2024-11-22
InicioSin categorizarAdministrazio Publikoaren inguruko eztabaida ireki eta parte hartzailea ezinbesteakoa da

Administrazio Publikoaren inguruko eztabaida ireki eta parte hartzailea ezinbesteakoa da

LABek Jaurlaritzan dagoen PNVri, bai gainontzeko talde parlamentarioei bertako administrazio eta sektore publikoaren berrantolaketarako prozesu parte hartzaile eta demokratikoa ireki dezatela eskatzen die. Sektore publikoa guztiona da eta, zentzu horretan, herritar, langile eta bere ordezkari guztien parte hartzea ezinbestekoa da.

Atzo, abenduak 9, LABek agerraldia egin zuen Gasteizko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia batzordean EH Bilduko talde parlamentarioaren eskariz. Agerraldiaren helburua Euskal Adminstrazio Publiko Legearen zirriborroaren gaineko irakurketa egin eta ekarpenak plazaratzea zen. Bertan, administrazio publikoan ezezik, sektore publiko osoan Jaurlaritza burutzen ari den berrantolatze prozesuaz ohartarazi genuen.

Zehazki aipatutako egitasmoari dagokionez, planteatutako printzipio nagusi batzuk balekoak izan badaitezke ere (gardentasuna, ebaluazioa, elkarlana, …) horiek egikaritzeko mekanismo zehatzen beharra aldarrikatu du LABek, horretarako eskari zuzena helaraziz, bai Jaurlaritzan dagoen PNVri, bai gainontzeko talde parlamentarioei: ireki dezatela bertako administrazio eta sektore publikoaren berrantolaketarako prozesu parte hartzaile eta demokratikoa. Sektore publikoa guztiona da eta, zentzu horretan, herritar, langile eta bere ordezkari guztien parte hartzea ezinbestekoa da.

Sabin del Bado LABeko Aholkularitza Juridikoko kidearen eta Galder Sierra, LABeko Zerbitzu Publikoetako arduradunaren interbentzioa Gasteizko Legebiltzarrean 

«Gaur hona gatoz LAB sindikatuaren izenean, Sabin del Bado sindikatu honetako Aholkularitza Juridikoko kidea eta ni neu, Galder Sierra, LABeko Zerbitzu Publikoetako Interbentzio Sindikaleko arduraduna, Euskal Administrazio Publikoaren Legearen inguruko irakurketa egin eta horren inguruko ekarpenak egitera. Lehenik, EH Bilduko talde parlamentarioari eskertu nahiko genioke luzatutako gonbidapena eta gaur hemen egoteko emandako aukera. Gure ustez, tamalez, herritarron borondate eta ahotsaren agerleku izan beharko lukeen legebiltzar honek, ez dizkie gustatuko litzaigukeen nahi beste ateak irekitzen herritarroi, eta kasu honetan, langileon ordezkarioi, gure iritzia eta ekarpena jasotzeko. Edozein kasutan eskerrak eman nahi ditugu berriro ere.

Administrazio Publikoaren Legearen irakurketaren muinean sartu baino lehen garrantzitsua iruditzen zaigu egitasmo honen aurkezpenaren testuingurua kokatzea, labur bada ere, ondoren eman nahi den azalpena behar bezala ulertzeko. Azken hilabeteotan sektore publikoaren etorkizuna definituko duten lege edota araudi ezberdinak mahai gainean jartzen ari da Eusko Jaurlaritza: gaurkoan batu gaituen Administrazio Publikoaren Legearekin batera, ezaguna da Sail berbera lantzen ari den Enplegu Publikoaren Euskal Legea; oker ez bagaude, bihar bertan Erkoreka Sailburuak Legebiltzar honetan aurkeztuko duen Udal Legea ere hor dugu; irakaskuntzan, LOMCEaren ezarpenari lotuta garatu nahi den Heziberri proiektuak 92tik datorren legea gaindituko lukeen lege berria egitea aurreikusten du; edota, jakitun gara, 3. sektorea deitu izan denaren eta eredu sozio-sanitarioari lotutako araudia ere gobernu hau lantzen ari denaz. Funtsean, herritarroi dagozkien eskubide sozialak bermatzeko ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen berrantolaketa oso batetaz ari gara.

