LAB sindikatuaren eskariz, Hutsun Txalaparta Taldeak harri eta egur txalapartarekin Internazionalaren bertsio bat grabatu berri du. Txalaparta Euskal Herriko musika tresna da, dirudienez sagardogileek sagarrak txikitzean egindako jolasaren bidez sortua. Txalapartak elkartzeko deia zabaltzen du lau haizetara, festarako edota borrokarako.
Bideo hau Nafarroako leku ezberdinetan grabatu da; azken irudiak, Iruñeko Gaztelu Plazan. Iruñea izan zen Nafar Estatuko hiriburu, Gaztelar Armadak 1512an indarrez konkistatu zuen arte. Iruñea da LABek proposatzen duen Euskal Estatu Sozialistaren hiriburu. Euskal herritarren, nafar herritarren, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du LABek, aldaketa soziala gauzatu ahal izateko.
Mundu osoko langileek bere egin duten kantua da Internazionala. Jatorrizko letra, frantsesez, Pariseko Komunako hautetsi Eugène Pottierrek idatzi zuen 1871n. 1888an Pierre Degeyterrek musika ezarri zion. 1892an II. Internazionalak ezagun egin zuen kanta eta ereserkitzat hartu zuen. 1910eko azaroaren 3an mundu osoko langileen ereserki bihurtu zen Copenhageko Kongresu Internazionalean. 1919an III. Internazionalak bere egin zuen eta Sobietar Batasuneko ereserki nazional bihurtu zen, 1943. urterarte. Munduko hizkuntza gehienetan kantatua izan da, tartean euskaraz. Edukiari dagokionez bertsio komunistak, anarkistak nahiz sozialistak egin dira. Bertsio hau, mundu osoko langileei eskainitako omenaldia da.