Nafarroan ikasgeletara itzultzeko egun gutxi falta direnean, LABek kezka agertu du Segurtasun eta Osasun Batzordean dauden delegatu sindikalekin adosturiko segurtasun-planik ez dugulako, Laneko Arriskuen Legean zehazten den bezala. Horrez gain, ikastetxeetako zuzendaritzen bizkar gainean utzi dutelako kasu bakoitzean zer egin erabakitzeko ardura.
Hezkuntza Departamentuak Nafarroan irakaskuntza presentziala emateko baimena eman du ekainaren 1etik aurrera, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, euren borondatez, ikasgeletara joan daitezen unibertsitaterako sarrera froga prestatzera. 48/2020 Foru Aginduak hizkuntza-eskola ofizialetako eta Zubiarte Euskaltegiko azterketak presentzialak izatea ere ahalbidetzen du.
Foru agindu horren arabera, ikastetxeetako zuzendaritzek erabakiko dute zein langile itzuliko diren ikastetxeetara eta haiek arduratuko dira osasun-babes neurri guztiak hartzeaz.
Gelak irekitzeko egun gutxi falta direnean, oraindik langileekin adostutako prebentzio eta segurtasun planik ez dagoela salatu nahi du LABek. Badakigu Ministerioko prebentzio eta higiene neurri sanitarioak bidali zaizkiela zentroei. Neurri horiek, ordea, orokorrak dira eta ez dute zehazten egoera zehatzetan zer egin, esate baterako klaustro deialdia baldin badago. Horrekin batera, Foru Agindu honek zuzendaritza-taldeen gain jarritako erantzukizuna salatu nahi dugu, haiek osasun-teknikari kualifikatuak ez baitira. Gainera oinarrizko neurri batzuk ez dira hartuko, adibidez testak eta tenperatura neurketak egitea eta hori guztia arinkeriaz jokatzea dela deritzogu.
Halaber, nabarmendu beharra dago Foru Agindu honetan ez direla irakasle ez diren langileei buruzko neurriak aipatu ere egiten, ez langile horiek berriz laneratzeari buruz, ez haien funtzioei buruz ez eta horiek gauzatzeko behar diren prebentzio-neurriei buruz ere. Badakigu kasuren batean zaintzaileak lanean ari direla, materialak garbitzen, baina irakasleekin koordinaziorik izan gabe. Hori dela eta, LABek azpimarratu nahi du ikastetxeetara dei egiten zaien langileak langileek, irakasleak zein irakasle ez direnak direnek, beren lanpostuekin zerikusia duten lanak egin behar dituztela, eta ez beste zeregin batzuk, hala nola garbiketa edota desinfekzio lanak. Ikastetxeetara langileak ez dagozkien eginkizunak betetzera bidaltzea salatzen dugu, ez baitago hori arautzen duen foru-agindurik ez eta bidezko neurririk ere.