Egitasmo hauek erkidego honetako sektore publikoaren zutabeak direnak berdefinituko dituzte, edo hori da behintzat Gobernu honen asmoa. Eta gainera inor gutxiri ez zaio oharkabean pasatzen berrantolaketa hau Estatuko araudiak azken hamarkadetan utzi duen joko zelai baldintzatuenean ematera doazela. Edo beste modu batera esanda, PPren gobernua burutzen ari den birzentralizazio prozesu honetan inoizko marjen txikienarekin doa Eusko Jaurlaritza sektore publikoaren berrantolaketa hau burutzera. Esan dezagun, behintzat harritzekoa dela autogobernuaren izenean horrela aritzea; bada, zintzoak izan gaitezen, inongo borondate, jarrera edo estrategiarik ez dugu ikusten inposizio hauei aurre egiteko eta sektore publikoaren berdefinizio prozesu hau bertako herritarrek eta langileek dituzten beharren arabera egiteko.

Eremu oso ezberdinak ukitzen dituzten egitasmoak dira hauek, eta zuzenak izate aldera, oso abiapuntu ezberdinak dituztenak. Beraz, ez gara gu izango guztiekin “tabla rasa” egingo dutenak eta guztiek ezertarako balio ez dutela esango dutenak; baina bai aipatu nahi dugu guztietan eman ari den konstante bat: herritarren, langileen eta bere ordezkarien parte hartze eza. Orain arte ez dugu aipatu Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ematen ari den egoera, baina bertan gertatzen ari dena egitasmo hauekin gertatzen ari denaren erakusle garbia delakoan gaude: sektore publikoari begirako gaien lanketarako, edo ez da langileekin kontatzen, edota deitzen gaituztenean administrazioak aldebakarrez baldintzatzen duen negoziazio-antzezpen bat egiteko baino ez da. Eta hori gure ustez onartezina da.

Eta hori da ere pasa den azaroaren 26an legebiltzarrean aurkeztu zen Administrazio Publikoaren Legearekin gertatu dena. Bere helburuen artean “sektore publikoaren antolaketa”, “administrazioarekiko herritarren eskubideak definitzea” edota “gardentasuna” bermatzeko bitartekoak zehaztea omen dago, baina horren motore diren langileen eta horien onuradun izan behar diren herritarren inongo parte hartzerik gabe ematen ari da. Eta honako hau ez da kontsigna huts bat; sektore publikoa eta gizartearen gobernua ulertzeko modu bat da, edo ikusten ari garenez, gutxienez bi modu, eta oso ezberdinak.

Gainera, eta jada helduko diogu Lege zirriborroaren edukiaren azterketari, bitxia egiten da, hain zuzen ere parte hartzeaz, gardentasunaz eta horrelako terminoez ari garenean horrela aritzea. Edozein kasutan bat etorri gaitezke lege zirriborro honek planteatzen dituen hainbat asmoekin, guk sei ideietan laburbilduko genituzkeenak:

• Zentzuzkoak iruditzen zaizkigu administrazioaren antolaketarako planteatzen diren printzipio orokorrak (hierarkia, ekonomia, sinpletasuna, argitasuna, subsidiariotasuna..);
• Zentzuzkoak ere administrazioaren funtzionamendurako printzipioak; horien artean, legitimitate demokratikoa, iraunkortasuna, hizkuntza-normalkuntza, , gardentasuna, publizitate aktiboa, etengabeko hobekuntza.. (54. artikulua); baita herritarren eskubideen zehaztapena egitearen beharra ere.
• Bat egiten dugu sektore publikoaren kontrol eta ebaluazio beharrarekin.
• Baita politika publikoen planifikazioa, kudeaketa eta ebaluazioarekin ere.
• Eta batez ere herritarren informazio eskubide eta parte hartze printzipioekin.

