2024-12-21

Euskal Herria – New York

Jule Goikoetxearen post-a Naiz.info-ko Temati-ka blogean, "Euskal Estatuari Bidea Zabaltzen" liburuko hainbat lanen aurkezpenaz Columbiako unibertsitatean. Joan den astean New Yorkeko Columbia Unibertsitatean burutu Nazioarteko kongresuan egindako azalpen eta eztabaiden berri ematen du egileak.

Temati-ka
EGILEA: JULE GOIKOETXEA


«New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Nazioarteko Kongresuan izan ginen joan den astean Euskal demokraziari buruz, edo Frantziar eta Espainiar auziek Euskal Herrian dituzten ondorioei buruz, hitz egiteko. “State, nation and demos building: Basque democratization and power-sharing” izena zuen Euskal Herriko Unibertsitatetik joandako irakasleen panelak.

Asier Blasek Euskal Herrian dauden identitate edo nazio desberdinen (euskalduna, espainola eta frantsesa) eta horiek gizarte antolaketan, ordezkaritza politikoan eta barne botere banaketan duten eragina azaldu zuen. Identitate nazional ezberdinen arteko gatazka akordio konsoziazionalaren bidez bideratzea proposatu zuen. Sistema demokratiko konsoziazionalek gehiengo eta gutxiengoen arteko akordioak bermatzeko erraztasun handiagoa dute, gehiengoak uko egiten baitio bere erabateko nagusitasun kuantitatiboa hainbat esparrutan egikaritzeari, gutxiengoarekin boterea partekatzera konprometituz.

Blasen esanetan sistema konsoziazional hori Euskal Estatu batean litzateke posible, ez Espainian eta Frantzian, horiek nazio espainola eta frantsesa, hurrenez hurren, besterik onartzen ez dutelako. Euskal Estatu batek dinamika konsozionala ezartzeko baldintza egokiagoak eskaini ditzake, Euskal Estatuak dimentsio txikia izango lukeelako barne boterearen partekatzea erraztuz, eta, bigarrenik, ez kultura ezta erakunde politiko jakobinorik ez dugulako.

Nire aldetik, eta 80. hamarkadatik Euskal Demokratizazioren azterketa enpiriko batetik abiatuta, Euskal Estatu Erakundeen garrantzia azpimarratu nuen. Euskal demosa birsortzeko eta berregituratzeko ezinbestekoak dira berezko estatu erakundeak, demosa bere burua autogobernatzeko prest dagoen komunitate politikoa baita. EAEn Euskal demosa sortu eta birsortzeko Estatu Erakundeen garapena ezinbestekoa izan da, hala nola, Espainiarekiko osasun, hezkuntza, berrikuntza eta produkzio sistema, nahiz egitura sozio-ekonomiko desberdindua garatu ahal izateko, eta, horrekin batera, klase sozio-ekonomiko euskaldunak birsortzeko. Hots, Euskal demokratizazio prozesua abian jarri eta irmotzeko.

Lurralde-eremu konkretuetan ematen diren desberdintasun instituzional eta sozio ekonomiko objektiboek nortasun subjektiboak berrartikulatzen dituzte, bereizketa politiko (nazional) zehatzak sortu eta birsortzeko ahalmena dutelarik. Gaur egungo Europan, bereizketa politiko-nazionalek Estatu Erakundeen bidez baino ezin daitezke bihurtu botere egitura objektiboetan, hau da, sistema demokratiko berezituetan. Ezin da beraz Euskal demokraziarik egon, Euskal Estaturik gabe.
Mario Zubiagak, ildo beretik, demokratizazio prozesuetan oro har gizarte zibilak betetzen duen papera aurkeztu zuen (geure bitartekaritzaz). Demokrazian ekintza kolektiboak eta gatazka politikoak duten garrantzia azaltzeko, 80. hamarkadatik Euskal demokratizazio prozesuan euskal gizarte mugimenduek izan duten eragina eta beren ezinbestekotasuna azaldu zuen. Nik azaldutako Euskal erakundetzearen garrantzia aintzat hartuz, desobedientzia zibilaren logikak eta botere paradigma ezberdinen arteko erlazio kontraesankorrak Euskal demosaren birsortzea hezurmamitzeko derrigorrezkoak izan direla azpimarratu zuen, protesta eta ekintza kolektiborik gabe demokraziarik ezin daitekeelako egon.

Iñigo Urrutiak, Zelai Nikolas eta Jon Iñarriturekin batera, Espainiako blokeoaren aurrean autodeterminazio eskubideak eskaintzen dituen bideak azaldu zituen. Nazioarteko zuzenbideak azken hamarkadetan hartutako erabakien arabera autodeterminazio eskubidea ezin da jada estatuen lurralde osotasunaren printzipioarekin mugatu. Sezesio prozesuen zilegitasuna erabilitako (lege) titulu zilegian eta jarraitutako prozedura demokratikoan datza. Azkenaldian nazioartetik eman diren interpretazioei so eginez gero, gaur egun ezin da esan sezesio prozesu demokratikoak nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak direnik. Azkenik, Europar Batasunak horrelako gatazkak bideratzeko bete behar duen papera nabarmendu zuen. Hala nola, Kosovo eta Serbiaren arteko akordioan bete duena.

Nazioartean Euskal Kasuak orain arte sortzen zuen deserosotasuna gainditzea da helburua. Posiblea da, eta aurrerantzean egin beharko diren negoziazioetan ez galtzeko, ezinbestekoa ere bada. Halere, Euskal Herrian ditugun Espainiar eta Frantziar auzi biak Euskal Estatuaren aldeko gehiengoa lortzen dugunean konponduko ditugu. Ez lehenago, ezta geroago ere.»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha trasladado a Osalan la hoja de ruta contra la violencia machista,para su integración en el sistema de prevención en los centros de...

Este viernes el sindicato LAB ha presentado en el consejo general de Osalan un plan para integrar el riesgo de violencia machista en el...

LAB llama a la ciudadanía navarra a participar en la manifestación de este sábado por el futuro de la planta de BSH en Ezkirotz...

Tras el anuncio por parte de la multinacional BSH de que va a cerrar su planta de Ezkirotz los trabajadores y trabajadoras respondieron con...

Reivindicamos la vuelta a casa de las y los presos y la solución definitiva en las capitales de Hego Euskal Herria

Los sindicatos, junto con Sare Herritarra, hemos llevado a cabo hoy movilizaciones en Bilbao, Donostia, Gasteiz e Iruñea para pedir que se acelere el...