Garbiñe Aranburu idazkari nagusia elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, «Faktoria» saioan. Egoera sozioekonomikoari buruz hitz egin du, pandemia dela, Ukrainako gerra dela, beti ere egungo koiunturaren atzean aurretik datorren egiturazko arazo bat dagoela nabarmenduta. «2008. urteaz geroztik, langileok etengabeko krisian bizi garela esan dezakegu. Prekarizazio orokor bat ematen ari da, bizitzako eremu guztietan eragina duena», adierazi du, eta kapitalaren eta bizitzaren arteko talka agerian geratu dela esan du. «Langileek ezin dute beti izan ondorioak pairatzen dituztenak», deitoratu du.
Zentzu honetan, Maiatzaren Lehenean kalera aterako ditugun aldarriak ekarri ditu, sistema errotik aldatu behar dela iritzita. Banaketa hirukoitzaz mintzatu da horrela, hots, zaintza lanen eta enpleguaren banaketari eta ondasunaren birbanaketari buruz: «Kapitalismo sistema honetan ezinezkoa da pertsonen bizitza erdigunean jartzea. Planeta bera ere suntitsen ari da. Honek norabide aldaketa bat eskatzen du, eta honek politika birbanatzaileei buruz hitz egitea eskatzen du».