Baina administrazio publikoaren definizioaz ari bagara, egitasmo honek saihestu egiten dituela funtsezko eztabaida batzuk iruditzen zaigu. Horien artean bat eta nagusia: administrazioaren eta sektore publikoaren helburuak eta lehentasunak zeintzuk diren zehaztea. Hau da, etxea behetik gora eraikitzeko, lehenik eta behin administrazio publikoa den guztion etxe hori, zertarako nahi dugun zehaztu behar dugu. Gure ustez:

– Eskubide unibertsalak bermatzeko.
– Ondasunak modu bidezkoan banatzeko.
– Lidergo politiken bidez euskal ekonomia berpizteko eta modernizatzeko. Estamentu batzuetan esaten ari denaren kontra sektore publikoa ekonomiaren motoreetako bat izan daiteke, horretarako sektore publikoa bera gastu bat bezala baino etorkizuneko inbertsio gisa irudikatzen hasi behar gara.
– Barneko kohesioa bermatzeko, sektore estrategikoak definituz eta bultzatuz.
– …

Hauek dira gure ustez egotzi beharko genizkiekeen helburuetako batzuk. Horretarako, besteak beste, administrazioak herritarren beharrizan eta borondatea izan beharko luke erreferente nagusia arauak ezartzeko orduan. Horretarako, erabateko ahalmen legegilea izatea funtsezkoa da, edo behintzat hori izango balu bezala arautu nahi izatea. Eta urrutiegira joan gabe baditugu horrela funtzionatzen dutenen adibideak. Hori da momentu honetan, aipatutako birzentralizazio prozesu honen erdigunean, gure ustez, euskal esparru ekonomiko eta sozio-laboralaren eraikuntzarekin konprometitua egotea. Gaur gaurkoz, soilik bide honetatik, bertako parametroen arabera funtzionatuz, eraiki dezakegu eredu sozial berri bat; baldin eta benetako asmoa ez bada PPk Espainian indarrean jarri nahi duen eredua errepikatzea, noski. Honek gizarte eta lurralde arteko kohesio ipar izan beharko luke; inplikazio eta parte hartze sozialetik abiatuz eta bertako herri nortasunaren adierazgarri nagusiei (hizkuntza, kultura eta abarrekoei) etorkizun bat bermatuz.

Eremu honen ezaugarritzea, eremuak berak bete behar dituen helburuak zehaztu gabe, hanka motz gelditzen den ariketa da. Edo are okerragoa dena, horren argiak ez diren helburuak asetzea bilatu daitekeela ulertu daiteke; eta horrek, egungo bilakaerari erreparatuta, badakigu zer esan nahi duen: sektore publikoaren ahultzea, pribatizazioa eta eredu enpresarial-neoliberalaren txertaketa bertan egitea.

Gure ustez saihesten den bigarren eztabaida, azken garaiotan administrazio publikoari nahi baino gehiagotan lotuta agertzen den termino bati lotuta dago. Ustelkeriaz ari gara, baina ustelkeria zentzu zabalean, ez bakarrik norberaren edo gertukoen onurak bilatzea, baizik eta botere ekonomiko edo bestelako botereekiko menpekotasunaz jardutea. Eta ideia batzuk proposatu nahi ditugu euskal administrazioetan ere ematen den gaitz honekin bukatzeko:

1. Politikarien eta goi-karguen gardentasunerako neurriak: ondasunen argitalpena (norberarenak eta gertukoenak), inpartzialtasuna bermatzeko neurriak (bateraezintasunak, kontratazio-mahaietan ez parte-hartzea..), ate giratorioak ekiditeko neurriak, goi-karguen ibilbide profesionala argitaratzea, eta abar.

2. Kontratazioari buruzko neurriak: kontratu publikoen enpresa esleipendunen datu guztiak argitaratzea (iraganean izandako kontratuak, zuzendaritza organoen partaideak eta hauek izandako kargu politikoak edota publikoak eta haien senideenak, azken urtetan izandako etekinak, egindako kontratuetako gertaturiko gain-kostuak…)

3. Diru-laguntzei buruzko neurriak ere beharrezkoak ikusten ditugu: diru-laguntzen onuradunen zerrenda publikoak –diru-kopuru batetik aurrera edota administrazioengandik diru-laguntzak eduki dituzten urte kopuru batetik aurrera– (iraganean izandako diru-laguntzak, zuzendaritza organoen partaideak eta hauek izandako kargu politikoak edota publikoak eta haien senideenak eta abar).

