LAB sindikatuko Helduak eta Pentsiodunen arloko kide Xabier Isasa Garmendiak, Jose Felix Aguilera Iturbe-Ormaetxek eta Kolo Uriarte Ballarenak urtarrilaren 26rako EAEko gizarte zerbitzuen sektorean deitutako grebari buruz idatzi dute. «Pandemiak eta pertsonen osasunean eta bizitzan dituen ondorioek zaintza-eredu berri bat eraikitzeko beharra berresten dute», iritzi dute.
Hauxe da iritzi artikulua:
Duela 10 urte baino gehiago hasi ginen pentsiodunak antolatzen Gizarte Zerbitzuen eremuan. 2008. urtean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Administrazioak Zerbitzu Sozialen Euskal Legea onartu zen zeinaren helburu nagusia Prestazio eta Zerbitzu Sozialak eskubide gisa bultzatu eta bermatzea zela aitortzen zuen. Lege honen printzipioen artean, ardura publikoa, berdintasuna, hurbiltasuna eta bereziki, jendartearen parte hartze kolektiboa kokatu ziren. Eta aitortuko dugu, gure borrokarentzat helduleku garrantzitsua bilakatu zela·
2016. urtean gure aldarrikapenei bultzada juridikoa ematen zion zehaztapen berri hauxe etorri zen: “legeak jasotzen dituen eskubideak, subjektiboak eta unibertsalak izango dira”. Horrek esan nahi du, erresidentzietako edo eguneko zentroetan plaza bat lortzea edota etxeko laguntza eskuratzea, herritar guztion eskubide unibertsala dela; ezin dutela aurrekontuen menpe egon. Ordutik aurrera, zerbitzu edo prestazio horiek jasotzeko eskubidea urratuz gero, bide administratiboa edo judiziala exijitu ahalko da, eskubide unibertsala urratzen dela ulertzen delako.
Azken urteetako bilakaera aztertuta, ordea, argi gelditu da Legea ez dela betetzen. Pentsionistok duela hamarkada batetik lanean gabiltza legearen gabeziak edo hutsegiteak identifikatzen, salatzen eta konpontze aldera proposamenak egiten. Adibide batzuk aipatzekotan, esanguratsua da kopagoaren aurkako borroka; Zerbitzu Sozial eta Zaintza Sistema Publiko, unibertsal eta doakoaren aldeko lan dinamikak; zahar egoitzetako erabiltzaile zein euren senideen egoeraren salaketa; 2010etik Diputazioek martxan jarritako Zahar Egoitzen pribatizazio prozesuaren ondorioen arbuiaketa…
Pribatizazioaren ondorioak larriak dira erabiltzaile eta langileentzat: lehenengoarentzat, zerbitzu kaxkarragoa jasotzen du, gero eta garestiago ordainduz; bigarrengoentzat egoera gero eta prekarioa da (ratio bidegabekoak, soldata eskasak, kudeatzaileen irabaziak onartezinak….).
Azpimarratu behar da 65 urtetik gorako pertsonen artean, gutxiengo bat dagoela erresidentzietan. Orduan… non daude beste pertsona nagusiak? Etxean, bai, baina osasuntsu edota menpekontasun egoeran dauden kontutan hartu gabe. Norberaren autonomia murriztu duenak beste baten laguntza behar du eta eskubide subjektibo eta unibertsala den hori, nork bermatzen du? Nork betearazi?
2016.urtean sortu zen Babestu, Egoiliarren senitartekoek osatutako elkartea, zahar egoitzetako langileen greba luze eta gogor baten erdian. Bizkaiko Pentsionistak Martxan eta Babestu elkarteak honakoa esan genuen garai hartan: “Egoitzetako langileriaren aldarrikapenak, zalantzarik gabe, babesten ditugu, horien betetzeak, egoiliarren zainketa hobetuko duelako”. 2021.urtean, hitzok berresten ditugu.
Osasun krisiak lehendik zetorren zaintza krisia azeleratu eta ikusgarriago bilakatu besterik ez du egin, arazoa estrukturala baita: ez dago zaintza sistema unibertsal, publiko eta doakorik; herritarron eskubidea ez dago bermaturik.
Bitartean pandemiaren errealitate gordinaren ondorioz, 2020ren bukaerarako, Hego Euskal Herriko nagusien egoitzetan 1504 hildako izan dira. Epe horretan hil diren guztien %30a.
Oso gogorra egiten zaigu, arazo honi dagokionean, Zerbitzu Sozialen Euskal Legeak defendatzen dituen irizpideak, kea besterik ez direla ikusteak.
Langileen eta erabiltzaileen salaketa etengabea da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren, Foru-Aldundien eta udal-erakundeen aldeko apustua irmoa ere kudeaketa pribatuko eta erregulazio egokirik gabeko gizarte-zerbitzuen eredu berria defendatzeko. Eredu horrek ez du zaintzen, baztertu egiten du.
Pandemiak eta pertsonen osasunean eta bizitzan dituen ondorioek zaintza-eredu berri bat eraikitzeko beharra berresten dute, oinarri eta irizpide bakar gisa zaintzak behar dituzten pertsonak zein zaintza horiek bermatzen dituzten pertsonak izanik haien funtsezko ardatza, euskal sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta kudeaketa zuzeneko bat sortuz.
Testuinguru horrek inflexio-puntua izan behar du langileek, erabiltzaileek eta herritarrek jendarte eta zaintza-zerbitzuen eredu berria exijitzeko. Horregatik, pentsiodunak urtarrilaren 26ko (eta baita martxoaren 4ko) grebaren testuinguruan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.