azterketei ipinita, baizik eta modu integralean dekretuei begira, hauek baitira LOMCE euskal lurraldeekin lotzen duten soka.

Putz eta putz egiten jarraitu beharko dugu, airean dagoen globoak airean eta urrutiago jarrai dezan. Baina lan honetan ezin gara hustu, soka moztu ezean jai baitago. Arazoa, ez baita gurea ez den globoa soilik, soka ere bada. Gakoa beraz, globo berriei putz egin eta soka berriak iruten hastean datza. Bide horretan, LAB modu eraikitzailean aritu da eta arituko da lanean. Hezkuntza Sailarekin ere harremanak izan ditugu eta gure proposamenak aurkeztu dizkiogu. Gure eskua luzatu diogu eredu berri horren eraikuntzan elkarrekin lan egiteko, beste eragileei luzatu diegun moduan. Alta, ez dugu erantzun positiborik jaso, alderantziz, hezkuntza komunitateari bizkarra eman eta gure bide propioa egin beharrean LOMCE aplikatzeko apustua egin du. Sailburu anderea, hezkuntza komunitateak ez du nahi hartu duzun bidea, gainera sinesgarritasun guztia galdu duzu, hortaz, etxerako bidea hartu behar duzula pentsatzen dugu.

Hezkuntzarekiko ditugun beharrak, nahiak, ametsak… egingarriak diren heinean, ez dugu uste modurik aproposena Hezkuntza Sailen zain geratzea denik; eurak zer esango zain, zer egingo zain. Gu guztiok, ahoz-aho, putz eta putz mila koloretako globoak puztu behar ditugu, denon airea behar baitugu. Eta globo horiek, tokian-toki, batera- eta bestera, eskuz-esku, ibil daitezen hasiko da LAB sokak iruten. Euskal Herriak behar duen eskola ereduaren gaineko adostasunak landuz eta bilduz. Txikitasunetik abiatuta, bakoitzak bere hariak elkarlotzeko tresna praktiko eta eraginkorrak sortuz. Hezkuntzaren baitan biltzen garenon arteko esperientziak ezagutuz eta elkar-trukatuz…

Guk geuk, herritarrok, hezkuntza eragileok, hezkuntza komunitatea osatzen duen orok osatu eta gauzatu behar baitugu Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua. Denon artean putz eta putz eta iruten!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Los presupuestos del nuevo Gobierno Vasco se han realizado sin participación de las y los trabajadores

LAB muestra su disposición a hacer propuestas concretas junto con la voluntad de abordar el debate de fondo, subrayando que es hora de hacer políticas a favor de las y los trabajadores.

Convocamos huelgas los días 5 y 7 de diciembre en la hostelería de Araba por un convenio digno

Los y las trabajadoras de hostelería de Araba llevan cuatro años sin convenio. Cuatro años sin reducir la jornada, cuatro años sin aumentos salariales y por lo tanto, perdiendo poder adquisitivo. Cuatro años sin nuevas medidas de conciliación, sin nuevos permisos.

Hemos revelado la muerte de 5 trabajadores más en 2024 y exigimos al Gobierno de Nafarroa que adopte medidas que pongan fin a las...

El sindicato LAB ha informado hoy sobre la muerte en 2024 de cinco trabajadores navarros más en accidente laboral, además de los que ya estaban contabilizados. Por tanto, en lo que va de año, Navarra ha superado todas las cifras de los últimos años, con 26 muertes por accidente laboral en 2024. Ante esta grave situación, LAB cree que los intereses corporativos de los empresarios de la patronal CEN y de los sindicatos UGT y CCOO integrados en el Consejo del Diálogo Social no pueden prevalecer sobre la salud y la vida de los trabajadores y trabajadoras, por lo que exige al Gobierno de Navarra que active el Consejo Navarro de Salud Laboral en el que se acuerden las medidas necesarias para corregir la situación.