4. Azpiegitura handien, kontratu esanguratsuen (osasungintzako kontzertazioa edo zerbitzu sozialen prestazioa, esaterako), ingurumen proiektu handien eta abarren auditoria sozialak egitea.

Lege zirriborro honetan jasotzen ez den hirugarren eztabaida, eta honakoa bereziki larria iruditzen zaigu, balekoak diren aipatutako printzipio horien gauzapenerako (parte hartzea, gardentasuna eta abarrekoak) mekanismoak, edo ez aipatzea edota oso azalekoak planteatzea dira (120 art. kasu). Eta gainera planteatzen denetan ez dira erabakitzaileak. Horrelako ariketa bat egitera bagoaz ezinbestekoa da herritarron eta eragile sozialen parte hartze demokratikorako bitarteko eraginkorrak zehaztea, bestelakoan marketing ariketa hutsa egitera doanaren sentsazioa gailenduko zaigu guztioi.

Laugarrenik: gure ustez, horrelako lege baten eragin eremua zabaldu beharko litzateke, bai Eusko Jaurlaritzaren menpeko den eta ez den gainontzeko administrazioari dagokionez (Unibertsitatea, udal eta foru administrazioa, kasu), bai honen eragin pean dauden zeharko entitateei dagokienez. Lehenengoei dagokionez, ariketa hau, besteak beste, udal eta foru administraziora zabaltzea eskatuko luke, bertan inplikatuak dauden beste eragileei parte hartzea zabalduz; ez Enplegu Publikoaren Legearekin egiten ari den bezala. Eta zeharkako entitateei dagokionez, bada garaia administrazio publikoaren parean dagoen pribatizatutako administrazio paraleloa, behintzat irizpide berdinekin arautzen joateko. Kontrol publikorik gabeko, edo behintzat oso azaleko kontrol publikoa duten, entitate ugarirekin aurkitzen gara, non diru publikoa barra-barra inbertitzen den, ondorenean, diru horren eta eskaintzen den zerbitzuaren kontrolik egiten ez delarik. Gure ustez hau onartezina da. Onartezina den bezala zerbitzu hauetan bi kategoria eta lan baldintza motak dituzten langileekin topo egitea: batetik, administrazio edo ente publikoena, eta bestetik, azpikontratatutako enpresena.

Bosgarrenik: aipamenik ez da egiten gizarte ekimenez edo herri eragileen bultzadaz gauzatzen diren zerbitzu publikoei. Europa hegoaldean, eta batez ere Espainian eta Frantzian, nagusitzen den “titularitate publiko vs. titularitate pribatuko” eredua kalkatu egiten du Eusko Jaurlaritzak. Ondo egingo luke, esaterako, herrialde nordikoetan horren errotua dagoen hirugarren sektorearen arautzeari erreparatuko balio. Gure ustez, sektore publikoaren parte izatea definitu beharko lukeen irizpide nagusietakoa gorago aipatutako helburuen arabera aritzea izan beharko luke. Inori ez zaio oharkabean pasatzen gure herrian badirela horrelako hainbat ekimen gaur gaurkoz oraindik beraien jarduera behar bezalako egonkortasun batekin garatzeko oinarrizko erreferentziazko araurik ez daukatenak. Eta lege zirriborro hau dagoenean utzita, arazo hori gainditzeko aukera paregabea pasatzen utziko litzateke.

