2024-12-18
InicioAcción PolíticaEuskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu

Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu

LAB eta ELA sindikatuok eta Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako adierazpen bateratua, gaurko agerraldiaren harira:

Azken 40 urteetan euskararen normalizazio politikek, muga eta gabezia guztiekin ere, garapena izan dute hainbat alorretan; lan mundua euskalduntzeko, ordea, enpresen boluntarismoa sustatzean oinarritutako politika apalak soilik garatu dira. Horren emaitza da, ezinbesteko esparrua izan arren, gaur gaurkoz %1era ere ez iristea euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzea. Gainera, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.

Adierazitako egoera kontuan izanik, eta lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko garrantziaz jakitun, orain urtebete ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dinamika bat martxan jarri genuen. Saiakera horren abiapuntua akordioari aukerak ematea izan da. Horrela, hiru eragileek uko egin diogu gure eskaera propioak aldarrikatzeari ekimen honetan, patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon zitezkeen abiapuntu baten bila. Hartara, ELArentzat, LABentzat eta Kontseiluarentzat horrela definitu genuen gutxieneko adostasunak eraikitzeko proposamena50 langiletik gorako lantokietanlangileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean enpresetako euskara-planari buruzko negoziazioa irekitzea. Neurri horrek, enpresa kopuru mugatu bati, baina Hego Euskal Herriko langilegoaren erdiari eragingo lioke.

Ohartzen ginen, proposamen horrek ez zuela enpresa horietan euskara-planak garatzeko bermerik eskaintzen, soilik horri buruz hitz egin behar izatea baitzekarren. Horrekin batera, ohartzen ginen euskara-planak abiatuta ere, halakoetan egin ohi denez, garatu beharreko neurriak adostasunez definitzera eramango gintuela gerora ere. Hau da, enpresak ez dituela konpromiso zehatzetara lotzen. Halere, enpresan euskararen normalizazio-prozesua egituratzeko eta sistematizatzeko urratsa egiteko aukera emango liguke. Enpresetan euskara-planak egin beharra mahai gainean jartzeko lehen urratsa iruditzen zitzaigun. Gainera, sindikatuok eskaera hori ahalik eta enpresa gehienetara eramateko zeregina eta konpromisoa hartu genuen.

Proposamen hori oinarri hartuta, harreman-erronda zabala egin genuen beste sindikatuekin, alderdiekin eta instituzioekin. Harreman horien helburua patronalari luzatu beharreko proposamenak ahalik eta babes eta bultzada zabalena eskuratzea izan zen. Harreman-erronda horren ondotik, sindikatu guztiak eta patronala biltzen dituen lanbidearteko akordiorako mahaia deitu genuen, proposamena bertan adosten saiatzeko. Bertan adostutakoak enpresa guztietan eragiten baitu.

Bada, esan behar dugu, bide honen amaieran Confebasken ateak erabat itxita topatu ditugula. Izatez, lanbidearteko mahaiko bilera egiteari ere uko egin zion. Jarrera ulertezina eta deitoragarria iruditzen zaigu. Halaber, Nafarroaren kasuan, CEN patronalak ez du gutxieneko interesik agertu bide hau jorratzen hasteko. Horrekin batera, hori bezain ulergaitza iruditu zaigu alderdi politikoen aldetik Legebiltzarrean eginiko proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana, ez eta instituzioen aldetik ere inolako babesik eta bultzadarik adierazi ez izana ere.

Horrek guztiak biziki kezkatzen gaitu, ez baitakigu eragile horiek ohartzen ote diren eremu sozioekonomikoa euskalduntzeak zer nolako erronka kolosala dakarren gaur egungo gizartean. Ez dugu ulertzen halako eskaera xumeari, gaia agendan kokatzeari, gaiari buruz hitz egin behar izateari, funtsean, elkarrizketari, ateak horrela ixtea. Eta atsekabetu gaitu gaur egun oraindik ere eragile bakoitza bere lubakitik aritu dela ikusteak, lankidetzarako proposamen zintzoari mesfidantzaz erantzunez.

Horregatik guztiarengatik, euren jarrerak berrikustera deitu nahi ditugu bidean elkarrizketatu ditugun eragile guztiak. Jarrera eta jokabide horiekin, borondate eta konpromiso falta horrekin, ez dugu uste langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzea posible izango denik. Ez gaur egungo baldintzetan.

Gainera, askotan aipatu dugu, baina berriro gogorarazi behar dugu, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzeari begira une edo momentu estrategikoan gaude. Izan ere, datozen bi hamarkadetan Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da. Belaunaldi aldaketa gertatzera doa, eta beraz, abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko. Kontrakoa ere gerta liteke, ordea: neurri egokirik hartu ezean, belaunaldi hori erdaldunduko baitu eremu sozioekonomikoak. Eta, ondorioz, ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak.

Hemen bildu garen hiru eragileon aldetik, argi eta ozen adierazi nahi dugu jasotako ezezkoek ez gaituztela geratuko. Ez dugu etsiko, eta ezezko horrek lantokietan Euskara Planak modu normalizatuan negoziatzea zaildu egingo duen arren, gure aldetik bide horretan urrats berriak egiteko asmo sendoa berresten dugu. Horretarako, ELA, LAB eta Kontseilua aukera eta bide berriak aztertzen ari gara. Oraingoz, CCOOrekin eta Adegirekin izan ditugun harremanetan mahai gaineratutako aukera batzuk lantzen jarraitzeko asmoa dugu. Horrekin batera, aurten Euskaraldia izango dugula baliatuz, enpresaz enpresa bertan parte hartzeko dinamika bateratua martxan jartzeko aukerak lantzen ari gara. Horrela, enpresek Euskaraldian izena eman dezaten lan egingo genuke eta, ondoren, enpresa horietan euskara-planak martxan jartzeko aukerak landuko genituzke.

KORRIKAk herri gogo indartsu eta konprometituaren milaka irudi erakutsi dizkigu. Eta, nola ez, bai eta bi mezu nagusi ere. Batetik, gure hizkuntzaren normalizazio-prozesuak presa duela, hartara, neurriak eta konpromisoak behar dira aurrera egingo badugu. Bigarrenik, hitzetatik ekintzetara jauzia egin beharra aldarrikatu dugu ehunka mila euskaltzaleok. Horrexegatik, beraz, lan munduaren euskalduntzean hitzetatik ekintzetara pasatzeko dei egin nahi diegu eragile guztiei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denunciamos las intenciones del PNV para utilizar EITB en beneficio de sus intereses partidistas

Desde LAB queremos denunciar, una vez más, la intención mostrada por el PNV para utilizar EITB en beneficio de sus intereses partidistas y que, esta vez, además, lo haya manifestado públicamente, sin ningún tipo de pudor y con total impunidad.

La culpa del cierre de la empresa SDA Factory de Gasteiz es de B&B Trends

La dirección ha tomado la decisión de cerrar SDA Factory, la antigua BSH de Gasteiz. Esta empresa con casi 50 años de historia ha pasado los últimos cuatro años en ERTE.

Hemos consiguido medidas para reducir el impacto del ERTE y defender el empleo en la planta de Asteasu de Siemens Gamesa

Para empezar, queremos denunciar que la empresa ha querido negociar a nivel de grupo, imponiendo una mesa negociadora donde la representación de las personas trabajadoras de Asteasu queda disuelta y con una capacidad de influencia muy reducida. La empresa quería una ERTE largo y muy duro para los y las trabajadoras y ante esta situación, además de la denuncia del marco de negociación, LAB ha tratado de minimizar al máximo el impacto de la medida.