Eta seigarrenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa: euskara eta hizkuntza normalizazio prozesua. Orain dela egun gutxi euskararen eguna ospatu berri dugu eta ekimen instituzional ugari ikusi ahal izan ditugu euskararen goratzea eta normalizazio beharra aldarrikatzen zituztenak. Batzuetan eta besteetan, instituzioek zama nagusia, erabilerarengan kokatzen zuten; herritarren erabileran noski. Ez gara gu izango erabilera horren garrantzia ukatuko dutenak, baina bakoitzari berea dagokio, eta euskararen normalizazioa helburu, herritarroi erabiltzea dagokigun bezala, administrazioari hori bultzatzeko politikak zehaztea dagokie; baita administrazio publikoetan ere. Zentzu horretan, zehazgabetasunez beteriko dokumentua da aurkeztu zaiguna:

• Ko-ofizialtasunaz hitz egiten da, baina ez da inongo urratsik ematen euskara etorkizuneko zerbitzu eta lan-hizkuntza izan dadin;
• Langileen euskalduntzea progresiboa izan behar bada ere, ez da finkatzen azken helburua; alegia, langileok herritarrei arreta egokia egiteko gaitasunak izan behar ditugula, izan hizkuntza-gaitasunak, izan bestelakoak;
• eta batez ere, ez da ezartzen etorkizunari begira eraginkorra izango litzatekeen neurria: lehentasunezko hizkuntza euskara izatea.

Gaurkoan, ekarpen eraikitzaileak eta proposamen zehatzak egiten saiatu gara. Eskuartean dugun gaiak guztioi erantzunkizunez jokatzea eskatzen digu. Baina proposamen eraikitzaileagoak eta zehatzagoak egin ditzakegu ere. Horretarako enplazamendu zehatza egin nahi diogu Gobernuan dagoen alderdiari eta legebiltzarrean ordezkatuak dauden talde parlamentarioei: ireki dezatela herri honek behar duen sektore publikoa eta administrazio publikoa zehazteko eta guztion artean erabakitzeko prozesu parte hartzailea. Zerbitzu publikoak guztionak dira, eta langile publikoak hori gauzatzeko berebiziko ardura dugu. Baina ez bakarra. Administrazioari dagokio hori era zabalean adosteko bitartekoak martxan jartzea. Eta ez dugu balekotzat emango gaurkoa bezalako saioek hori jada bermatzen dutela entzutearekin. Hori demagogia hutsa litzateke, eta esan dugun bezala, guztioi arduraz jokatzea dagokigu. Gaurkoan LAB sindikatuak eztabaida horretan izango lukeen posizioa azaltzen saiatu gara baina hori ez da soilik sindikatu honen eta administrazioaren arteko eztabaida, ezta sindikatu guztion eta Jaurlaritzaren artekoa ere, sektore publikoaren eraikuntzan inplikatuak gauden herritar eta eragile sozial eta politiko guztiona baizik.»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Los presupuestos del nuevo Gobierno Vasco se han realizado sin participación de las y los trabajadores

LAB muestra su disposición a hacer propuestas concretas junto con la voluntad de abordar el debate de fondo, subrayando que es hora de hacer políticas a favor de las y los trabajadores.

Convocamos huelgas los días 5 y 7 de diciembre en la hostelería de Araba por un convenio digno

Los y las trabajadoras de hostelería de Araba llevan cuatro años sin convenio. Cuatro años sin reducir la jornada, cuatro años sin aumentos salariales y por lo tanto, perdiendo poder adquisitivo. Cuatro años sin nuevas medidas de conciliación, sin nuevos permisos.

Hemos revelado la muerte de 5 trabajadores más en 2024 y exigimos al Gobierno de Nafarroa que adopte medidas que pongan fin a las...

El sindicato LAB ha informado hoy sobre la muerte en 2024 de cinco trabajadores navarros más en accidente laboral, además de los que ya estaban contabilizados. Por tanto, en lo que va de año, Navarra ha superado todas las cifras de los últimos años, con 26 muertes por accidente laboral en 2024. Ante esta grave situación, LAB cree que los intereses corporativos de los empresarios de la patronal CEN y de los sindicatos UGT y CCOO integrados en el Consejo del Diálogo Social no pueden prevalecer sobre la salud y la vida de los trabajadores y trabajadoras, por lo que exige al Gobierno de Navarra que active el Consejo Navarro de Salud Laboral en el que se acuerden las medidas necesarias para corregir la situación.